Lokatz arteko pedalkadak

Beasaingo_ziklo_krosa-1

Beasain eta ziklo krosa oso lotuta egon dira beti. 1982. urtetik izandako hutsunearen ondotik,  Loinaz Txirrindulari Elkartea 2015ean hasi zen berriz ere ziklo kros proba antolatzen. Aurtengo hitzordua, abenduaren 30ean izango da, Loinatz eta Telleri baserri inguruko zelaietan. Euskadiko txapelketako proba jokatuko da lehenengo aldiz. 10:00etan hasi, eta  12:45ean jokatuko da elite eta 23 urtez azpikoen proba.

Loinatz inguruko zelaiak ohituta daude txirrindularien pedalkadekin. Beasain Kirol Elkartetik banatu, eta 1963an sortu zen Loinaz Txirrindulari Elkartea, eta berehala hasi zen ziklo kros probak antolatzen. 1964ko otsailaren 2an Espainiako Txapelketa antolatu zuen. Garai hartako egunkarien arabera, 15.000 lagun elkartu ziren ibilbidean. Urretxutik eta Zumarragatik 10 autobus etorri ziren Amelio Mendijur animatzera. Mendijur zumarragarrak jantzi zuen Espainiako txapela.

Egun hartako arrakasta ikusita, 1967an Munduko Txapelketa antolatzea eskatu zuen Loinaz elkarteak. Azkenean, urtebete lehenago antolatu zuen, 1966an Algerian egitekoa zen txapelketa bertan behera gelditu zelako, gerraren ondorioz. Otsailaren 27an jokatu zen eta De Vlaeminck belgiar gazteak irabazi zuen, 20.000 lagunen aurrean erakustaldia emanda. Proba hasi aurretik, 1965ean hil zen Amelio Mendijurren omenezko meza egin zuten Loinazko San Martin elizan. Jose Luis Talamillo eta Justino Osoro ere gogoan izan zituzten.

Munduko txapelketa jokatu baino 15 egun lehenago, otsailaren 13an, Espainiako txapelketa jokatu zen bigarren aldiz Beasainen. Alfredo Irusta izan zen irabazle.

Argazkiak: Aygües eta Alzuri funtsak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>