Enbor berekoak

Mujika_Calvillo_familia(2)

Enbor bereko ezpala esaera zaharra bete-betean bat dator Beasaingo Mujika-Calvillo familiaren kasuan. Mikel aita (49 urte) hasi zen lehenengo korrikan, Elena ama (48 urte) ondoren; Haritz (23 urte) eta Aitor (19 urte) semeek ere bide bera hartua dute.

«Egia esanda, txikitatik ibili izan dira alde batetik bestera, karreratik karrerara. Mikelek asfaltozko maratoiak egiten zituen haurrak txikiak zirenean eta berarekin batera joaten ginen astebukaera pasa», adierazi du Calvillok.

Horrelakoetan, nazkatzea izaten da aukeretako bat, eta bestea, kutsatzea eta gurasoen bidea jarraitzea. Beasaingo familiaren kasuan, bigarren aukera gailendu da. Haritzen esanetan, «horrelako karreretan egoten den giroa ederra izaten da. Nik uste dut horrek ere kateatzen duela».

1.253 korrikalari

Datorren asteburua izango da horren enbor bereko ezpala esaeraren lekuko: beste 1.250 korrikalarirekin batera, Elenak Ehunmilak ultra trailean (168 km.) hartuko du parte; seme zaharrenak, Haritzek, Goierriko 2 Handiak trailean (88 km.) eta seme gazteenak, Aitorrek, Marimurumendi maratoian (42 km.). Oraingo honetan Mikel, batetik bestera ibiliko da etxekoei animoak ematen.

Lasterketa aurreko egunotan ez da giro Mujika-Calvillo familiaren etxean; lasterketa aurreko urduritasuna eta tentsioa nabarmena baita. «Haserretuta ibiltzen gara askotan». Hainbeste ordutako entrenamenduen emaitzak datorren asteburuan ikusiko dituzte. Bakoitzak bere lasterketa amaitzea du helburu.

EHM hirugarren aldiz

Elenak hirugarren aldiz egingo du Ehunmilak; G2H ere beste hiru aldiz egina du. «Aurten lehenengo aldiz bakarrik egingo dut eta urduri nago. Ea nola moldatzen naizen», azaldu du. Beasaingo plazatik 18:00etan abiatuko dira EHMko korrikalariak eta ia Irimotik Tolosara artekoa gauez egingo du. «Gauerako batez ere, gps-a eramango dut. Ea Tolosara arte irauten didan bateriak».

Entrenatzeko modua ere aldatu egin du aurten, eta kezka sortzen dio horrek ere: «Aurten gutxiago ibili naiz lasterketetan, eta erritmo motelagoetan nabil mendian. Kilometroak sartu ditut, baina beldur hori daukat, lehian ez naizenez ibili, nola aurkituko naizen».

Mujika_Calvillo«Gorputzak gelditzeko esaten dizu, baina segi eta segi egin behar da»
Elena Calvillo

«Oraindik ez dut horrelako proba luzerik egin, eta ez dakit nola aterako den. Ikusiko dugu»
Haritz Mujika

«Orain Bartzelonan ikasten egonda, entrenamenduak egiteko zailagoa daukat»
Aitor Mujika

«Ez dakit nola antolatuko naizen, aurten Haritzena ere joan beharko naiz eta»
Mikel Mujika

Lehenengo helburua bukatzea du Calvillok, eta bigarrena, 30 ordutik jaistea, bigarren gauari ahalik eta ordu gutxien kentzea. «Izan ere, lehenengo gaua, damarakizun tentsioarekin, ondo pasatzen da, baina bigarren gaua gerturatzen ari denean sartzen zait logalea. Horregatik, bigarren gauetik ahalik eta denbora gutxien pasatu nahi dut korrika».

Hirugarren EHMk izanda, ibilbidea ondo ezagutzen du Beasainen bizi den ordiziarrak, eta Lizarrustitik Etzegaratera bitarteko tartea «oso gogorra» egiten dela dio. «Gaua ere gogorra egiten zait batzutan, baina Tolosara ailegatuz gero ondo. Tolosan dutxatu egiten naiz eta arropak goitik behera aldatzen ditut. Jan, edan eta pixka bat berpiztuta ateratzen naiz».

Calvillok aurreratu duenez, «aurtengoa azkena» izango dela uste du. «Eguna bera baino, aurretik egin beharreko lan guztia izaten da gogorrena. Eskerrak Mikel hor dagoen, lehertuta iristen naiz». Ostirala eta astelehena jai eskatu ditu lanean, errekuperazioa luzea izaten da eta: «Aste hori osoa puztuta, erretentzioekin egoten zara… pixkanaka joaten da errekuperatzen».

