Aralarko naturgunea zer den, zer dagoen eta zer balio duen jasotzeko dokumentala ekoitzi dute: ‘Aralar, mundua leku den lurra’. Urriaren 18an estreinatuko dute. Gatazkaren erdian, batze efektua eragiteko helburua du.
«Aralar ez da duguna, garena baizik». Dokumentalean entzun eta irakur daitezkeen esaldi borobiletako bat da. Aralarren inguruan azken urteotan sortu den pisten polemika eta gatazka soziopolitikoa une batez galgatu, begi-bista jaso, eta Aralar zer den, zer dagoen eta zer izan behar lukeen hausnartu du Aralar, mundua leku den lurra dokumentalak. On Produkzioek eta Landarlan ingurumen elkarteak ekoitzi dute, proiektu zinematografiko oso interesgarri bat sortuz.
Zuzenean ez dihardu pisten arazoaz. Baina zeharka, halabeharrez, hark eragin du emaitza. «Aralarren hainbat arazo egon dira kudeaketa mailan, eta hainbat puntu daude landu beharrekoak. Beharbada ezikusia egin zaie urte askoan, eta pista bat planteatzen den momentuan lehertu da. Pista bat proposatu den aldi guztietan sortu da tentsio egoera bat», azaldu du Landarlaneko Aloña Jauregik, zuzendari batek.
Dokumentalaren ideia, hain justu, «konfrontazio egoera» horretan «ekarpen positibo bat» egiteko nahitik jaio zen. «Hasieratik garbi geneukan gure ikuspuntua izango zuela dokumentalak, kontserbazioaren aldekoa, noski. Baina osotasunean erakutsi behar zaio jendeari benetan Aralarrek zer altxor daukan».
Altxorrak eta osotasuna. Eta ezagutza. «Ezezagutza ikaragarria»?sumatu dute ingurumen elkartekoek gizartean, Aralarrez mintzatzen hasitakoan. Horri sendabidea jartzea da ikuskariaren helburu bat. «Herriz herriko hitzaldietan, konturatu ginen Txindokiko puntaz eta Lizarrustiz harago, oso-oso gutxi ezagutzen dela Aralar. Baita hemen bertan [Goierri] ere», gaineratu du Jauregik.
Asmo sinpletik garapena
Elkarte mailan egitekoa zen lana, azkenean goi kalitateko zinema-produktu bihurtu da, On Produkzioetako Iban Toledok eskariari heldu zionetik. Baliabide tekniko oso jakinak erabili dituzte, 4K kalitatean eta kamera geldoan filmatu baitituzte naturako elementuak, gertaerak eta ingurunea.
Bestetik, ekoizpen eskakizun zorrotzak ezarri dizkiete euren buruei. «Produkzio lanak eginda joaten ginen jada mendira, Irudi jakinak lortzera. Batzuetan ez genuen lortu. Ugatza grabatzeko, adibidez, sei-zortzi aldiz joan ginen», gogoratu du Iban Toledok. Guztira, 70 bat irteera egin dituzte Aralarren.
Hartutako irudien balioaren pare, gabeziek eragin dieten kezka ere aipatu dute egileek. Batez ere faunan. «Muturluzea eta bisoi europarra galzorian daude. Muturluzea grabatzeko hiru edo lau gaupasa egin genituen, biologo aditu batekin. Eta ez genuen aukerarik izan grabatzeko. Biologoa larri geratu da;?lokalizatuta zeuzkan, baina ez daude. Bisoia ere bertako erreketan desagertzen ari da, desagertuta ez badago».
Aralarren dagoena jaso dute. 17 pertsonaia elkarrizketatu dituzte, zientzialari, aditu, artzain eta naturzale. Europako Batasuneko Ingurumen komisario Karmenu Vella-rekin ere hitz egin zuten, Bruselan.
«Balio naturalaz gain, kulturala ere badu. Ezagutzen dena baloratu eta zaindu egiten da» Garazi Auzmendi (zuzendaria)
«Kontserbazioaren ikuspegia dauka, baina osotasunean erakutsi behar zaio Aralar jendeari» Aloña Jauregi (zuzendaria)
«Dokumentala ez da polemikoa, serioa da. Mezu positiboarekin bukatu dugu» Ion Fontenla (zuzendaria)
«Produkzio lanak jada eginda joaten ginen mendira, irudi jakinak lortzera» Iban Toledo (Zuzendaria)
Ideiekin koherentzia
Ingurumenaren aldarrikapen lana denez, filmaketan bereziki zaindu dute garraio mekanikoak ahalik eta gutxien erabiltzea. Aralarren, adibidez, Jaxinta astoarekin egin dituzte material garraioak. Bruselako joan-etorriaren karbono konpentsazioa ere egin dute, zuhaitzak landatuta.
