Huntzaren uzta berria

Huntza_taldeko_Inhar_Arrat(3)

Euskal Herriko eszenatoki ugari  zapaltzeaz gain, beste lur batzuk ere jantzi dituzte musikaz Huntza taldeko kideek. Gaur bertan, azaroak 9, dira lur hartzekoak azken bidaia amaituta Inhar Eskisabel (Ataun, 1994) eta Aitzol Eskisabel (Ataun, 1996) anaiak. Argentina eta Uruguai izan dira Huntzaren azken geltoki, eta hemendik aurrera disko berriko kantuak izango dituzte buruan.

Azken urtea lasaiago hartu dutela nabarmendu du Aitzol Eskisabelek, Euskal Herriari «arnas pixka bat» emate aldera kontzertu gutxiago izan dituztela esanez.

Unibertsitate garaiko pintxopoteetan elkartzen hasi ziren 2014an taldeko bi kide, Josune Arakistain eta Aitor Huizi. Ondoren instrumentuak batzen joan ziren eta erromeri estiloko entseguak egiten zituzten. Hasiera batean bertsioak jotzen bazituzten ere, abestiak sortzen ere aritzen ziren.

Abesti sorta bat eskuartean izanik disko bat grabatzea pentsatu zuten, baina bi anaien arabera, asmo komertzialik gabe: «CD bat grabatzea erabaki genuenean, guretzat eta ingurukoentzat oroigarri moduan ekin genion lanari». Inhar Eskisabelek gaineratu du, erromerien bidez lortu zutela dirua grabaketetarako, eta behin hori eginda «promozio moduan» erabili nahi zutela diskoa.

Ezustean, ordea, Aldapan gora abestiaren arrakasta iritsi zen. Estudio lanetan zeudela, bertako teknikoak Joseina Etxeberria ezagutzen zuela esan, eta erakutsi egin zion abestia. Hura Gaztea irratiko kazetari izanda, berehala aireratu behar zela adierazi zien.

Musika zerrendetan lider

Bat-batean etorri zela jendearen erantzuna diote bi ataundarrek. Irratian entzutearekin batera, Youtube plataforman eskegi zuten kantua eta bat-batean bisita kopuruek gora egin zuten: «Gure artean txantxa moduan 50.000 bisiten langa gaindituko ote genuen aipatzen genion elkarri».

Huntza_taldeko_Inhar_Arrat(5)Inhar Eskisabel (baxu-jotzailea): «Hasieran, txantxa moduan, arrakasta izango ote genuen edo ez jardun ginen gure artean»

Aitzol Eskisabel (gitarra-jotzailea): «Bi urteren ondoren disko berria ateratzeko presioa jarri diogu gure buruari»

Arrakastarako helbururik gabe grabatzetik, 7 milioi ikustaldi izatera igaro da Aldapan gora abestia. Horri esker, Huntza «ezer ere ez» izatetik «oihartzun handiko» talde izatera igaro da, Inhar Eskisabelen esanetan.

2016ko urri aldera Euskal Herriko toki askotan entzuten zen Huntza. Taldea ezagutarazteak erantzunkizuna eman zietela musikariei adierazi dute Eskisabel anaiek. Erromeri talde bat izatetik, talde entzutetsua izatera igaro ziren berehalako batean, eta arrakastak «ohitura aldaketak» ekarri zizkiela. Taldearen gainean «espektatiba eta pisua» nabaritu dutela gaineratu du anaietan gazteenak.

Durangoko Azokan ere gainezka izan zuten beren txokoa eta diskorik gabe gelditu ziren. 2017. urtean han eta hemen eman zituzten kontzertuak, eta uda izanik musikarientzat sasoi gorena, taldearen baitan mugitzea egokitu zitzaiela dio Aitzol Eskisabelek: «Entseguetarako beharrik ez genuen, baina denborarik ere ez».

Anaiak talde berean

Taldeko gaiak «ondo eramaten asmatu» dutela diote biek. Aste guztia entseguekin gora eta behera arituta, ordu asko dira elkarrekin eta etxean lasaitasuna aurkitzen dutela adierazi dute. Guraso zein lagunen babesa jasotzen dutela ere badiote, baina «batzuetan gehiegizkoa» egiten zaiela taldearen inguruko aipamena, atsedena ere behar dutelako.

Inhar eta Aitzol anaiak diren arren, gainontzeko Huntzako partaideak ere familiakoak direla diote biek. Bidaia asko elkarbanatu dituzte, furgonetan ordu ugari eta eszenatokietan mila bizipen. Kontzertu guztiak gogoratzen dituztela badiote ere, ezagutu dituzten toki berriak nabarmendu dituzte: «Frantziako, eta gehienbat Ipar Euskal Herriko, giroa ahaztezinak dira. Publiko sutsuena bertan topatu dugu».

Herri txiki zein handietan jo dituzte Huntzako doinuak. Donostiatik hasi eta Katalunia, Valentzia eta Galiziako lurretan ere entzun ahal izan dituzte, baina Japonia izan da tokirik bereziena ataundarrentzat.

Huntza_musika_taldeaDisko berria gustuko

Azken hilabeteetan buru-belarri aritu dira grabaketetan. Lehen diskoa «arin eta naturaltasunez» gauzatu zutela dio Inhar Eskisabelek. Bigarrenean, aldiz, «inoiz baina lan gehiago» egin dutela aurreratu dute biek. Esperotakoa betetzeko denbora asko hartu dutela esan dute, 2018a lasai hartuz.

Haien buruei «presio moduko zerbait» jarri dietela dio Aitzol Eskisabelek, bi urtez behin disko bat ateratzekoa alegia. Horretarako kontzertu kopurua gutxitu dutela esan du.

CD berriari dagokionez «interesgarria eta gustagarria» dela aurreratu dute. Estilo aldetik antzekoa den arren, «garapen musikala» nabari dela dio Inhar Eskisabelek. Bi anaiak bat datoz disko berriak «Huntzaren esentzia» mantentzen duela diotenean; «Taldeak gustuko du azken emaitza, beraz entzuleek ere gustuko izatea espero dugu». Musikaren bitartez Huntzak esperientzia berriak bizitzeko aukera eman die, eta lan berriarekin bide beretik jarraitzeko asmoa dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>