Matxinbenta-Urretxu, ederra bezain zorrotza

Goierriko Mendizale Beteranoak taldekoekin joandako 37 lagunak, joan den larunbatean, Izazpiko gainean.

Goierriko Mendizale Beteranoak taldekoekin joandako 37 lagunak, joan den larunbatean, Izazpiko gainean.

Uztailak 7, San Fermin eguna. Goierriko Mendizale Beteranook Goierriko Mugetako Biraren 2. etapari ekin diogu, Aratz-Matxinbenta eta Urretxu artean. Ederra bezain zorrotza izan den 19 kilometroko ibilaldia egin dugu.

Goizeko 07:00ak baino lehenago zenbait mendizale elkartu gara  Ordiziako Garagartzako autobus‑geralekuan. Gaueko euriek eta ekaitzek egunsentia goibeldudute. 19 gradu eta aterki batzuk irekita gure artean, euria ttanttaka ari du‑eta. Jendea eguraldiari buruz hizketan ari da, baina taldeko eguraldi‑begiraleek, joera aldatuko duela iragartzen digute.

Beasain aldera abiatu gara 07:00etan, eta bertan, beste mendizale batzuk zain daude; guztion artean osatu dugu gaurko taldea. Guztira 37 lagun izan gara, horietatik 12 emakumezkoak.

Aratz-Matxinbenta (240 m) – Izazpi (971 m)

Matxinbenta-Urretxu07:35ean iritsi gara, motxilak, makilak eta beste hartuta, eta berehala abiatu gara. San Fermin eguna izanda, batzuek, zapi gorria lepoan daramagu. Zorua bustita dago baina dagoeneko atertu du eta giro onarekin goaz aurrera.

Aratz-Matxinbentako Benta Zaharraren ondoan eman diogu hasiera zeharkaldiari. Ibai Eder erreka zeharkatu eta Korostortzu, Largarategoikoa eta beste baserri batzuetara doan hormigoizko bide bat hartu dugu.

Bidegurutze batean bide hori utzi eta ezkerrera jo dugu, oraingo honetan bidezidor estu batetik gora goaz. Nahiko itxita dago, garoz eta belar handiz estalita, izan ere ez dira alferrikakoak izan udaberri honetako zaparradak. Ilaran goaz, banaka. Taldeko gidek bidetxoa irekitzen digute, baita lagundu ere zenbait pasadizo irristakorretan.

Aurrerago, eskuinera biratu eta, alanbre-hesi eta pinudi‑ertzaren artean gora jo dugu. Pinuditik irtendakoan zelaian gora jarraitu dugu, behetik  ikusten genuen txabolaraino.

Azpeitia eta Ezkio-Itsaso arteko mugarri batzuk aurkitu ditugu. Geroago, bide zabalago bat hartu dugu eta atexka bat pasatu bezain pronto, alanbre-hesiaren ondotik gora jarraitu dugu.

Izazpi, gaurko lehenengo helburua, gertu daukagu. Laster maldan gora doan bidezidorrean sartu gara eta tontortxo batera (Zeariagako gaina) heldu gara. Segituan, 10:00etan, kordeletik gora joanez Izazpiren gailurrera iritsi gara (971m).

Bere gurutze dotorearen aurrean taldearen argazkia egin dugu. Atsedenalditxoa egin eta hamaiketakoa jan dugu. Paisaia zoragarriaz gozatu dugu. Ostarte handiak zeuden eta urrutira begira hor ikusi ditugu alde batetik, Aizkorri mendilerroko gailurrak, Urbasa mendizerra, Beriain, Txindoki edo Larrunarri eta Aralarko mendikosko guztia. Beste aldetik: Murumendi, Hernio, Izarraitz, Samiño…

Izazpi (971 m) – Oleta (756 m)

Indarrak berrituta, 10:15ean abiatu gara beherantz. Oletaraino mendiaren kordela jarraitu dugu. Tontorretik gertu, ezkerrerantz doan bidezidorra hartu eta pinu artean behera Pagotxetako lepora (753 m) iritsi gara.

Inguruko larreetan ardiek, abaroan jarrita, begiratu egiten digute. Gure ibilian goazen bitartean, artaldeen zarata eta artzainaren oihuak entzun ditugu.
Pagolako tontortxora igo eta hango txabolara eta Pagobakarreko trikuharrira jaitsi gara.

