«Hezkuntza ikasleek aukera berdintasuna izateko eskubidea da»

Pilare_Muxika-2

Pilare Muxika (Itsaso, 1962) Legazpitik Legorretaraino dauden ikastetxeei aholkularitza eskaintzen dien Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Berritzeguneko zuzendaria da. Goierriko Berritzegunea Ordizian dago. 1980an Magisteritza ikasketak hasi zituen Donostian, euskaraz. Ondoren Gasteizera joan zen Euskal Filologia ikastera eta, ikasketak egin bitartean, irakasle lanetan hasi zen. Bigarren urterako eskola hartako zuzendaria zen. Filologia ikasketak amaitu zituenean Beasaingo Institutuan aritu zen lehenengo, eta Legazpikoan ondoren, bigarren hezkuntzan. Legazpiko Institutuan lau urtez zuzendaritza taldean lan egin zuen. Gero, oraindik Berritzegune izena ez bazuen ere, garaiko PAT delakoan hasi zen lanean.

Egin dezagun lehenengo geldialdia 1980ko hamarkadako Gasteiz hartan, ikasle eta irakasle zinen aroan. Zein giro zegoen?
Hezkuntza erreforma hastera zihoan, eta mugimendu pedagogikoekin lotura izan nuen. Euskal eskola publikoa eta euskara tarteko, hezkuntza sistema berria sortzen ari zen garai hartan.
Ondoren, Legazpiko Institutuan –gerora izendatu zuten Olazabal Institutua–, proiektuetan lanean hasi ginen eta erreforma hori martxan jartzen. Finean, gelako praktika beste era batera aktibatu nahi genuen, demokratizatzeko ilusioa genuen, baita motibazioa eta konpromisoa ere.

Berritzeguneak izen hori hartu aurretik hasi zinen bertan lanean.
2001era arte ez zen dekretuz erregulatu. Aurretik PAT izenez ezagutzen genituen, pedagogia aholkularitzategia. 2001ean Berritzeguneak erregulatu ziren eta sei urtez ebaluaketa prozesu handiak pasa genituen.
Goierriko Berritzegunea eta Urola Kostako Zarauzkoa Gipuzkoako txikienak dira. Goierrikoak 30 ikastetxe, 1.000 irakasle eta 12.000 ikasle hartzen ditu. Gurearen ezaugarria da hainbat eskola handi eta eskola txiki asko ditugula.

Zer da Berritzegunea?
Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak hezkuntza berriztatzeko eta irakasleen prestakuntzarako zonaldeka duen aholkularitza zerbitzua da. Unibertsitatean jasotzen dute irakasleek hasierako prestakuntza eta jardunean daudenean ikastetxeei prestakuntza nahiz aholkularitza eskaintzen die Berritzeguneak. Beste lanbideetan bezala, hezkuntzan etengabeko prestakuntza ezinbestekoa da.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako mapari begiratuz gero, hemezortzi Berritzegune daude guztira. Araban bi, Bizkaian hamar eta Gipuzkoan sei.

Nolakoa da lan taldea?
Guztiok irakasle izandakoak gara. Ordiziko Berritzegunean hamar aholkulari gaude orain. Informazio, komunikazio eta teknologia (IKT) aholkularia, euskararen normalizazio aholkularia, haur eta lehen hezkuntzakoa eta bigarren hezkuntzan bat zientziaren eremuan aritzen da eta beste bat gizarte zientzien alorrean. Halaber, hezkuntza premia espezifikoak dituzten ikasleekin ari diren irakasleak prestatzen ditugu, esparru horretan lau aholkulari ari dira. Fisioterapeuta eta terapeuta okupazional bana ditugu; logopedak orain eskolatan daude.
Hezkuntza berriztatu bidean gurea baliabide bat da. Badaude beste zerbitzu batzuk eta lankidetza estua daukagu: ikusmen urritasuna duten ikasleekin edota gormutuekin lan egiten dutenekin, Osakidetzarekin… Izan ere, hezkuntzak ikaslea du ardatz eta ikasle guztienganako ardura daukagu eskola orduetan. Nola erantzun eta arretarik egokiena eman guztion erronka da eta ikastetxeek gure laguntza daukate hala publikoek nola kontzertatuek, nahiz eta azkenok euren baliabideak ere badituzten.

Pilare_Muxika-3«Hezkuntza eredu diziplinarotik eredu humanistara doa, lehentasuna pertsona dela»

«Irakasle belaunaldi gazteek hezkuntzarekin duten konpromisoa ikustea ederra da»

«Hezkuntza eta ikastetxe bakoitza eragile sozial indartsu bezala ikusten dut, bere inguruarekin oso lotuta dauden ikastetxeak nahi nituzke»

Eskola kanpoko aholkularitza taldea osatzen duzue.
Bai, hori da. Eskola bakoitzak gure bi aholkulari ditu erreferente; bata, orokorra eta bestea premia espezifikoak dituzten ikasleekin lanean ari diren irakasleen erreferentea da.
Lehen premia bereziak dituzten ikasleak esaten genuen, baina zein garrantzitsuak diren hitzak, zeren ongi begiratuz gero, nork ez baitu behar berezirik? Orain behar espezifikoak izendatzen ditugu, ahal dela etiketak kendu eta ikuspegi positiboak erakarri nahi ditu.

