Nagore Belastegi eta Iraia Oiartzabal

Nagore Belastegi

Esaten da inor ez dela profeta bere herrian, eta esango nuke askotan hala gertatzen dela. Legazpi beti izan da musikarien herria. Gurasoek behintzat hori esaten didate, haiek gazteak zirenean bazeudela talde ugari, estilo askotarikoak. Gitarrarekin aritzen zen emakume hirukote bat omen zegoen, errondailak mende erdia bete du, Motxorrismoak gogor jo zuen eta gerora Subeltza sortu da. Herriko (eta Euskal Herriko) mugak gainditu dituztenik ere izan dira, eta dira. Imaginario kolektiboan txertatuta ditugu jada haien kantak.

Musikak beti izan du garrantzia gurean. Literaturan, ordea, azken aldian ari dira ematen pauso nagusiak. Izan dira liburua idatzi dituzten legazpiarrak, baina uste dut orain dagoen aniztasuna ez dela egon: iragan hurbilean txertatutako istorioak, nobela beltza, olerkiak, komikia…

Zinemagintzan sustraiak errotu dituenik ere badago, eta plaza garrantzitsuetan bertsoak botatzera gonbidatuak izan direnak. Eta zer diozue kirolari buruz? Eskubaloian nolabaiteko tradizioa egon da aspalditik, baditugu ordezkari txukunak kantxan, eta futbolean gainontzekoen gainetik nabarmendu den baten bat egon den arren, orain dugu etxean munduko futbolaririk onenetariko bat. Honek pentsarazten dit, agian futbolari hori gizona Belastegi-Oiartzabalbalitz jada bere izenean peña bat izango lukeela. Baina emakumea da. Ez naiz futbolzalea, baina niretzat bera, beste guztiak bezala, bada profeta eta erreferente bat.

Iraia Oiartzabal

Aitortuko dizuet ez naizela oso profeta zalea. Hori esanda, urrutiegi begiratu behar izan gabe zer esan eta eman asko duten herrikideak dauzkagula aitortu eta gogoratzea komeni dela esan beharra dago. Errepasoa egiten hasita, Zumarragan eta Urretxun ere arlo ezberdinetan markak gaindituz gora doazen herrikide ugari ditugu. Dela musikan, futbolean, eskubaloian, pilotan, mendian, interpretazioan, kazetaritzan, literaturan… Poza eta, neurri batean, harrotasuna ere eragiten du bizilagun diren edo izan direnen izen-abizenak han hemen ikustea. Haien lorpenak guk ere ospatzen ditugu nolabait.

Ziurrenik haietako gehienak ere kontziente dira honetaz, baina zuk botatako puntua aprobetxatu nahi nuke lorpen pertsonal handi horiek inurri lanaren eta elkarlanaren fruitu ere badirela aipatzeko. Antzoki edo taberna txiki batean eskainitako lehen emanaldiak, kirol talde txikietan egindako lehen balentriak, publiko xumeari eskainitako lehen idazlanak… Hortik ere hazkunde pertsonal eta kolektiboa datorrelako. Horrexegatik gure herriak izarren mapa horretan kokatzen dituzten lorpen horiek aldarrikatu nahi nituzke. Eta inurri lanean jarraitzera animatu norbanako eta kolektiboak, elkarrekin lan eginez eta elkar babestuz denon artean emaitza politak lortu ditzakegulako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>