Zakilarekin jaio zen Ibane Imaz (Beasain, 1991), baina neska sentitu izan da beti. Honela, 15 urterekin hormonak hartzen hasi zen, 16 urterekin izena eta nortasuna aldatu zituen eta 18 urterekin ebakuntza egin zioten. Gaur egun emakume zoriontsua bada ere, bidea ez da erraza izan Imazentzat.
Zure egoeraren berri zure amaren eta ahizparen bidez gizarteratu da.
Bai, gogoa neukan, nik bizi izan dudana eta sentitzen dudana lehenengo pertsonan kontatzeko, jendeak hobetu ulertu nazan. Ezagutzea eta entzutea oso garrantzitsua da, hobeto enpatizatzeko.
Zer aldatu da Ibane Imazengan pauso hau emateko?
27 urte ditut dagoeneko eta oraintxe bertan segurtasun handia daukat nigan; badakit nor naizen, berdin zait jendeak epaitzea. Elkarrizketa hau aukera ona da jendeak ni hobeto ezagutzeko. Nire barruan zer aldatu den? Nik uste dut asko aldatu dela.
Gizarteak ere aurrerapausoak egin ditu?
Bai, lehen beste garai batzuk ziren. 12 urterekin hasi nintzen emakumez janzten. Harrezkeroztik urte asko pasatu dira eta asko nabaritzen da. Orain babes handiagoa dute gazteek, irekiagoak dira, eskoletan landu egiten dira gai hauek eta lehen ez… Desberdina da. Baina ni jaio nintzenean Beasainen ez zegoen transexualik, Ordizian ere ez… Denborarekin gizartea irekitzen eta eboluzionatzen joan da. Orain gustatzen zait daukagun herria eta gaztedia.
Zuk zeuk, asko sufritu duzu.
Nik oso gaizki pasatu dut. Nire bizitzako fase batzuetan Beasainen ez naiz batere onartua sentitu, gizartearen aldetik. Jipoitu egin naute, iseka egin didate, txistua bota didate… gauza asko pasatu ditut. Etengabe neska bat nintzela nabarmentzeko asko makillatu naiz, takoiak, plataformak erabili izan ditut…, jendeak ez ninduelako neska bezala ikusten. Baina denborarekin, nire lekua irabazi dut; jendeak ikusten du psikologikoki eta fisikoki bilakaera izan dudala. Jendeak emakumezko bezala ikusten nau eta gehiago onartzen nau. Beasaindik kanpora inoiz ere ez dut arazorik izan.
Goierriko Zubia taldea, esate baterako, sexu aniztasuna defendatzeko lanean ari dira.
Ulertzea da gakoa. Agian, ni kalean ikusita, ez naute ulertuko, baina hitzaldiren batera joanez gero hobeto ulertuko dute gure egoera. Gaia ikusgarri egiteak asko laguntzen du. Txikitatik gaia normaltasunez hartzea da gakoa. Aniztasuna, naturaltasunez eta normaltasunez hartu dadin lortu behar da. Ez sexu orientazioan bakarrik, aniztasuna orokorrean diot. Urteak pasatzen ari dira eta onak dira eman diren urratsak.
Zu zeu, zakilarekin jaio zinen.
Bai, baina txiki-txikitatik neska sentitu izan naiz. Amak handitan zer izan nahi nuen galdetzen zidanean, neska erantzuten nion. Hasieran etxean pentsatzen zuten homosexuala nintzela, baina 8 urterekin esan nion amari, ni ez nintzela mutila, neska nintzela. Ni beti sentitu naiz emakumea. Gabon kantuan oso gaizki pasatzen nuen, mutilez jantzi behar nuelako. Jaunartzeaz oso ondo gogoratzen naiz: abitoa jantzita oso pozik nengoen ni, soinekoa zela iruditzen zitzaidan.
Nola gogoratzen duzu, fisikoki gizonezko izatetik emakume izatera pasatzeko bizi izandako transizioa?