Zein da orain hezkuntzak duen erronkarik handiena?
Iaztik hasita Hezkuntza sailak erronka handi-handi bat dauka: marko konpetentziala. Curriculuma memorizatzetik, ikasleak eguneroko bizitzarako ahalduntzea igaroarazteko erronka da. Xedea da programazio didaktikoek oinarri hori izan dezatela, eta horretarako ekimen oso bat martxan jarrita dago honezkero: prestakuntza ekimen globala. Klaustro guztietan prestakuntza zuzenean eskaintzen ari gara praktikak eguneratzeko. Gu joaten gara, baina inportanteena da ikastetxe barruko kultura pedagogikoa elikatzea eta kontsolidatzea. Eskola batzuetan oso aurreratuta daude.

Zeintzuk dira zehazki prestakuntza ekimen global horren ardatzak?
Zazpi eremu dira nagusi. Lehenengoa marko orokorra da. Bigarrena irakurmenaren ulermenarena, non irakurritakoa interpretatu, hausnartu eta iritzia osatzeko bideak urratzen diren; konpetentzia hori oso-oso beharrezkoa da bizitzan denok bidezkoa den moduan gizartean parte har dezagun. Hirugarrena Bizikasi ekimena da eta elkarbizitzaren konpetentzia hartzen du, hau da, jendekotasuna; marko seguru batean ikastea eta bizitzea, jazarpena ikusiz gero nola jokatu, tolerantzia zero jarrera desegokiei… Materialak sortzen eta eskaintzen ari gara. Izan ere, guztiok partaide gara gure testuinguruaren eraikuntzan.
Laugarrena IKTen lanketa da, nola egin teknologia berriak ikaste prozesuen mesedetan erabiltzeko? Bosgarrena hizkuntza trataera integratua da, hots, euskara ardatz hartuta gaztelania eta ingelesa barne hartu elkarrekin talka egin ez eta elkar aberastu daitezen. Seigarrena eta zazpigarrena kultura matematikoaren eta zientifikoaren diziplina artekotasuna bultzatzea da, denak behar baititugu aurrean dugun horren gaineko iritzia sortzeko.

Egunerokora etorrita zeintzuk lirateke ekimen global horren helburu nagusiak?
Hezkuntzak justizia sozialerako xedea izan behar du, ikasle guztiek aukerak izateko duten eskubidea da hezkuntza. Hezkuntzak berdintasunerako aukera horiek bermatu behar ditu eta irakasleak bidelagunak izan behar gara, ikasle guztiek pertsona heldu batekin atxikimendu seguru bat izatea bermatu behar du ikastetxeak.
Dagoeneko gure haurtzaroko eskoletan bizi izandako neurri diziplinario batzuek ez dute balio, haurrak hazten ari dira eta guk lagundu behar ditugu bidean. Konpromisoa eta ilusioa beharrezkoak dira lan guztietan, gurean zer esanik ez. Eredu diziplinariotik eredu humanistara goaz, non lehentasuna pertsona den.

Hezkuntza beti prozesuan al dago?
Bai. Orain bidegurutze batean gaude. Belaunaldi oso bat jubilatzear edo jubilatzen ari da eta irakasle berriak datoz bat-batean. Trasbasea nola egin? Hamarkada batean jubilatuko diren irakasle horien esperientzia bikaina eta gazteek dakarten freskotasuna nola uztartu? Gazteek hezkuntzarekin duten konpromisoa ikustea ederra da, borondatea eta gogoa baliabide ikaragarriak dira.

Hezkuntzari dagokionez zein da zure ideala, utopia edo desioa?
Niri gustatuko litzaidake 18 urterekin gazteak eskolatik irtetea gizarteari egin ahal dioten ekarpena gutxi gorabehera zein den jakinda eta eurak ekarpen hori egiteko gai direla sinetsita; gai direla eta izango direla. Inguruko helduek ere gazteen gaitasunetan sinetsiko lukete. Finean, gazteek norbere burua gutxi asko ezagututa  eta eskaintzeko gaitasunarekin aterako lirateke eta hezkuntzak horretan lagundu diela jakinda.
Hezkuntza eta ikastetxe bakoitza eragile sozial indartsu bezala ikusten dut, bere inguruarekin oso lotuta dauden ikastetxeak nahi nituzke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>