«Nire bizitzako erabaki potoloak dantzak eraginda hartu ditut»

Antton_Fernandez_dantzaria copia

Antton Fernandezek (Urretxu, 1982) Tio Teronen Semeak taldean dantza egiten du. Talde horrek euskal dantzak eta umorea nahasten ditu. Urretxuko jaietako larunbatean Festamentua ikuskizuna eskainiko dute.

Nolatan dantzari?
Lehenengo mailan nengoenean hasi nintzela uste dut. Nik neuk eskatu nien gurasoei. Gurasoak Lurra dantza taldean aritu ziren eta etxean beti dantza giroa ikusi dut. Etxean, egun berezietan, beti dantza egin da.

Gurasoak Lurra taldean aritu ziren eta zu, berriz, Irrintzi taldean.
Ez ni eta ez gurasoak ez gara sekula sektarioak izan. Ablitasera joaten ginen oporretara eta Irrintziko Alazne Altzelai-eta ere bertara joaten ziren. Gurasoek Alaznerekin edo Lurrako ezagun batekin dantza egin nahi al nuen galdetu zidaten eta Alaznerekin dantza egin nahi nuela esan nien.

Zaletasun handia duzu.
Hala da. Gurasoek umetan balletean izena emateko eskatu niela esaten dute. Nire bizitzako erabaki potoloak dantzak eraginda hartu ditut. Donostiara joan eta Eskola dantza taldean hasteagatik ikasi nuen Kimika.

Zer eskaintzen dizu dantzak?
Gorputzarekin ondo egoteko modua eskaintzen du. Bestalde, dantzak kuadrilla eta lagunak eman dizkit. Irrintziko dantzari ohiok afariak egiten ditugu, asteburu pasa joaten gara… Dantzari ordu asko eskaini dizkiot, asteko bost egunetan dantza egin izan baitut. Dantzak osagarri asko ditu: ariketa fisikoa, artea, lagunak…

Noiz utzi zenuen Irrintzi taldea?
2010eko Euskal Jaian dantza egin nuen Irrintzirekin azken aldiz.

Askotan parte hartu al duzu ezpata-dantzan?
Lau aldiz izan nintzen kapitain. Sokako dantzaria izan nintzen batez ere. Eta urtean zehar oso gustuko genituen ekitaldi potolo asko genituen.

Antton_Fernandez_dantzaria«Gurasoak Lurra dantza taldean aritu ziren eta etxean beti dantza giroa ikusi dut»
«Donostiara joan eta Eskola dantza taldean hasteagatik ikasi nuen Kimika»
«Mutil batek dantza egitea gure garaian baino arrotzagoa da, zoritxarrez»
«Gure taldeak oholtzatik kanpoko txorakeriak oholtzara eramaten ditu»

Urretxu eta Zumarragan dantzak estimazio handia du.
Bi herrietako festetan eta festetatik kanpo ekitaldi asko antolatzen dira. Dantzak onarpen soziala izan du beti. Baina, nire ustez, mutil batek dantza egitea gure garaian baino arrotzagoa da. Zoritxarrez.

Eskola taldean ere dantza egin duzula esan duzu.
2000. urtean Donostiara joan nintzen Kimika ikastera eta Eskola taldean izena eman nuen. Ordurako fandango eta arin-arin txapelketetan aritzen nintzen eta Eskolako jendea ezagutzen nuen. Kukaiko formazio taldean ere aritu nintzen. Horretaz gain, beste talde batzuekin dantza egin izan dut, behar zan dutenean: Pasaiako Alkartasuna, Legazpiko Sustraiak…

Nolatan hasi zinen Tio Teronen Semeak taldean?
Lezo-Oiartzun inguruko mutil batzuek emanaldietatik kanpo egiten genituen txorakeriak emanaldietara eramatearen aldekoak ziren. Oholtzan oso serioak ginela esaten zuten eta oholtza azpian gertatzen zirenak oholtzara eraman nahi zituzten. 2015eko otsailean bilera batera deitu ziguten eta hala hasi ginen.

Eta arrakasta berehalakoa.
2015eko maiatzaren 30ean egin genuen lehen emanaldia: Konstituzio plazan, Donostia  2016ren Olatu Talkaren barruan. Bai gu eta bai antolakuntzakoak oso urduri geunden. Gu denboraz larri ibili ginelako eta beraiek talde ezezagun bati oso plaza garrantzitsua eman ziotelako. Emanaldira puritano asko etorri ziren, baina hasi orduko jende barrez lehertzen hasi zen. Norbaitek emanaldia grabatu zuen, Whatsappez zabaldu zuen eta deiak jasotzen hasi ginen.

Emanaldi asko egin al dituzue ordutik?
Urtero 35 bat. Maiatzetik urrira bitartean dantza egiten dugu batez ere. Herrialde guztietan egon gara, Zuberoan ez ezik. Atharratzetik deitu ziguten, baina ezin izan ginen joan. Espainian ere izan gara: Salamancako Facyl jaialdian eta Granadako Fex jaialdian. Katalunian ere bi aldiz egon gara: Manresan eta Mataron.

Uda ondo joan al da?
Abuztuan ikuskizun berria hiru aldiz egin dugu eta zaharra lau aldiz. Irailean Euban eta Zarautzen egon gara. 16an Hernaniko Euskal Jaira joango gara eta ondoren Urretxu, Barakaldo eta Guggenheimera. Urrian ere baditugu emanaldiak.

Urretxu zuretzat plaza berezia izango da.
Niretzat bakarrik ez, talde osoarentzat. Izan ere, hasi ginenean sekulako harrera egin ziguten. Gure hirugarren emanaldia Urretxun izan zen eta oso egun polita pasa genuen.

Zer ikusi ahal izango du jendeak oraingo honetan?
Iraupenez lehenengoa baino laburragoa da. 35 minutuko iraupena du. Lehenengo ikuskizuna parranda bati buruzkoa izan zen. Bigarren honetan, kuadrilla bera hileta batean elkartzen da. Festamentua du izenburua eta hileta eta festa bitarteko zerbait da. Aurreko ikuskizunean bezala, dantza tradizionalak bere horretan eta aldatuta egiten ditugu: Oñatiko korpusa, Gipuzkoako dantzak, Lantzeko inauteria, Xalbadorren Heriotzean kantari Bizkaiko pausoak jarri dizkiogu… Lehen lanean baino antzerki gehiago dago. Oraingo hau ere ganberrokeria bat da. Jendeak ondo pasatzeko eta algara lasai egiteko aukera edukiko du.

Hirugarren ikuskizuna prestatzen hasi al zarete?
Oraindik ez. Izan ere, toki batzuetara lehenengoarekin joan gara eta datorren urterako bigarrenarekin joatea eskatu digute. Datorren urtean Festamentua-rekin jarraituko dugu. Egia esan, ez genuen bigarren ikuskizun bat egitea espero.

Taldean neskarik ere ba al duzue?
Tio Teronek alaba bat ere badu. Berdintasuna aukera berdintasuna da eta dantza munduan  mutil falta dago. Gure taldeari esker, mutil talde handi bat dantzan ikusteko aukera dago.

Beste talderen batean ba al zabiltza?
Oinkari eta Hika Teatroa taldeen Sagartu ikuskizunean parte hartzen dut. 25 bat emanaldi egin ditugu jada.

Luzaroan jarraituko al duzu dantzan?
Beste urtebete, zalantzarik gabe. Adinak ez du barkatzen, baina jendeak lehen baino gehiago irauten du dantzan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>