«Senitarteko, lagun eta ordezkariek abagunea baliatzeko esan didate»

Dani_Garcia

Dani Garciak (Zumarraga, 1990) Athletic taldearekin fitxatu du. Aurretik, Urolan, Realeko gazte mailako taldean, Alacant B, Alacant, Getafe B eta Eibar taldeetan jokatu du. Beste batzuei baino gehiago kosta zaio gorenera heltzea, baina dagoeneko Lehen Mailako erreferenteetako bat da.

Zer esango zenuke Eibarren igarotako sei urteez?
Nire urte onenak izan dira. Orain, are eta hobeto egitea da nire erronka. Exijentzia orain artekoa bainoa handiagoa izango da. Izan ere, urtero Athleticen helburua Europan jokatzea  da. Eibarrek baino askoz ere jarraitzaile gehiago ditu eta talde historiko bat da. Talde handi batetik beste talde handi batera pasa naiz.

Zure onenean, kontratu berria sinatzeko ordua heldu zaizu. Dagoeneko 28 urte dituzu, gainera. Zure bizitzako kontratu garrantzitsuena da. Argi zegoen Eibar taldea utzi beharra zenuela.
Nik Eibarren gelditzeko asmoa nuen, baina senitartekoek, lagunek eta ordezkariek abagune hau aprobetxatzeko, beste bide bat hartzeko, esan didate. Eibarren oso gustura nengoen eta beldur pixka bat ematen zidan taldea uzteak. Oso arraroa egingo zait nire taldekide ohien aurka jokatzea, baina erabaki zuzena hartu dudala uste dut eta oso gogotsu nago.

Zergatik fitxatu duzu Athleticekin?
Beste talde batzuen eskaintzak izan ditut, Ingalaterrakoak barne, baina Athletic izan da gogotsuen azaldu dena. Bere garaian Ingalaterrara joatekotan egon nintzen, baina erabaki zuzena hartu dudala uste dut. Etxean jarraituko dut eta hori oso garrantzitsua da niretzat.

Zumarragatik gertu egoteari garrantzi handia ematen diozu.
Alacanten eta Madrilen jokatu nuenean, lagunei Zumarragan ito egingo nintzatekeela esaten nien. Egun, ordea, ez dut alde egiteko gogorik. Gainera, herrian deskonektatzeko aukera dut. Hemen bizilagun bat gehiago naiz.

Eibarren bazenekien astero jokatuko zenuela. Athleticen postua irabazi beharko duzu.
Athleticek entrenatzaile berria duenez, denok egoera berean gaude. Bestalde, Athleticeko jokalari ia guztiak ezagutzen ditut. Uda honetan beraietako askorekin egon naiz hainbat tokitan eta primeran hartu naute. Are gehiago, oporrak hasi aurretik mezu bat bidali zidaten ezer behar banuen beraiekin harremanetan jartzeko. Athleticen aldagela Eibarrekoaren oso antzekoa da.

Dani_Garcia(1)

«Herritar gehienak Realzaleak dira, baina oso errespetatua sentitzen naiz»

«Eibarren oso gustura nengoen eta beldur pixka bat ematen zidan taldea uzteak»

«Beste eskaintza batzuk izan ditut, baina Athletic izan da gogotsuen azaldu dena»

«Athleticek entrenatzaile berria duenez, guztiok egoera berean gaude»

«Ondoan bizi nintzen eta egun guztia Argixaon ematen nuen. Bazkaltzera joateko ordua heltzen zenean, gurasoek txistu egiten zidaten»

Zumarragako bi jokalari zaudete Lehen Mailan eta bitako inork ez du Realean jokatzen. Gainera, biak Athletic taldeko jokalariak zarete.
Biok Realean jokatu genuen, baina Athleticen bukatu dugu. Athleticen Zumarragako bi jokalari egotea oso deigarria da. Mikelek eta biok badakigu zumarragar gehienak Realzaleak direla, baina oso errespetatua sentitzen naiz. Inork ez dit lekuz kanpoko ezer esan.

Zumarragako haurrak Athleticekoak egingo dira…
Ez dut uste… Gutxi batzuk Athletic zaleak dira, baina Realak indar handia du hemen.

Kuadrillakoak ere Realekoak al dira?
Gehienak Realekoak dira. Realaren aurka jokatu dudanean, batzuk Eibarrek irabaztea nahi zuten, baina beste batzuk ez. Batzuk oso Realzaleak dira. Endika, batez ere. Anoetan berdinketa lortu genuenean, nirekin hitz egiteari utziko ziola esan zidan.

Zumarragako Argixao futbol zelaian gaude. Zein oroitzapen ekartzen dizkizu zelai honek?
Oroitzapen guztiak onak dira. Hemen beste inon baino ordu gehiago pasa ditut. Ondoan bizi nintzen eta egun guztia Argixaon ematen nuen. Bazkaltzera joateko ordua heltzen zenean, gurasoek txistu egiten zidaten. Bazkalostean Argixaora itzultzen nintzen, afaltzeko ordua heltzen zen arte. 15-16 urterekin hasi nintzen herrigunera jaisten. Haurtzaroa hemen eman nuen. Zapaltzen ari garen belar artifizial hau nire taldekideek eta nik estreinatu genuen. Oker ez banaiz, Urolaren kadete mailako taldean nengoen eta Realaren aurka jokatu genuen.

Argixao zelaia eta Urola taldea hain dituzu maite, non sekula ez diozun Argixaora etortzeari utzi.
Azken denboraldi honetan lehen taldeko bigarren entrenatzailea izan naiz. Ahal nuen partida guztietan egon naiz. Entrenatzaile lana utzi behar dudala esaten dut, baina asko gustatzen zait.

Hurrengo denboraldian ere Urolarentzat lan egingo al duzu?
Zumarragan bizitzen jarraitzeko asmoa dut. Lagunekin eta familiarekin egotea oso garrantzitsua da niretzat. Egun batzuetan Bilbon geldituko naiz, baina gehienetan Zumarragara etorriko naiz.

Urolari laguntzeaz gain, futbol campus bat antolatzen duzu Zumarraga eta Urretxuko haurrentzat.
Zumarragakoa naiz eta herriko haurrak oso pozik daude Zumarragako bi futbolarik, Mikel Balenziagak eta nik, Lehen Mailan jokatzen dugulako. Horrek motibazioa ematen die eta, nire ustez, campusa Zumarragan antolatzea oso garrantzitsua da haurrek motibazio hori galdu ez dezaten. Haurra nintzenean, nire motibazioa Alberto Alejandro Realean ikustea zen.

Zer moduz moldatzen zara neska-mutikoekin?
Oraintxe bertan ez daude oso pozik nirekin, Athleticekin fitxatu dudalako. Ulertzekoa da, Zumarraga eta Urretxun gehienak Realekoak baitira. Campuseko neska-mutiko guztiek nirekin egon nahi dute eta talde guztietara hurbiltzen naiz. Lan polita da, baina pazientzia pixka bat behar da. Izan ere, sekulako energiarekin jaikitzen dira. Haurrak gozatzen ikustea oso polita da. Gure helburu nagusia hori da, hain zuzen ere: haurrek gozatzea. Campusera 6-12 urteko haurrak etortzen dira eta adin horretan formazioa ez da horren garrantzitsua oraindik. Garrantzitsuena ondo pasatzea eta elkar errespetatzea da.

Munduko Kopa ikusten ari al zara?
Partida guztiak ikusten ari naiz. Orain arteko onena Kroazia iruditu zait. Uruguai ere  asko gustatzen zait. Baina kanporaketetan zer gertatuko den asmatzea oso zaila da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>