Otsaurtetik Lizarrustira, lepoz lepo

Intsusburu 942 m

Urriaren 6an, Goierriko Mendizale Beteranook Goierriko Mugetako Biraren 5. ibilaldia egin dugu, Otsaurtetik Lizarrustira. Altzaniako mendizerran basoa izan da nagusi, baina baita lepoak, mendi?tontorrak eta megalitoak ere.

Goizeko 07:00etan Ordizian, Garagartzako autobus geralekuan, mendizale batzuk elkartu gara eta autobusa hartu dugu. Berehala Beasain aldera abiatuta, gaurko taldea osatu dugu. Guztira 36 lagun izan gara, horietatik 13 emakumezkoak.

07:30ean Otsaurtera iritsi gara. Ilun dago oraindik, 15 graduko tenperatura dugu eta haize freskoa dabil. Goierriko Birako 5. ibilaldiari 07:35ean eman diogu hasiera.

IbilbideaOtsaurte (670 m) Etzegarate edo Eitzagarate (660 m)

Otsaurteko bentatik abiatu gara. Eskuin aldean dagoen iturri baten ondoan Etzegaratera eramango gaituen pista hartu dugu. IL/GR-ko markak jarraituz. Momentuz ilun dago, zeruan laino gutxi eta ilargia, polita, distiratsua, baina txikia, ezer gutxi laguntzen digu.
Lurrezko pista zabaletik goaz pinu artean. Gaur oinetakoak ez ditugu lokatzez zikinduko, zorua oso lehorra baitago.

Pixkanaka, 08:00ak inguruan, eguna argituz doa. Tarte batean, IL/GR-ko markekin batera Aizkorriko maratoiaren puntu horiak ikusten ditugu.

Ondoren, pista hori utzita, pasabide kanadar bat zeharkatu dugu. Aldapa behera jaitsi eta beste bide gurutze batera iritsi gara. Zuzen jarraitu dugu, ez dago galbiderik, IL/GR-ko markek une oro bidea erakusten digute.

Etzegarateko mendaterantz goaz eta metalezko langa bat zeharkatu eta basotik irten gara. Gora begira usoen zain, ehiztariren bat aurkitu dugu, baina haizea ez dabil haren alde. Etxe bat ezkerrean utzi eta beste langa bat igaro ondoren Etzegarateko autobidera iritsi gara 08:30ean (660 m).

Etzegarate (660 m) Intsusburu (942 m)

Bertako gasolindegitik, autobidepeko zubitxo batera eramango gaituen bide bat hartu dugu. Erreten baten ertzetik banaka goaz, A-1 autobidearen ondoan. Kamioi zirkulazioa handi samarra da eta agurtu nahian, gidari batzuek tutua jo digute.

A-1 autobidea zeharkatu ondoren, IL/GR-ko margotutako zutoin bertikal batek eskuinera eraman gaitu eta berehala basoan sartu gara. Hasieran, ezkerrean pinudia eta eskuinean hurritz batzuk ditugula ibili gara. Geroxeago garoa eta pagadiak nagusitu dira.

Bidezidorrak eta bide?gurutzeak topatu ditugu, baina gaurko ibilaldian IL/GR-ko markak jarraitu behar ditugu. Idiazabalgo Axari Trail mendi?lasterketaren bidea erakusten duen zutoina ere ikusi dugu, baina guk gure bidea jarraitu dugu.

Itzal handiko inguru batera iritsi gara, 840 metroko garaieran gaude, eta eskuinerantz eginda pagadi bete-betean sartuta gaude.

Bidezidorra oso ondo markatuta dago, gorantz goaz eta Balankaleku (985 m) gainaldean gabiltza, baina tontorrera iritsi gabe. 09:30ean, atsedenaldi txiki bat egin dugu, indarrak berritzeko, besterik ez.

Hasieratik jarraitzen ari garen IL/GR-ko bidea utzi gabe aurrera goaz. Hemendik aurrera, ibilbide osoan zehar, Gipuzkoa eta Nafarroa banatzen dituen alanbre?hesia erreferentzia gisa izango dugu.

Irumuga izeneko (882 m) muinoaren ondotik pasatu gara. Ondoren, beste lepo batera iritsi gara: Igartza (848 m), bertan izen bereko trikuharria ikusi dugu. Pixka bat aurrerago, 10:50ean, jaitsiera samur batean, hamaiketakoa egiteko atsedenaldia hartu dugu.

