Dantzaren hizketa

Dantza
Irailaren 24an estreinatuko dute Telmo Esnalen ‘Dantza’ filma Donostiako zinemaldian. Goierriko hainbat txoko agertzen dira bertan eta Beasaingo Aurtzaka dantza taldeko hamaika dantzarik ere parte hartu dute.

Gauzak kontatzeko modu bat baino gehiago dago. Dantza, gauzak kontatzeko modu bat da, adibidez. Hitz bakar bat ere esan gabe, transmititzeko modu bat da. Istorio bat ere kontatu daiteke dantzaren bidez. Dantzaren metaforak interpretatzen jakitea, begiratzen ari denaren abilezian egon daiteke. Eta hori irakurtzen ez dakienak, ikuskizunaz gozatu dezala behintzat.

Lanketa horretan murgilduta egon dira azken urteotan Telmo Esnal zinemagile zarauztarra eta haren lantaldea. Dantza filmari azken ukituak egiten ari dira  eta Donostiako zinemaldian aurkeztuko dute, datorren irailaren 24an, Victoria Eugenia antzokian. «Bizitzaren zikloari buruzko istorio bat da, bizirik irauteko borrokarena. Horretan, denboraren iragatea naturaren ibilbideak markatuko du. Eta dantza da hori kontatzeko hautatutako hizkuntza. Musikak eguneroko zereginei lagunduko die. Bizitza erritmoa da!». Horrela definitzen du Txintxua Films ekoizpen etxeak, bere zigilupean egindako film berria.

Filmaren trailerra aspalditik dabil bueltaka sare sozialen bidez. 2014an egin baizituzten lehengo grabaketak. «Presarik gabe egin dugun proiektua da, gauzak asko zaindu nahi izan ditugu», argitu du Marian Fernandez ekoizleak. Telmo Esnal bera, Agur Etxebeste filma grabatzen ari da oraintxe eta buru belarri dago lan horretan.

«Hain gustura sentitu nintzen batzutan film bat grabatzen ari zirela ere ahazten nuela» Izaskun Salazar, dantzaria.

«Deigarria izen zen dantzan gorputzak berak sortzen dituen soinuak grabatu zituztela» Ilazki Azaldegi, dantzaria.

«Presarik gabe egin dugun proiektua da; gauzak asko zaindu ditugu» Marian Fernandez, filmaren ekoizlea

Trailerrari play eman eta hara! Igartubeiti baserriko dolarean dantzan agertzen dira protagonistak. Zerain ere ageri da. Dantza filmaren lokalizazioetako bi dira. «Hasiera-hasieratik oso garbi izan genuen bi toki horiek, behar genuena eskainiko zigutela», argitu du Fernandezek.

Baina sorpresa gehiago ere gordetzen ditu Esnalen obrak. Izan ere, Goierriko paisaiez gain, Goierriko hainbat dantzarik ere parte hartu baitute. Beasaingo Aurtzaka dantza taldeko 11 dantzari aterako dira pelikulan.

Pantaila handian dantza

Aurtzaka taldeko bi dantzarirekin izan da GoiBerri. Izan ere, aktorea izan ezean, egunero ez da film baterako dantza egiten. Izaskun Salazarrek eta Ilazki Azaldegik, estreinaldiaren egunean Victoria Eugenian egotea espero dute. Aspaldi egin zituzten grabaketak eta egun haietan bizitakoak gogoratzeko tartea hartu dute. Salazarrek dionez, «hain gustora sentitu» zen, «batzuetan film bat grabatzen ari zirela ere ahaztu» egiten zitzaiola.

Argia dantza taldeak luzatu zien Dantza filmean parte hartzeko gonbitea Haurtzakakoei. «Harreman polita dugu haiekin eta 200dik gora dantzari behar zirenez, gurekin ere gogoratu ziren». Juan Antonio Urbeltzek gidatzen du Argia taldea, eta bera da hain zuzen ere, Dantza filmeko koreografoa.

Oraindik estreinatu ez den filma denez, kontatu ere ezin da gehiegi kontatu, baina Beasaingo bi dantzariek aurreratu al izan dutenaren arabera «artelana» da Esnalen azkeneko lana. «Irudia eta soinua mimo bereziarekin zaindu ditu. Grabatu eta segituan, hantxe zuten pantailetan, hartutako irudiak ikusteko aukera izan genuen. Baita denok elkartzeko antolatu genuen bazkari baten ondoren ere, eta ikusgarria da pantailan ikusi genuena, zoragarria». Eta hori dena, postprodukzioko mahaitik pasa gabe. «Argi baldintza egokiak noiz egon zain egotea» ere tokatu  zitzaiela azaldu du Azaldegik. Izan ere, argiak zeresan handia du irudian, eta batez ere zineman.

Beasaingo dantza taldean txiki txikitatik aritu da  dantzan Azaldegi. Euskal herritik kanpo ere grabatu dira Dantza filmeko hainbat eszena. «Zaragozan   izan ginen, desertuko irudiak hantxe grabatu genituen. Deigarria izan zen, dantzan gorputzak berak sortzen dituen soinuak grabatu zituztela. Horretarako, musika gabe egin behar izan genuen dantza».

Estreinaldirako «gogo handiz» daude Beasaingo bi dantzariak. Esan daiteke, oraindik ez dutela beraien burua pantaila handian ikusten, baina egun gutxi barru izango dute horretarako aukera. Irailaren 24an Donostiako zinemaldiaren barruan egingo den estreinaldi ofizialaren ondoren, herrietako zinema aretoetan ere ikusi ahalko da dantza hizkuntza bihurtzen duen filma.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>