«Dokumentala ez da polemikoa. Lan serioa egin nahi genuen, urtetan iraungo duena», gehitu du Ion Fontenla zuzendariak. Red kamera berezia Madrildik alokatu dute; tarte fikzionatuak filmatzeko, 1970eko objektibo bereziak eskuratu dituzte. «Kamera geldoak ikuspegi berezia ematen du, bai animalien habitata grabatzerakoan, bai ingurunearekin erlazionatzeko garaian. Urak edo errekek beste sentsazio batzuk transmititzen dituzte hala», dio Toledok.
Kamera geldoaren osagarri, dinamismo handia sartu diote sekuentziei. Adituak eserita aurkezpen unean soilik ageri dira, esaterako; beren jardunean erakutsi dituzte, azalpenak gainetik entzuten direla.
Baliabide tekniko ugari erabili dituzte mugimenduetarako: sliderra horizontalerako, garabia bertikalerako, eta dronea airetikorako.
Lau atal ditu dokumentalak: geologia eta hidrologia, flora eta fauna, historia eta arkeologia, eta kudeaketa. Batetik besterako lotura, «mundu oniriko baten kontakizunek»?egiten dute. Iruñeko dantzari batek gorpuzten du, pantailan, gidoiak girotutako eremu magikoa. Idurre Eskisabel eta Lorea Agirre kazetari beasaindarrek idatzi dute fikziozko testua. «Poesia hutsa», Toledoren iritzirako.
«Hizkera poetikoa, hausnarketara deitzen duena, oso gustagarria da. Dokumentalaren alde sentimentala da hori, emozioei dei egiten diena, adituen azalpen teknikoagoen aldean», esan du Garazi Auzmendi ataundarrak, lau zuzendarietako batek.
Nortasuna eta izaera
Berria egunkaria, EITB eta Kutxa Ekogunea dira dokumentalaren babesle nagusiak. Erresoluzio gorenean grabatua izateak, zineman eta telebistan ematea ahalbidetuko du.
Aralar, mundua leku den lurra izenburuak, berriz, «nortasunarekin eta izaerarekin» lotura zuzena dauka. «Aralar, guretzat, mundu bat da, izaera eta identitate handikoa. Aralarrek, mundu hori leku batera ekartzen digu. Mundua oso zabala den bezala, lekua beti da gertukoa, barrukoa. Lekua izateak egiten du zeure egitea», azaldu du Aloña Jauregik.
Ildo horretatik, Aralarren mundutasun lekukotua gizarteratu nahi dute, orain, dokumentalarekin. Zer den erakutsi, balioan jar dadin, eta «zaindu» dadin. «Balio naturalaz gain, balio kulturala ere badu. Ez ondarearen kontserbazioaren ikuspegitik bakarrik», ohartarazi du Garazi Auzmendik.
Ezjakintasunaren aurrean, dokumentalarekin Aralar erakutsi eta ezagutarazi nahi dute. «Ezagutzen dena gehiago gozatzen eta babesten delako».
Lokarri funtzioa
«Aralarrek lotu egiten du, ez banatu». Beste esaldi borobiletako bat da. Ezagutza hobetzeaz gain, gizarteko «egoera ia kriminala» konponbidean jartzeko tresnatzat ere egin dute dokumentala. «Ea ikuspegiak ere batzen dituen».
Eta dagoenaren eta ez dagoenaren kartak mahaira botata, haien gainean hizketan hastera gonbidatu dituzte egileek gainerako eragileak eta erakundeak. Jende guztiari egin diete deia filma ikus dezaten, baina bereziki izendatu dituzte Aralarrekin erlazioa duten kolektiboak: «Mendizaleak, bertan lanean diharduten abeltzainak, ikertzaileak, naturazaleak, arduradun politikoak…».
«Aralarrekin lotura afektibo indartsua dut. Eskaintza bezala sentitu dut lana» Pello Ramirez (Musikaren egilea)
«Aralarren ditugu euskal erkidegoko aztarna glaziar ia bakarrak» Arantza Aranburu (geologoa)
«Aralar espezie mehatxatuen etxea da. Hegaztiei dagokienez, ugatza da aipagarriena» Juan Arizaga (biologoa)
«Aralarrek badu ikono edo leku identitario izaera bat» Gaizka Aranguren (kazetaria)
«Azterketa, jakintza eta ikerketa ezinbesteko tresnak dira» Paco Etxeberria (antropologo forentsea)
Batze funtzioa beteko duelakoan daude egileak. Esperimentu bat egin dute, profil desberdinetako pertsonekin ikustaldi pribatu bat eginda. «Batek baino gehiagok esan zigun, mahaian esertzera gonbidatzen zaituen dokumentala dela. Geldi gaitezen, eser gaitezen, pentsa dezagun zertan ari garen», dio Jauregik.
