«Norbera da gakoa: guk ongi pasatzen badugu, entzulea ere dibertituko da»

Anne_ZufiaurKKinZona Urretxu-Zumarragako irrati libreak ahots eta saio berriekin hasi du aurtengo denboraldia. Tartean, Komunikazio gradua amaitu berri duen Anne Zufiaurrek (Zumarraga, 1996) gidatutako Aittu Zank programa.

Zer dago aditzeko?
Aittu Zank patroirik gabeko umorezko saio bat da. Mahai gainean gai desberdinak jartzen ditugu eta bururatzen zaiguna esaten dugu. Kristina Fernandez eta biok gaude mikrofonoaren aurrean. Halere, etorkizunean elkarrizketak eta zozketak ere egin nahi ditugu, entzuleengana gehiago hurbiltzeko.

Nola lortzen da entzulea gertu izatea irratian?
Sare sozialak asko erabiltzen ditugu. Irratiaren beste aldean dagoena ez dugu ikusten, eta entzuleekin harremana izateko bide aproposa da. Feedback-a jasotzen dugu, eta gomendioak eta ideiak ere ematen dizkigute: oso positiboa da hartu-eman hori, badakigulako publikoak zer nahi duen.

Erraza da jendeari barre eginaraztea?
Baietz pentsatu nahi dut. Gakoa norberan dago: guk ondo pasatzen badugu, entzuleak ondo pasatuko du. Gure helburua ongi pasatzea da, azken finean, denbora pasa egiten dugulako Aittu Zank. Gogotsu egiten dugu lan, eta azken emaitzan nabari da.

Publikoa geroz eta zorrotzagoa da eta ez du edozein motako umorea onartzen. Posible da txisteak egitea inor mindu gabe?
Barrea eragiteko ez gara inorekin sartzen. Ez dut uste inor irainduta sentituko denik Aittu Zank saioa entzutean. Halere, uste dut jakin behar dugula bereizten noiz ari garen txantxetan eta noiz ez.

Irrati libre batean aritzea abantaila da?
Bi aldeentzat da positiboa. Beraiek jendea behar dute programazioa osatzeko, eta guretzako aukera paregabea da ikasitakoa praktikan jartzeko. Komunikazio ikasketak amaitu berri ditugu Kristinak eta biok. Irrati handiagoetan izango ez genukeen aukera eman digute KKinZona irratian.

Komunikazioaren arloan lan-mundua nola dago?
Zaila. Egia esan lanean nabil, baina jarraikortasun gutxirekin. Adar asko jorratu ditugu unibertsitatean, eta irteera asko ditugu. Baina sarritan izaten dut irudipena ezertan ez naizela aditua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>