Goierriko_mugetatik_bira copiaOndoren, Samiñorako igoerari aurre egin diogu. Eskuinetik gora doan bide zabala hartu eta azken aldapa igo ondoren,  Samiñoko tontorrera iritsi gara (932 m). Kordela jarraitu eta jaitsieran bide zabal batera iritsi gara Iruarrietako trikuharriaren ondotik pasatu ondoren. Bide honetatik segi eta Oletako gurutzera (756 m) eta aterpera iritsi gara. Bertan, Aretxabaletako mendizale‑talde batekin topo egin dugu. Agurtu ondoren, geure bidean jarraitu dugu. Ibiltzeko giro atsegina dago, orain bidea laua edo aldapa beherakoa dugu eta erritmoa galdu gabe hizketan eta gozatuz goaz. Kuku-prakak izeneko loreak ugari daude eta beste loreekin batera gure ibilbidea alaitu egiten dute. Behorrak, pottokak, behiak… lasai ari dira bazkatzen gure pausoei erreparatu gabe.

Oleta (756 m) – Urretxu eta Zumarraga (352 m)

Aterpearen atzealdetik gora doan bidetik joan gara aurrera, eta geroxeago bide zabal batetik beherantz ibiltzen hasi. Bide honetan tarte on samar batean ibili ondoren, bidegurutze batera iritsi gara. Guk eskuineko bidea hartu eta aurrera egin dugu. Aginagako nekazarien bailaran gaude. Gero, hormigoizko pista batera jaitsi gara. Pistatik behera Errepelde baserriraino jarraitu dugu. Ondoren, jaitsiera jarraituz, Urruzti baserrira iritsi gara eta, handik, garai batean Urolako trenbidea izan eta egun dagoen bidegorrira.

Bidegorrian ezkerrerantz jarraitu dugu, Urretxu eta Zumarraga aldera joateko. Etxeberri jatetxearen inguruko aparkalekura iritsi gara. 13:30ak dira eta hor aurkitu dugu autobusa gure zain etxera itzultzeko.

Bideko toki interesgarriak

  • Izazpiko gurutzea (973 m). Goierri eta Urola haranen ikuspegi ezin hobea. 1948an eraiki zuten.
  • Arantzetako tumulua. Iruarrieta megalitotegiko tumulua; 1985ean aurkitutako hileta-monumentua.
  • Joxemari Etxanizen omenezko monolitoa. Euskararen aldeko lan handia egin zuen kidea izan zen Joxemari. Bere omenez Zumarragako baserritarrek Pagotxoeta gainean monolitoa jarri zuten.
  • Pagotxoeta. Zumarraga eta Azpeitia artean dagoen lepoa da eta 766 metroko garaiera du.
  • Pagolako tumulua. Iruarrieta megalitotegiko tumulua, 1989an aurkitutako hileta-monumentua.
  • Iruarrieta II trikuharria. Iruarrieta megalitotegiko tumulua, 1989an aurkitutako hileta-monumentua.
  • Samiño edo Irumugarrieta (933 m). Azkoitia, Azpeitia eta Zumarragako udal-barrutien arteko muga da. Bertan postontzia dago.
  • Iruarrietako trikuharria. Iruarrieta megalitotegiko tumulua, 1979an aurkitutako hileta-monumentua.
  • Oletako gurutzea. 1981. urtean ipinia. Urtero Hirutasun Santuaren igandean erromeria ospatzen da.
  • Oletako tumulua. Oleta-Izazpi megalitotegiko tumulua. 1989an aurkitutakoa.
  • Txerreneko pagadia. Balio natural handia du. Zumarragako lurretan gelditzen den bakarrenetakoa da.
  • Aginagako nekazari-bailara. Zumarragako auzoa. 1989. urtera arte Azkoitiko udal-barrutian sartua zen.
  • Aizkolariari omenaldia. Aginaga auzoan kokatuta dago. 2,45 metroko brontzezko eskultura da.
  • Bidegorria. Urolako trenaren burdinbidea izan zen.
  • Goruntz. Jose Ramon Andaren eskultura, brontze urtuz egina. Obra bertikala da, Zumarraga eta Urretxuren lotunean kokatuta dago.
  • Zumarraga. Zumarragari buruzko lehenbiziko datuak 1366. urtekoak dira.
  • Urretxu. Urretxuk duen historiako lehen agiri-aipamena Joan I.a Gaztelako erregeak 1383an emandako herriaren sorrerako hiri-gutuna da.

Informazio gehiago: ww.gmb.eus

Hurrengo etapa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>