Indarrak berrituta, berriro martxan jarri gara. Intsusburu tontorrera igotzeko, laburra baina gogor xamarra den aldapa bati aurre egin diogu. Igoeran, Beotegiko zabalgunean, Beotegiko tumulu edo Jentiletxearekin topo egin dugu.

Intsusburu mendira (942 m) 11:10ean iritsi gara. Bertan kohete moduko postontzia eta izen bereko trikuharriak daude.

Intsusburu (942 m) – Irumugata (960 m) – Lizarrusti (622 m)

Tontorretik aurrera muinoaren gainaldetik jarraitu dugu. Ondorengo jaitsiera luzea da eta Berranoko edo Bernoko (819 m) lepora eraman gaitu. Paraje honetatik Iturmendi nahiz Urdiain edo Altsasu eta Ataun lotzen dituen galtzada igarotzen da. Trikuharri bat dago eta harlauzetako batean gurutze bat grabatua du.

Hainbat muino txiki igaro ditugu Argonitz trikuharrira (911 m) iritsi baino lehen. Jaitsiera  baten ondoren berriro gogorra den aldapa bat igo dugu eta 12:15ean Irumugata tontorrera (961 m) iritsi gara. Bertan hiru alanbre-hesik bat egiten dute. Tontor honen gainean mendizaleontzako postontzia egoteaz gain, Ataun, Bakaiku eta Etxarri Aranazko muga markatzen duen mugarri ederra dago.

Mugarritik gertu, sasiartean arkume jaio berri bat galduta aurkitu dugu. Inguruan, ardirik eta artalderik ikusi ez dugunez, mendizale batek besoetan hartu du Lizarrustiko parke-etxera eramateko.

Handik, Zelatamuñoko trikuharrira (932 m) jaitsi gara. Egurrezko hesiz inguraturik dago eta ondoan argibide­panela dauka. Aurrerago beste trikuharri bat ikusi dugu bere hesiarekin eta panelarekin: Mintegitxutakoa (919 m).

Kordelaren gainetik, bidezidorren berri eman digun beste argibide-zutoin batekin topo egin dugu. Guk Lizarrustirako bidea jarraitu dugu.

1,7 km-ko jaitsiera gogorra egin dugu. Poliki eta kontu handiz Parketxera (622 m) iritsi gara 13:30ean.

Bideko toki interesgarriak

  • Otsaurteko mendatea: (670 m): Kostaldetik penintsulako goi-lautadarako jatorrizko ibilbidea zen, Gipuzkoa Gaztelak konkistatu eta bere barnean sartu arte. Arabako Lautadatik Gipuzkoa barnealderako bide naturala dela esan dezakegu. Erdi Aroan, igarobidea babesteko, gotorleku bat eraiki zen. Oraindik ere haren hondarrak Osaolazazpi/Ojaolazazpi kare-haitzaren gainean daude.
  • Etzegarateko (Eitzagarateko) gaina: Idiazabalgo udal-barrutiko izenik ezagunena da. Besteak beste, A-1 autobidea bertatik pasatzen delako.
  • Areatza gaina edo Balankaleku: (984 m) Bertan artzainek palankak nork urrutirago bota jokatzen omen zuten.
  • Burunda-Altzania mendiko megalitotegia: Ugariak dira ibilbide honetan aurkituko ditugun trikuharriak eta tumuluak. Batzuk mugarri gisa erabiliak izan dira. Berrenoko trikuharria, adibidez, grabatutako gurutze batekin agertzen da.
  • Saratsamendiko ariel-etxearen hondarrak: Iraganean aduana-etxe arrunta izan zen.
  • Intsusburu gaina: (943 m) Tontor honek uren banalerroko muga egiten du.
  • Berrenoko galtzada: Erdi aroan egindako bidea da eta XIX. mendearen amaieran Lizarrustiko errepidea egin arte, Goierri eta  Sakana lotzeko bide nagusia izan zen. Izugarrizko jende-mugimendua izaten zen galtzada horretan. Bertan, jarduera ekonomikoak gauzatzen ziren: garraioa (mandazainak), turismoa (erromesak), gaueko lana (kontrabandistak), artzaintza, ikazkintza, lapurretak… denak bertan biltzen ziren alde batetik besterako joan-etorrian.
  • Irumugatako gaina: 1777ko mugarria, (959 m). Mendebalderantz panoramika zabala du. Gainean hiru aldeko mugarria dago: Ataun, Etxarri-Aranatz eta Burunda (egungo Bakaiku) herrien artekoa.

Informazio gehiago: ww.gmb.eus

Maquetación 1

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>