Maider del Olmo eta Ane Azurmendi

Maider del Olmo Zubeldia

Egun bakarra  nahikoa ez, eta astebetez bizi behar dut sufrikarioa. Autorik Gabeko Egunaz ari naiz, Europako Mugikortasun Astearen baitako ekimenaz. Eskerrak aurtengoa pasa den. Garaiz nabil hurrengorako zerbait pentsatzeko eta modu horretara nire izua gainditzeko.

Kontatuko dizut: beldurrak airean egoten naiz ez ote dudan politikariren bat bizikleta gainean ikusiko egun horietan. Beldur naiz jendeak haiekin (politikariekin) alderatuko nauen, euren antzera, neu ere, bizikletaz noalako. Beharbada autobusa da soluzioa. Bai, uste dut, aurrerantzean, autobusez mugituko naizela Mugikortasun Astean, autorik ez dudanez. Modu horretara ezingo naute haiekin alderatu. Ez zait iruditzen Gipuzkoako politikaririk aurkituko dudanik autobusez banoa. Ez ditut irudikatzen udazkenean eta neguan blai eginda autobusaren zain, zutik, esertzeko lekurik ez dutelako geralekuan. Edo autobus aldaketa egin eta 45 minutuz itxaroten, aurrekoak bost minutu lehenago alde egin duelako. Ziur politikariek autobusa hartuko balute hobeak liratekeela konexioak. Baina ez dakit. Beharbada aurreiritzi gehiegi ditut. Beharbada politikoak saiatzen dira ahalik eta ondoen egiten euren lana, eta dena ez dago haien esku, ezta? Guk erabaki dugulako daude hor erabakiak hartzen. Ingurumenari dagokionez, lan gehiegi dutelakoan nago, eta  hori ez da samurra izango: AHT, Aralarko pistak, goi tentsioko linea…Errazegi epaitzen ditugu.

Zuk, Ane, uste duzu Aintzane Oiarbide Bide DelOlmo-AzurmendiAzpiegituretako diputatuari axola diola bizikletaz edo autobusez banoa? Esan egia, mesedez.

Ane Azurmendi Lasa

Maider, egia esan, nik uste dut baietz, inporta zaiola; baina axola diona ez da autobusez edo bizikletaz egiten duzun bidea. Hura eta beste asko arduratuko lirateke, askok, zuk bezala, autorik ez izatea erabakiko bagenu.

Bai, egia da, ingurumenari dagokionean oso lanpetuta daudela: AHT, Aralarko pistak, goi tentsioko linea, erraustegia… Erraustegia egitea ere azkenean lortzen ari dira. Gero, antolatuko dute, birziklapen kanpaina (baina ez eraginkorregia, zabor nahikoa sortzen duena errauskailuari jaten emateko) edo aire garbiaren eguna, edota astea. Zikintzen dutena zuritzen. Beste batzuetan zuritzen ere ez dira saiatzen, berehala bidali zituzten, lanpetuta dauden politikari horiek Ertzaintzakoak herri mugimenduaren kontra, bortitz. Agintariek erabakitakoarekin bat egiten ez dutenentzat, oraindik ere, egurra dagoelako. Behin hitz egin genuen, norberak dauzkagun kontraesanetaz eta koherentea izatearen zailtasunez; baina batzuena, ongi harilkatutako koherentzia zuria dela iruditzen zait.

Bai, eta akaso, nik ere, aurreiritzi asko ditut. Zer iruditzen zaizu, zuri?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>