«Idaztea asko gustatzen zait, baina lehiaketetan parte hartzeari utzi nion»

Maialen_AkizuMaialen Akizuk (Urretxu, 1996) Igartubeiti baserriko Istorioak Belarrietara kontakizun labur lehiaketa irabazi du, Itsasoa opari ipuinarekin. Baserria eta itsasoa gaitzat hartuta, 12 urteko haurrentzat aproposa zen ipuin bat idatzi behar zuen.

Bertsolari bezala ezagutzen zaitugu, idaztea ere aspalditik gustatzen al zaizu?
Idaztea asko gustatzen zait eta lehiaketa askotan parte hartu dut, baina aspaldi honetan lehiaketara aurkezteari utzita nion. Niretzat idazten nuen.

Lehiaketa asko irabazi al zenituen gaztetxotan?
Azkue eta Urruzuno dira garrantzitsuenak.

Nolatan animatu zinen Igartubeitiko sariketan parte hartzera?
Gaia erakargarria iruditu zitzaidan, irudi bat burura etorri zitzaidan eta erronka bezala hartu nuen.

Zein da gaiaren berri izan eta berehala burura etorri zitzaizun irudi hori.
Baserri bat itsasoan eta itsasoa baserri batean ikusi nituen. Igartubeitik itsasoarekin izan duen lotura aipatu beharra zegoen, baina ipuinetan baserriak iraganeko kontu bezala ageri dira eta XVI. mendea egungo ume batekin lotzen saiatu nintzen.

Sari honek idazten jarraitzeko indarra emango dizu.
Bai. Sekulako poza hartu dut. Gainera, haurrak eta haur literatura oso gustuko ditut.

Ikasketak bukatu dituzula esan duzu.
Soziologia ikasi dut. Karrera asko gustatu zait, baina orain amildegi ikaragarria dugu zain… Soziologia ikasleok asko idatzi beharra dugu eta idazketa literarioa dudala leporatu didate. Baina, nire ustez, idazketa teknikoegia erabiltzea ere ez da ona.

Ze asmo dituzu?
Euskal kulturaren transmisioari buruzko gradu-ondokoa egin behar dut eta, beharbada, Bergarako idazle eskolara joango naiz. Bertsotan ez nabil oso gustura eta erabaki bat hartu beharko dut. Plazetan gustura nabil, entzuleekin hartu-emana asko gustatzen zait, baina lehiaketetara beldurrez joaten naiz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>