Denbora pasa baino gehiago

Oiangu_pilota_elkarteaGoierriko Oiangu pilota taldea Gipuzkoako klubik indartsuenetakoa da eta aurten 25 urte bete dira bere sorreratik. Urteurren borobila, festa giroan ospatuko dute, urte hauetan guztietan klubetik pasatako lehengo eta oraingo palariak elkartuta. Eurentzat bigarren etxea izan den Ordiziako Beti Alai pilotalekuan egingo dute urteurrenaren festa larunbatean, hilak 7.

Gehienbat eskupilotan aritzen zen jendea garai hartan, eta hala zen Jesus Mari Albisu (Idiazabal, 1944) Oiangu taldeko sortzaileetako baten kasuan ere. «Idiazabalen oso pilotari gutxi zegoen. Nik Iñausti baserriko Jose Luisekin jokatzen nuen eskupilotan», argitu du Albisuk. Gustura aritzen ziren elkarrekin, oso urte onak izan ziren, baina tamalez, istripua izan zuen Albisuk eta eskupilotan jokatzeari utzi behar izan zion.

Handik hamar bat urtera, Iñaustiko lagunarekin bueltaka, palan hasi ziren, gomazko pilotarekin. «Hasieran denborapasa zena, pixkanaka seriogo hartzen» hasi zirela adierazi du Albisuk. Goierriko herri desberdinetako pilotaleku askotan jokatu zuten. «Ormaiztegira joaten hasi ginen, Zegamara ondoren eta Idiazabalen ere jokatzen hasi ginen», gogoratu du idiazabaldarrak. Ordizian ere, Andonegi, Xabi Aierbe eta beste banaka batzuk ere aritzen ziren palaz jokatzen garai hartan. Denbora gutxian txapelketak jokatzen ere hasi ziren, baita maila polita erakutsi ere. «Gipuzkoako txapelketako finalerdietan sartzea lortu genuen» nabarmendu du Albisuk.

Oiangu_pilotak_25_urte

«Herrian dugun kirol eskaintza sekulakoa da, eta ez da erraza pilotari kopuruari eustea,  une honetan 40 bat pilotari gaztetxo ditugu taldean»

Gorka Berasategi

«Hasieran denborapasa zena pixkanaka serioago hartzen hasi ginen. Denbora gutxian Gipuzkoako txapelketako finalerdietan sartzea lortu genuen»

Jesus Mari Albisu

1981ean Idiazabalgo pilotalekua berritu zuten, eta urte berean itxi zuten Ordiziakoa, hura ere berritzeko. «Gertu-gertuan horrelako pilotalekuak izanda, zergatik ez eskola bat sortu?», horixe izan zen Albisuk eta Iñaustikoak izandako burutapena. Posible zelakoan, ideia hari forma ematen hasi ziren. «Ordizian eta Idiazabalen eman ziren eskolak», argitu du Albisuk. Harrezkero, makina bat palari pasatu dira taldetik.

Etorkizuneko erronkak

Orain arteko ibilbidea oparoa izan da Ordiziako klubarentzat eta etorkizuna ere halakoxea izatea espero du Gorka Berasategik (Olaberria, 1980). Oianguko jokalari izandakoa da eta gaur egun klubeko zuzendaritza taldeko kide. «Gaur-gaurkoz, 30 bat palari ditugu, horietako asko maila oso onean ari dira» nabarmendu du.

Aurrerantzean ere orain arteko mailari eta jokalari kopuruari eusteko intentzioarekin, «gaztetxoentzat eskola ere martxan» dute, Berasategik argitu duenez. «Harrobia garrantzitsua da, are gehiago Ordizia bezalako herri batean. Herrian dugun kirol eskaintza sekulakoa da, eta ez da erraza pilotari kopuruari eustea, baina bide onetik ari garela esango nuke, une honetan 40 bat pilotari gaztetxo ditugu taldean»

Etorkizunari begira taldeak duen erronka nagusietako bat «gaztetxoek jokatzen jarrai dezatela» da.

Urteurren festa

Ez dira egunero 25 urte betetzen, eta horregatik, ospakizun berezia antolatu dute. «25 urte hauetan uneren batean, denbora gutxiz edo luzez klubeko partaide izan diren guztiak bildu nahi ditugu, eta festa giroan pasako dugu larunbata», adierazi du Olaberrikoak.

Ordiziako Beti Alain bilduko dira 70 lagun inguru. Goizean pala partidak jokatuko dituzte, gaztetxoek lehenengo eta beteranoek ondoren. Gainera, urte hauetan bildutako argazki, kamiseta, material eta bestelako gauzen erakusketa jarriko dute bertan. Eguerdian, denak batera bazkaltzera joango dira eta ondoren, taldeko historia kontatzen duen bideoaren emanaldia egingo dute eta sorpresak ere ez dira faltako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>