Jokoan dagoena, dokumentalaren bultzatzaileen iritziz, «Gipuzkoan gelditzen den altxor bakarretakoa» da, oraindik Aralarren badelako natura bere horretan kontserbatzen den gune bat. «Dena ez, Aralarren pista mordo bat eginda daudelako eta erabiltzen direlako. Baina beste eremu bat badago oraindik erabilera hori ez daukana, eta, gure ustez, hori kontserbatzeko aukera garbi-garbi dago», gehitu du Jauregik.
Ikus dezagun zer dagoen, eta gero has gaitezen hizketan. Deialdi hori egin dute egileek. Bestelako zientzia diziplinetan landutako azterketak ere badaudela gogoratu dute. «Aranzadik, EHUk, espeleologoek, arkeologoek urte mordoa daramate Aralarren ikerketan. Horiek denak bilduko diren mahai bat behar da, ikuspuntu horiek denak bilduko dituena».
Azala eta barrunbeak
Aralarren ikuspegi ezohikoak jasotzea lortu dute ikuskarian. Lur azalean bezala azpian ere ibili dira, espeleologoen laguntzarekin jaitsita. Leizebeltz, adibidez, zinemako filmazio ekipo osoarekin grabatu dute. Historian lehendabiziko aldiz, ziurrenik. Ondarreko leizea, elur ekaitza, ugatzaren hegaldiak, Unagako putzua, glaziareen aztarna geologikoak… Hamaika txoko argitu dituzte, adituen azalpenekin jantzita eta kontakizun magikoarekin antzinako eta gaurko sinesmenak, leiendak nahiz ipuinak uztartuta.
Lau atalen eta dagokien lotura-gidoien azkenean, epilogo bat sartu dute. «Mezu positiboarekin bukatu dugu dokumentala», aurreratu du Ion Fontenlak. Bi minutuko trailerra besterik ez dute erakutsi orain arte, urriaren 18ko Donostiako estreinaldiaren zain.
Gidoiaren kontakizun-hari bat lizarra da. Esanahi handiko zuhaitza da, artzainen artean. Larreak erabiltzen uztearen truke, lizarrak landatzen zituzten artzainek. Saroia markatzen zuten, eta ganaduari itzala ematen zioten.
Jexux Mari Mendizabal Kaxkagorri artzain zaldibiar zaharrak labur bezain mardul esaten du, dokumentalean, Aralarrekiko izan duen harremana:
—Zer eman diozu zuk Aralarri?—, galdetu zioten Kaxkagorriri dokumental egileek.
—Makina bat lizar.
—Eta Aralarrek zuri, zer?
—Osasuna.
Dokumentalaren soinu bandarekin diskoa osatu du Pello Ramirezek
Aralar, mundua leku den lurra’ ikusi ezezik, entzun ere egin behar dela ziurtatu dute egileek, bai mezua, bai musika. Pello Ramirez musikari ordiziarrak konposatu du soinu banda. Objektuarekin horren inspiratuta eta emaitzarekin hain liluratuta gelditu dira, ezen disko beregain izango baita. «Ezin zen dokumentalera mugatu».
«Aralarreko musika egiten gozatu egin dut. Dokumentalak ematen digun Aralarren ikuspegia ere niretzat oso-oso aberatsa da. Lotura afektibo bat dugu mendi horrekin, oso indartsua. Alde horretatik, oso jario errazeko lana izan da, plazer handikoa», dio Pello Ramirezek. «Eskaintza bezala» sentitu du.
2018 hasieran hasi zen konposatzen, egileen hasierako irizpideak soilik entzunda. «Nahiago dut informazio gehiegi ez eduki, irudi gutxi batzuk bakarrik. Horietako bakoitzari doinu bat ateratzen saiatu naiz. Hori izan da inspirazio iturri, tira egin didana». Elkarren eta Zaldibiako Gurutzeta baserrian grabatu du, Victor Sanchezekin. Akordeoia eta biolontxeloa sartu ditu, baita lehen aldiz txirula ere (zeharkakoa eta whistlea), teklatuaz eta perkusioaz gain. Angel Unzuk (gitarra) eta Zaria koruak kolaboratu dute.