Eli endokrinoarekin eta Josi pediatrarekin hitz egin, eta Malagako Ospitalearekin jarri ninduten harremanetan. 15 urterekin hasi nintzen hormonak hartzen, eta 18 urte bete nituenean operatu egin nintzen. Oso ebakuntza gogorra izan zen, oso argal gelditu nintzen, gurpildun aulkian atera nintzen ospitaletik. Izena eta nortasuna 16 urterekin aldatu nituen.
«Ez naiz damutzen bizitzan egin dudan ezertaz»
«Gogoa neukan bizi izan dudana eta sentitzen dudana kontatzeko»
«Gizartea eboluzionatzen joan da. Orain gustatzen zait daukagun herria»
Urte hauetan guztietan zer izan da gogorrena?
Oso-oso prozesu gogorra da bai psikologikoki, bai fisikoki eta bai sozialki. Askotan nire ama ere epaitua izan da. Ni asko epaitu naute, baina beti indar handia eduki dut, badakidalako nor naizen, eta berdin zait jendeak zer esaten duen. Nerabezarorik ez edukitzea oso gogorra izan da. Oso azkar bizi naiz, intentsitate handikoa izan da. Baina ez naiz damutzen bizitzan egin dudan ezertaz. Operatzea egin dudan onena izan da. Oso lasai sentitzen naiz. Ispiluan begiratzen naizenean oso harro sentitzen naiz, ni neu sentitzen naiz.
Zoriontasuna aurkitu duzu.
Momentu honetan, oso zoriontsua naiz, oso seguru sentitzen naiz nire buruarekin. Aurrean daukazun emakume hauxe izan nahi izan dut beti, baina nik transito bat egin behar izan dut; lehen orain naizena nintzen, baina fisikoki ez nintzen gaur egun naizena. Hala ere, oraindik ere gauza txikiak entzun behar izaten ditut, aurtengo Beasaingo jaietan bezala. Baina orain oso onartua sentitzen naiz gizartean. Beasainen jendea gerturatzen zait, nahiz eta jendeak ez ezagutu, nolakoa naizen gustatzen zaiela esanez, nitaz harro daudela esanez…
Zer esango zenioke iseka egin izan zizunari?
Nik uste dut ez niokeela ezer ere esango. Erakutsi dudanagatik, naizena izateagatik, nire helburuak lortzearekin isilduko zirela uste dut. Nik uste dut, oso damututa egongo den jendea egongo dela; batzuk etorri izan zaizkit barkamena eskatzera.
Eredua izango zara zenbaitentzat.
Nik beti esaten dut beti zarena izan behar zarela. Ezin dugu gizarteak esaten digun paper bat antzezten aritu gure bizitzan. hori egin; zu zeu izan behar zara. Kostatu egiten da baina gero bere saria izaten du. Gazteei esango nieke, direnak izateko.
Euskalduna izateaz gain, ijitoa ere bazara.
Ijito-euskalduna naiz, mestiza. Ijitoen etnian ere horrelako gauzak gertatzen dira, gizon eta emakume transexualak daude, nahiz eta estaliagoa egon, baina beti oso ondo tratatu naute. Musulmanak, arabiarrak, ijitoak… itxiagoak direla esaten da, baina ni Arana kalera joaten naiz eta oso onartua naiz, bat gehiago naiz. Aurreiritzi okerrak daude. Bikotea musulmana da, eta zentzu horretan oso babestua sentitu naizela onartu behar dut.
Etxekoekin zortea izan duzu.
Amak, aitak, ahizpak… beti babestu naute. Batez ere amak. Oso garrantzitsua da etxeko babesa. Nik ezagutu ditut ni bezalako pertsonak etxeko babesik gabe, eta oso gogorra da. Batzuk prostituzioan sartu dira beste irtenbiderik ez zutelako… Oso egoera gogorrak daude. Beste herrialde batzuetara joan direnak ere badaude. Nik ere egoera gogorrak pasatu ditut, baina zortea izan dut lagunen eta familiaren laguntza izan dudalako. Jendea izan dut ondoan, ez naiz bakarrik egon sekula.