Bizitzaren gurpila

Kutsadura

Inma proiketuak orain arte azaleratutako datuak eman ditu Jesus Ibarluzea  Inma Gipuzkoa proiektuko gidariak Ordizian egiten ari diren osasun zikloaren barruan. Ingurumenak osasunean duen eragina da ikertzen du egitasmoak.

Haurrak ez dira pertsona heldu txikiak eta inguruan dituzten ingurumen faktore desberdinek, bizi osorako eragina izan dezakete eurengan bereziki. Ondorio horiek aztertzeko asmoarekin ekin zioten Inma (Haurtzaroa eta Ingurumena) proiektuari. Ikerketa luze joango da oraindik, baina dagoeneko ondorio batzuren berri eman du Jesus Ibarluzeak (Mungia, Bizkaia), Ordiziako hiribilduaren 750. urteurrenaren harira antolatutako Osasun Zikloaren barruan. Ibazluzea Goierri eskualdeari dagokion lan taldearen gidaria da.

Goierriri dagokionez, Zumarragako Ospitalea da ikerketa gune nagusia. Izan ere, Goierri beheko eta garaiko biztanleak eta Urola erdikoak hartzen ditu ospitaleak, eta tokiko ingurumen ezaugarriak ere kontuan izan zituzten aukera egiterako garaian.

Haurdun dauden emakumeei egin zaie jarraipena, eta lehenengo ekografiarekin batera hasi zuten prozesua. Lagin biologikoak hartu zizkieten eta inkestak ere egin zizkieten emakume haurdunei, ondorioak ateratzeko beharrezkoak diren ahalik eta datu gehien bildu nahian. Orain arteko emaitza batzuk ezagutzera eman dituzte, baina azterketa ez dago amaituta.

Helburuak eta lan lerroa

Proiektuaren helburua haurdunaldi-jaiotzatik nerabezarora garapen fisikoan eta neuropsikologikoan  ingurumenaren eraginpeko ondorioak aztertzea da. Lan hori egiteko informazioa jaso zen aldagarri desberdinen inguruan, neurri antropometrikoak, maila soziala, ohiturak, bizitokia, gaixotasun historiala, okupazioa, proba fisikoak, funtzio neuropsikologikoen garapena, edo osasun mentala, esate baterako. Era berean,  inguruaren kontaminazioa neurtu zuten eta kutsatzaile desberdinak eta parametro biologikoak zenbatzeko lagin biologikoak jaso zituzten.

Hala, Goierriko eta Urolako herrietako kutsadura atmosferikoa, zarata, eremu elektromagnetikoa eta kontsumoko uraren eta parte hartu zuten guraso eta haurrei buruzko informazio garrantzitsua jaso zuten.  Ibilbide honetan, ikerketaren inguruko udaletxeen, Osasun Publikoaren Zuzendaritzaren eta Ingurumen kontseilaritzaordearen laguntza izan dute, eta kutsaduraren eta honen efektuen bat-bateko txostenak egin dituzte.

Lan hori guztia eginda, Ibarluzeak ikerketaren emaitza garrantzitsu batzuk azaldu zituen pasa den irailaren 13an, Ordiziako Barrena kulturetxean egindako hitzaldian. Umetoki barnekoaren garapena, haurtzaroaren garapena, arnasketa arazoak, gizentasuna, garapen neuropsikologikoa, haurtzaroko osasun mentalaren arazoak eta aspektu hauengan ingurumenak izan dezakeen eraginaz mintzatu zen, besteak beste, eta baita ikerlariak harrituta utzi zituzten datuei buruz ere.

Emaitza esanguratsuak

Urte hauetan ikertutakoak dagoeneko hainbat ondorio azaleratu ditu. Horietako batzuk aski esanguratsuak dira Ibarluzearen ustez. Osasunaren Mundu Erankundeak dioenez, «gaixotasunen %24 ingurumen faktoreek sortutakoak dira. Haurrei eragiten dieten gaixotasunen kasuan, berriz, %34 dira ingurumen faktoreek eragindakoak». Beraz, «oso kontuan izan beharreko zerbait da», Ibarluzeak nabarmendu duenez.