Lehenengo aldiz

Haritzek bi aldiz parte hartu du Marimurumendi maratoian eta aurten lehenengo aldiz barru-barrutik biziko du G2H proba, uztailaren 13an Loinazko San Martin plazatik 23:00etan abiatuta. «Oraindik ez dut horrelako proba luzerik egin, eta ez dakit nola aterako den. Ikusiko dugu. Azkeneko asteak luzeak egiten dira. Entrenamendu asko egiten dituzu, buruari bueltak eman…».

Hala ere, ilusio handiarekin ekingo dio erronkari eta bukatzea du helburua; «15 ordu inguruan ibili nahiko nuke. Baina hain luzerik egin ez dudanez, ez dakit». Ilusioarekin batera, beldurraren sentipena ere badu, «bukatuko dudan ala ez, edo zertarako gai izango naizen… Ezjakintasun horrek beldurtzen nau. Ea gai izango naizen hainbeste kilometro egiteko… erritmoa kontrolatzen jakingo dudan…». Gauez ez da gehiegi ibili eta Haritzek ere, Lizarrustitik Etzegaratera artekoari dio beldurrik handiena.

Aitak ere egina du G2H traila eta eguraldiak lasterketa baldintzatzen duela uste du: «Eguraldi onarekin, Aralar ondo pasatzen da baina eguraldi txarrarekin, Aralar konplikatua da».

Aitorrek ere lehenengo aldiz egingo du maratoi bat uztailaren 15ean, 09:00etan korrika hasita. «Nire karrerarik luzeena izango da. Orain Bartzelonan ikasten egonda, entrenamenduak egiteko zailagoa daukat, han ez dago eta mendirik. Normalean, beroa egiten du gainera». Min hartuta ere ibili da; «ikusiko dut nola nagoen, eta zer moduz ateratzen den».

Aitaren kilometroak

Aitak ere kilometro ugari egingo ditu datorren asteburuan uztailaren 13an 18:00etan hasita, batetik bestera, sendiartekoen atzetik, anoa postuetan babesa eta animoak emanez. Aurreko edizioetan Elenari jarraitzen ibili izan da autoarekin batetik bestera ibilbideko puntu desberdinetan, baina aurten, Haritzek ere beharko ditu aitaren animoak, eta elkarbanatu egin beharko dituzte ama-semeek. «Ez dakit oraindik nola antolatuko naizen, aurten noiz behinka Haritzena ere joan beharko naiz eta». Hori bai, gauza bat argi dute: Elena, Haritz eta Mikel, Aitor animatzen izango dira uztailaren 15ean Loinazko San Martin plazako irteera puntuan, eta ibilbideko hainbat puntutan.

Garrantzitsuena, burua

Gurasoek esperientzia dute lasterketa luzeetan, eta argi daukate, horrelakoetan burua dela garrantzitsuena: «Sufrimenduzko momentuak izaten dira; lehenengo maratoian bada ere bai. Azkenean, hankatako mina, tripatako arazoak, baxualdiak.. izaten dira, baina buelta eman behar zaio. Eta egia da, momentu txar hori pasatu egiten dela, eta beste gorpuzkera bat izaten dela. Baina ez erretiratzeko konbentzimendua eduki behar da. Gorputzak gelditzeko esaten dizu, baina segi eta segi egin behar da». Egoskorrak izatea beharrezkoa dela, alegia.

Ondoen antolatutakoa

Norbere buruarekiko borroka horretan, laguntza handia ematen dute zaleek eta boluntarioek. Mujika-Calvillotarrek –aurten Elena ez– antolakuntzan ere parte hartzen dute 1.500 boluntarioekin batera.

Antolakuntzari dagokionean, Mikelek eta Elenak argi dute, horrelako lasterketa luzeetan, antolakuntza aldetik «onenetakoa» dela: «Anoa postuak izugarriak dira, markajea ere bai, boluntarioen jarrera…. Beste lasterketa batzuekin alderatuta, nik uste dut hau onenetakoa dela. Korrikalariak eta laguntzaileak oso ondo zaintzen dituzte. Egin ditudan beste ultretan ez dut geolokalizatzailerik eraman eta segurtasuna bermatzeko garrantzitsua da». Mikelek gaineratu duenez, «luxua da» Beasainen Ehunmilak bezalako lasterketa bat edukitzea. «Antolakuntza aldetik oso ondo dago. Ondo irabazitako fama dauka Ehunmilak».
Beasainentzat eta Goierrirentzat elkarbizitzarako ariketa polita izateaz gain, ia 1.300 korrikalarik, 1.500 boluntariok eta ehunka ikuslek osatzen duten «ospakizun bat da» Ehunmilen asteburua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>