Irtenbide bat eta bakarrik ez

Banda_marroiaAdministrazioak kobre oxidoarekin tratatuko ditu onddoak jotako pinuak. Iritzi denak ez datoz bat neurriarekin.

Eusko Jaurlaritzak, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiek urriaren 11n aurkeztu zuten zerrenda marroiak erasanda gaixo dagoen intsinis pinuari aurre egiteko plan bateratua. Kobre oxidoarekin tratatuko dituzte 2019ko udaberrian, airetik fumigatuz. Administrazioak espero du udazkenean eta neguan gaixotasunaren eragina txikitzea, hotzak onddoa ahultzen baitu.

Horretarako, Espainiako Gobernuko Nekazaritza Ministerioaren baimen berezia jaso behar dute EAEko erakundeek, eta behin hori eskuan, udaberrian hasi tratamenduarekin, hura baita garairik eraginkorrena. Neurri horrez gain, beste bi lan eremu ere hartzen ditu Konifero Basoak Berreskuratzeko Euskal Estrategia planak: gaitzari eta haren kaltetze mailari buruzko ezagutza zabaltzea eta basogintza sektorearen berreskuratzearen alde lan egitea.

Gaur-gaurkoz, hiru herrialdeetan 123.432 hektarea pinu dago, eta horietatik 40.914 daude gaitzat jota –%33,15–. Gipuzkoaren kasuan, 18.000 hektarea daude kaltetuta, eta Donostialdean (%70), Tolosaldean (%62) eta Urola Kostan (%52) dago egoerarik larriena. Goierrin ere nabarmena da banda marroiaren eragina.

Eragileen erreakzioak

Basquegur egurzaleen elkartea «gustura» agertu zen bi egunera erakundeek aurkeztutako planarekin. Txilen eta Zeelanda Berrian emaitza oinak eman dituen planei erreferentzia egin zien elkarteak, eta horrez gain, norbere kabuz mozketen hasi aurretik, «lasai egoteko» gomendioa egin zien baso jabeei. «Lehendabizi dagokion administrazioarekin jarri behar dute harremanetan pinudien kaltetze maila ezagutu eta dauden alternatibak aztertzeko».

EHNE sindikatuak, bere aldetik, elkarlanean aritzeko deia egin zien Jaurlaritzari eta hiru diputazioei. Hasteko, onddoak jotako pinudien mailaketa egitea proposatu zuen –larrienetik osasuntsuen dagoenera–, horren arabera mozketak egiteko. Era berean, baso lanetan aritzen diren taldeen eta azpiegituren ahalmena neurtzeko eskatu zuen, eta behar izanez gero, baliabide gehiago jartzeko. Eta azkenik ikerketari egin zion aipamena sindikatuak: «Ikerketa sustatu behar da, baso jabe eta basozainek baso berritzerako erabiliko diren espezieei buruzko informazioa izan dezaten».

Naturkon kolektibo naturalista eta kontserbazionista oso kritiko agertu zen planaren funtsaren eta emandako datuen aurrean, baina kezka nagusia kobre oxidoa aire bidez zabaltzeko asmoarekin du elkarteak. «Azalduko al digute gure ordezkariek nola pentsatu duten ziurtatzea gure ibaiak edo edaten dugun ura ez direla pozoituko gure mendietako 124.000 hektarea fumigatzen badira?».

Talde ekologistek egindako galderaren ildotik, Mutrikuko Udalbatza erakundeek aurkeztutako planaren aurka azaldu zen urriaren 25ean egindako bilkuran, udalerriko pinudiak kobre oxidoarekin ez dituztela tratatuko nabarmenduz.

Adituek batasunik ez

Auzia hizketagai bihurtu da hedabieetan, eta adituen artean iritzi bateraturik ez dagoela argi geratu da. EAEko Kimikarien Elkargoko kide batek euskal irrati batean gogoratu du kobre oxidoa ohikoa dela nekazaritzan, eta «ekologikoan ere» onartua dagoela. EAEko Biologoen Elkargoak, aldiz, «arrisku larriaz» hitz egin du irrati berean, eta ingurumenari, eta ondorioz gizakiari, egin dakiokeen kaltea erremedioaren onurak baino handiagoa dela iritzi dio.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>