Eta zuk… zer galdu duzu?

NEKANE GONZALEZLagun batek giltzak galdu ditu egunotan. Beste batek, berriz, hurbileko senitarteko bat. Lehenengoak, hasierako larritasunak, non-nola-noiz galderei erantzun nahiak, bilaketak, ezin aurkituak eta bestelako inguruabarrek eragindako gorabeherak salbu, bere betiko bizimoduarekin jarraituko du. Bigarrenak, esan beharrik ez dago, ezingo du horrelakorik egin, nahi izanda ere. Bere bizitza, aurrerantzean, ez da orain artekoa bezalakoa izango. Izan ere, eta fribolitatean oinarrituta aritzeko inolako asmorik gabe, galerak eta galerak daude, gauza, iritzi, ezagutza, jabetza eta helburu guztietan mailak eta mailak dauden bezalaxe.

Dena den, bi kasu horiei topatzen diedan antzekotasun bakarra halabeharra da. Halaxe gertatu beharko zuen, eta, tamalez, halaxe izan da. Eta gisa horretakotzat dauzkat beste hainbat eta hainbat galera mota ere. Badaude, baina, bestelako galera edo galarazi behar batzuk, halabeharrak bultzatutakoak izatetik oso urrun daudenak.

Joan den ostiralean, esaterako, aparkatuta zeukaten kotxea edo ibilgailua bere tokian ez zegoela jabetu ziren pertsona batzuk. Diru kontu ugari ere blokeatuta edo bahituta zituztela ohartu ziren mordoxka bat. Soldatatik dirua kentzeko asmoz, lan nominetan eskua sartu zietela ere ikusi zuten batzu-batzuek, bai eta lokalak, etxebizitzak eta beste hainbat higiezin hauteman zizkietela ere. 50etik gora preso ohi izan ziren galerak izan zituztenak. Helburua? Zortzi milioi euro lortzea; hasiera batean, behintzat, inolako agindu judizialik gabe. ETAren biktimekiko zorra kitatzeko zerga moduko bat kobratzeko prozedura omen. Izena ere halaxe jarri diote (Zerga) Espainiako Poliziak eta Espainiako Auzitegi Nazionalak lankidetzan hartutako erabakiari eta gauzatutako ekintzari.

Iraganeko sokak ez du amairik. Eta auzia ez da sekula amaituko, batzuek amaitzea nahi ez badute. Nora joan behar den jakitea bezain garrantzitsua omen da nora itzuli behar ez den jakitea. Eta bi aukera daude hor: 1) Oraindik ez dakite nora itzuli behar ez den, edo 2) Justu horixe nahi dute, berriro hartara itzultzea. Ez baitu bestelako justifikaziorik hainbeste eta hainbeste urtetako nahas-mahasari amaierako puntu beltz handia jarri nahi ez izateak, noiz eta alde batek dagoeneko puntua idatzi duenean, eta beste aldeari puntu hori letra lodiz idaztea besterik falta ez zaionean. Zer egingo diogu, bada… putzu lehorretik ezin urik atera. Aldebakarreko ahaleginak beti izaten dira antzuak, ikusi nahi ez duenak begiak ixtea erraza baitu. Baina beste aldera begiratzeak ez digu ezer onik ekarriko.

Izan ere, zein da horren guztiaren ondorioa? Galerak, eta galerak besterik ez. 50 pertsona horiek jabetzak eta dirua galdu dituzte. Galdu dute egonkortasuna eta lasaitasuna. Baina euren galera pertsonal izugarriaz gainera, gure gizarte osoak ulertzeko eta sinesteko gaitasuna gal dezake, pazientzia gal dezake, kemena, helburuak lortzeko itxaropena, duintasun apurtxo bat… Onar dezagun, Madrilek martxa honetan jarraituz gero, euskal gizarteak asko du galtzeko oraindik. Ez ahal dugu bururik galduko!
Eta zuk… zer galdu duzu?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>