Antzerkia zen bidea

Beainolak taularatutako  ‘Osaba’ lana. Estanis Agirre, makurtuta, eskuinetik bigarrena.

Beainolak taularatutako ‘Osaba’ lana. Estanis Agirre, makurtuta, eskuinetik bigarrena.

Brinkolako Arriurdin auzo elkarteak omenaldia egingo die aurreko mendean Beainola antzerki taldean antzezle lanetan aritutakoei. Elizaren babesean, euskararen aldeko aldarria egiteko baliatu zuten antzerkia auzoko gazteek.    

Brinkola Legazpiko auzo txiki bat da, nortasun propioa duena. Tren geltokiak mugimendu handia ekarri zion garai batean, eta bertatik pasatako bi apaizek euskal zaletasuna kutsatu zien orduan asko ziren auzoko gazteei. Antzerkia izan zen zubia, eta arrasto handia utzi zuen jarduera hark.

Gerra ondoren iritsi zen antzerkia Brinkolara, Ataungo Felipe Barandiaran apaizaren eskutik. Antzerkizalea eta euskalzalea zen Barandiaran, eta bi zaletasun horiek Luistarren eta Mariaren Alaben kongregazioetan biltzen ziren gazteei kutsatu zien, 1942 eta 1945 urteen bitartean. Ondoko Telleriarte auzoko gazte batzuk ere elkartu ziren ekimenera. Eugenio Gerra, Satur Gereñu, Carmen eta Felipe Agirre, Joseba eta Kruzito Gereñu, Zeferino eta Eugenio Agirre, Carmen eta Ignazio Iñurritegi, Pedro Maiztegi Pedrolas, Victorina Iñurritegi, Juanito Peñagarikano, Eugenio Alzelai, Pedro Arrondo, Damaso Arizti, Juan Pedro Iñurritegi, Miren Aranburu, Elvira Olabide, Pilar Otermin, Felisa Guridi eta Martin Ugarte Saletxe izan ziren Beianola izena jarri zioten antzerki taldeko plantela osatu zutenak.

Barandiaran apaiza bera izan zen zuzendaria, Eugenio Gerra dekoratuaz arduratzen zen, eta Saletxe, gidoiak prestatzeaz. Taldearen izena ere Saletxek asmatu zuen. Hiru lan taularatu zituzten: Ehun dukat, Damua garaiz eta Iziartxo.

Antzerkiaren loraldia

Baina Barandiaran Brinkolatik joan eta antzerkiak etenaldia izan zuen, antzerkizalea zen beste apaiz bat iritsi arte, Ezkioko Santa Lutziko Migel Iturbe. 1957an iritsi zen Iturbe eta loraldia bizi zuen haren eskutik Beainola taldeak.

Brinkolako_Beainola_antzerBigarren etapa horretan, auzotarren bilkuretarako eraiki berria zen Saloia izan zuen egoitza Beainola taldeak, orduan ere Luistarren eta Mariaren Alaben babesean. Lanean jardun zuen dozena urte horretan urteko lan bat taularatu zituen, eta taldetik 40 bat lagun igaro ziren, neska zein mutil eta adin askotakoak.

Estanis Agirre izan zen antzezle haietako bat, eta ez du ahazteko antzerkiak eman ziona: «Gazte asko bizi ginen orduan Brinkolan, eta gure artean Frankismoaren zapalkuntza eta euskal kulturarekiko grina oso presente genituen; zerbait egin behar zela uste genuen, eta euskara aldarrikatzeko, ekainaren 21ean urte batzuetan ospatu genuen Euskal Jaiarekin batera, antzerkia bide ona zela ikusi genuen». Hala, Saloia antzerki areto bezala auzolanean prestatu zuten, eszenatoki eta kamerino eta guzti, eta 1958tik 1970eko hamarkadaren hasierara arte, San Jose eguna gorriz markatuta izan zuten brinkolarrek: Antzerkiaren Eguna zen. Martxoaren 19an bi saio egiten zituzten: 16:00etan eta 19:30ean. Emanaldien ondoren arkume bat eta bi untxi zozkatzen zituzten.

Aitona eta biloba, Abaroa eta babesa, Denak nere semeak, Garbiñe, Osaba, Andere etxea, Doilorra… izan ziren taularatutako antzezlanetako batzuk, eta haietako bi (Garbiñe eta Doilorra) Legazpiko Ibai Ondo zineman eta Urretxuko Pagoeta elizako aretoan ere eskaini zituzten. «Gazteak ginen, ilusioa genuen, indarra, giro ona» gogoratzen du Agirrek.

San Jose eguna

Brinkola baserritarren auzoa izanik, baserriko lanek markatzen zuten antzerkiaren martxa ere. Hala, negu parteko jarduera izaten zen; entseguak urtarrilean hasi eta egunero egiten ziren, martxoan obra taularatu arte. Iturbe apaizarekin batera, bere arreba Mari Carmen Labarza ibil zen hasieran zuzendari moduan, baina gero Legazpiko Bizenta Elkoroaristizabal ibili zen. Bizentak jostuna zuen gizona, Crescencio Gereta, eta haren bitartez eskuratzen zituzten jantziak. Dekoratuak, atrezzoa… auzolanean egiten zituzten. Orduko artista onenak  Paskual Zabaleta, Maria Angeles eta Mari Kruz Balerdi, Basili Agirre eta Jesus Alberro izan zirela dio Agirrek.

Berak ere egin zituen paper txikiak, baina bestelako paper bat ere bazuen taldean; Patrizio Etxeberriaren lantegiko bulegoan lan egiten zuenez, gidoiak makinaz idaztea zen bere ardura: «Donostiatik ekartzen genituen gidoiak, Maria Dolores Agirreren bitartez, eta nik kopiatu egiten nituen, gidoi osoa alde batetik eta bakoitzari egokitutako paperaren zatiak bestetik». Lan hartarako bulegoan konplizeak izan zituela dio: «Luis Ugarte eta Juan Mari Zaitegi nire nagusiek bazekiten zertan ari nintzen, baina ez zuten inoiz ere trabarik jarri, alderantziz».

Azken urteetan, auzoko aniztasunari jarraiki, gaztelaniaz ere egin zituzten bi lan: Los maridos engañan cuando van al futbol eta Cosas de papa y mama. Pablo Santillan, Ana Mari Mariezkurrena eta Begoña Luzuriaga izan ziren taldera iritsi ziren azkenetako kideak.

Baina antzerkiak amaiera izan zuen Brinkolan. Gazte haietako asko heldu eta ezkonduta kanpora joan ziren bizitzera eta auzoan geratu zen hurrengo belaunaldiarekin salto handia zegoen. Huraxe izan zen Beainolaren amaieraren arrazoia Estanis Agirreren ustez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>