Jesus_Ibarluzea«Titia emateak, kutsatzaileak  dituen efektu negatiboek baino indar handiagoa du»

«Alde psikologikoak gorputzetan duen eragina ezin da ahaztu, gaixotzeko ahalmena du»

Jesus Ibarluzea, Inma proiektuaren gidaria

Ikerketak ondorioztatutakoari dagokionez, «gaur egun oraindik plagizidak agertzen dira gorputzean. Plagizidak, nekazaritzan, abeltzaintzan eta etxeko garbiketa produktuetan zeuden, baina orain dela 30 bat urte horien erabilpena debekatu zen. Gizakien gorputzean, gantzan urteetan gelditzen den zerbait da eta, gainera, amek haur jaio berriei bularra emanda pasatzen diote. Horrela transmititzen da».

Horren aurrean, ondorengo galdera sortu zen ikertzaileen artean: «Titia ematea komenigarria da?».  Ibarluzeak garbi du: «Bai, ona da!, izan  ere, psikologikoki dituen onurak, kutsatzaileak berak dituen efektu negatiboek baino indar handiagoa dute haurrarengan. Amaren eta haurraren artean sortzen den lotura afektiboak haurraren garapenean duen eragin positiboa hobesten dute ikerlariek, beraz. Bakarrik, «intoxikazio larria dagoen kasuetan gomendatzen da titia ez ematea», Ibarluzeak adierazi duenez. Dena den, « horrek ez du esan nahi kasu batzuetan gaixotasunen eragile izan ezin daitekeenik».

Inma proiektuan lanean ari diren ikertzaileei harridura eragin dien beste datuetako bat, «haurdun dauden emakumeetan eta haurretan dagoen merkurio kopuru altua da». Ibarluzearen esanetan,  Amerikako Estatu Batuetako (AEB) Osasun Erakundearentzat
alarma sortzeko adinako kopuruak agertu dira. Zergatik halako merkurio kopuru altuak gizakietan? Medikuaren arabera, «gure dietan arrain kopuru handia jaten dugulako da».

Erantzun horren aurrean  sortzen den galdera ondorengoa da: arraina jateari uztea komenigarria al da? Ibarluzeak dioenez, «ez dugu zertan». Izan ere, gauza oso esanguratsua argitu nahian dabiltza.

Detektatu dituzten merkurio kopuruak hain altuak izanik, nolatan ez dira kalte larriak gertatzen haurdun dauden emakumeetan eta haien haurretan batez ere? Ibarluzeak azalduduenez, «bada oraindik ezagutzen ez dugun faktore bat, merkurioaren efektu negatiboak ekiditen dituena eta hori deskubritzeko lanean» ari dira, gauza «oso deigarria baita».

Datuak datu, eta ondorioak ondorio, «alde psikologikoak gorputzetan duen eragina ahaztu ezin» dela adierazi du. Ikerketak ondorioztatzen duenari arreta jartzea bai,  baina gai horiekin obsesionatuz gero, «gure gorputza gaixotzeko ahalmena» duela ere esan du.

Inma proiektuaren emaitza batzuk

  • Gaixotasunak: Helduen gaixotasunen %24 ingurumen faktoreek sortutakoak dira, eta haurren kasuan hamar puntu gehiagokoa da eragina, %34koa.
  • Plagizidak: Nekazaritzan, abeltzantzan edo etxeko garbiketa produktuetan plagizidak erabiltzea orain dela 30 urte debebekatu bazuten ere, gaur egun plagizidak agertzen dira oraindik gorputzean.
  • Merkurioa: Haurdun dauden emakumeetan eta jaiotako haurretan ageri diren merkurio kopuruek alarman sortuko lukete Ameriketako Estatu Batuetan.
  • Haurdunaldia eta osasun aholkuak: Haurdun dauden emakumeen 30%ek ez dituzte betetzen medikuek alkohol eta tabako kontsumoari buruz emandako osasun aholkuak, haurdunaldiaren lehen hiru hilabetekoan. Bigarren hiruhilabetekoan, berriz,%17 dira medikuaren aholkuak jarraitzen ez dituztenak.
  • Industria gertu: Haurdunaldi garaian metalurgia industriatik gertu bizi diren emakumeen haurrek 1,5 urtera iristerakoan duten garapen kognitiboa txikiagoa da urrutiago bizi direnena baino.
  • Alde psikologikoa: Osasunean duen eragina oso kontuan hartzekoa da, gorputza gaixotzeko adinako ahalmena baitu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>