Mendiak ez du adinik

Mendizale beteranoen taldea, Euskal Herriko erdigune geografikoan, Olibesarioko saroian (1.236 metro), Nafarroako Andimendin.

Mendizale beteranoen taldea, Euskal Herriko erdigune geografikoan, Olibesarioko saroian (1.236 metro), Nafarroako Andimendin.

Adinez eta kopuruz sasoiko dago Goierriko Mendizale Beteranoen taldea, eta 10. urteurrenean erronka berria jarri dio bere buruari, Goierriko Mugetatik Bira egitea. Aldizkari honek sei etapa horien berri zehatza emango du.

Hazi eta hazi. Horixe egin du Goierriko Mendizale Beteranoen taldeak 2009. urtean sortu zenetik, adinez nahiz kopuruz hazi. Goierriko 21 aurre-erretiratuz eta erretiratuz osatutako ibiltari talde bat hasi zen egitasmoa gorpuzten, eta gaur egun, 89 gizon-emakumezkok osatzen dute. Taldea 10. urteurrena ospatzeko ekintzetan murgilduta dabil orain –irekiak batzuk, itxiak besteak–, eta tartean, haien ibiliko 10. zeharkaldia egingo dute, non eta etxetik gertu: Goierriko Mugetatik Bira.

Gaintzan hasi eta bukatuko dute zeharkaldia, sei etapatan  122 kilometro osatu ondoren. Larunbatean, ekainaren 9an, dute lehen irteera, eta urriaren 20an azkena. Lehen honetarako izena emateko epea itxita dago dagoeneko, baina gainontzeko bostetarako eman daiteke oraindik, posta elektronikoz: goierrikomb@gmb.eus. Etapa eguna baino zazpi egun lehenago irekiko dute epea, eta bi egun lehenago itxi. Hori bai, 60 laguneko autobusa betez gero, aurrez ere itxi dezakete. Bi baldintza bete behar dira derrigorrean: mendiko asegurua izatea eta fisikoki ondo prestatuta egotea.

GoierrikoBira-etapakSei etapen berri zehatza

Urretxu eta Zumarragako Ostadar eta Goierri mendi taldeek ibilbide bera egin zuten 2010. urtean, Urretxun hasi eta bukatuz. Orduko hartan, Otamotz aldizkariak eman zuen etapa horien berri, eta zortzi urte geroago, GoiBerri-k hartuko du lekukoa. Etapa egin ondorengo lehen ostiraleko alean –ekainaren 15ean izango da aurrenekoa–, ibilbidearen xehetasun guztiak jasoko dituen artikulu bat kaleratuko du aldizkari honek, irteerako argazkiz hornituta. Mendizale beteranoak arduratuko dira lan hori egiteaz. Horrez gain, ibilbidean zehar topatuko dituzten txoko interesgarrien atal bat ere ekarriko du erreportajeak, baita hurrengo etaparen aurrerapen informazioa ere.

Goierriko Birak iraun bitartean, ordea, ez dira geldirik egongo. Astean zehar egin ohi dituzten irteerez gain, San Joan ondorengo asterako –ekainaren 26, 27 edo 28an– Euskal Herriko Mendizale Beteranoen I. Topaketa antolatu dute. Araba, Bizkai, Gipuzkoa, Nafarroa eta Lapurdiko mendizale talde beterano hainbatek hartuko dute parte –280 lagun inguru–, eta Aralarren barrena irteera bat egin ondoren, Oiduiko saroian elkartuko dira, erromeria giroan. Abuztuan, berriz, hiru eguneko egonaldia egingo dute Ezkarain (Errioxa).

Azken bi ekitaldiok itxiak dira, apirilaren 18an Andimendi inguruan (Nafarroa) egin zuten irteera bezalaxe. Euskal Herriko erdigune geografikoa den Olibesarioko saroian argazkia jendetsua egin zuten orduko hartan –irudi nagusia–, eta taldeko kide beteranoenari, Joxe Imazi, aitortza egin zioten Unanuko elkarte batean bazkalduz.

Herriz herriko erronda

Eta irailaren 1etik aurrera, Amets gauzatua argazki erakusketa eta Hamar urteko uzta ikus-entzunezkoa herriz herri eramango dute mendizale beteranoek. Idiazabal, Zaldibia, Lazkao, Beasain, Ordizia eta Segurako datak zehaztuta dituzte dagoeneko. Eta azaroan, Ordiziako Mendi Astearen barruan, Euskal mendizaletasunaren historia (I eta II) eta Elikadura eta prestaketa hitzaldiak izango dira.

«Osasuna dagoen bitartean hortxe ibiliko gara»

Fotografía de página completaAita-amak ataundarrak izan arren, Legazpin jaio zen Joxe Imaz 1938an , baina ume-umetatik Ordizian bizi da. Goierriko Mendizale Beteranoak taldeko kiderik zaharrena da, eta apirilaren 18an aitortza bat egin zioten taldekideek Unanun (Nafarroa), 80 urte bete berritan.

Nondik datorkizun mendirako zaletasuna?
Mutikotan txirrinduan ibiltzen nintzen, nire kasa, eta gero, mendian, bakarrik. Gero esan zidaten bakarrik ibiltzea ez zela komeni, eta Ordiziako Mendizaleak taldearekin hasi nintzen.

Eta harrezkero igandero-igandero irteeraren bat.
Bai, ahaleginean joaten gara! Igandean ere joan ginen: Txindoki, Arrubi gaina, Ganbo Txiki… Beste batzuk gehiago egin zuten, nik nahikoa nuela esan nien. Giro ikusgarria zegoen.

Mendizale Beteranoen taldean hasiera-hasieratik zaude. Dinamika polita hartu duzue.
Oso gustura ibiltzen gara, eta osasuna dagoen bitartean hortxe ibiliko gara!Laster egingo dugu plott! Hasieran hogei lagun inguru ginen, eta orain itxaron zerrenda dago! Alde ederra dago hasi ginenetik orainera.

Urteotan egin dituzuen zeharkaldi guztietan izan al zara?
Bai, egun batzuetan kale egingo nuen, baina bestela denetan. Orain gutxi abuztuan Pirinioetara joaten hasi dira taldekoak, baina ni ez, Ordiziakoekin uztailean joaten naizelako, eta gehiegi da niretzako.

Omenaldi txiki bat ere egin zizuten taldekideek.
Makila bat-eta oparitu zidaten. Ondo hartu nuen, baina ez dut uste horrenbeste merezi nuenik. Lana egiten dutenek, horiek merezi dute omenaldia.

Eta orain Goierriko Bira.
Lehen etapara ezingo naiz joan, Ordiziako taldekoak Moncayora goazelako, baina libre nagoenean joango naiz.

Hamaika mendi eta bazter ezagutuko zenituen, baina zer paraje duzu gogokoen?
Igaratza aldera joaten naiz ni gustura. Lehen Larraiztik igotzen nintzen, eta azken aldietan Zaldibiako deposituetatik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>