Realean 15 urtetxorekin

Donostia taldea (Errepublika garaiko Reala), 1933-34an. Zutik eskuinetik bigarrena, Pedro Irastortza.

Donostia taldea (Errepublika garaiko Reala), 1933-34an. Zutik eskuinetik bigarrena, Pedro Irastortza.

Pedro Irastortza Aierbe zaldibiar-ordiziarra da, oraindik ere, inoiz Realean debutatu duen futbolari gazteena eta Espainiako Ligako bigarrena. 15 urte eta 288 egunekin jokatu zuen lehen partida Lehenengo Mailan, 1934ko otsailean.

Ordiziako San Jose altzari fabrikako lanetik irten alpargatak jantzita, presaka Donostiara joan, eta Realarekin entrenatu. Halaxe hasi zen futbol profesionalean Pedro Irastortza Aierbe (Zaldibia, 1918 – Ordizia, 1991). Mutikoa zen artean, 15 urte besterik ez.

Zaldibiako Nazabaltxiki baserrian (Lazkaomendin) jaio zen 1918ko apirilaren 22an. Sei urterekin Ordiziara joan behar izan zuen osaba-izebarenera, ama hil eta aita gaixotu ostean. Herriko Villafranca taldean hasi zen, 1932-33 denboraldian, eta hurrengo urterako Donostian zen. Donostia hirian eta taldean, izen horixe baitzuen Realak Errepublika garaian.

Marka jarri zuen, oraindik dirauena: Realarekin 1. Mailan jokatu duen inoizko futbolari gazteena da, eta Espainiako Ligako bigarrena. 1934ko otsailaren 4an debutatu zuen Bartzelona-Donostia neurketan, Les Corts zelaian (4-0). Bi urte egin zituen Donostian, aurreneko aroan: 33-34 eta 34-35.

Espainiako Ligan, Francisco Bao Rodriguez Sanson bakarrik da gazteago debutatu duena: Vigoko Celtarekin, 1939-40an, 15 urte eta 255 egunekin. Irastortzaren ondoren, hirugarren postuan Oscar Ramon Pellicer zaragozarra dago, 15 urte eta 289 egunekin (bat gehiago).

Osasunan (erdian), 1935-36an.

Osasunan (erdian), 1935-36an.

Lehen Mailako jokalaria

Iruñera joan zen Donostiatik, eta Osasunak 1. Mailan aurreneko aldiz jokatu zuen taldean izan zen, 1935-36an. Gerra garaian, Amaiur batailoiarekin gudari borrokatu ondoren, Madrilgo Atletico Aviacionen (errepublikar girokoa, Real Madril nazionalaren parean) aritu zen, koronel batek Donostiatik ezagutu, eta eramanda. Levanten beste urte bat egin zuen gero.

Atzera Osasunara itzuli zen, gerra ostean (1939-40). Bi urte han igaro, atzera Realetik pasatu (1941-42), eta Murtziara joan zen. 1942-43an 2. Mailan aritu zen, baina igotzea lortu, eta 1943-44an berriro 1.ean zen. Alaba zaharrena «ia-ia murtziarra» izan zuen, gainera. «Ama [Pedroren emaztea] presaka etorri zen Ordiziara, haurra hemen izatera», dio Txema Irastortza seme/anaiak.

Logroñesen bi urte gehiago egin zituen. Hanka hautsi zuenean utzi zuen futbol profesinoala, 1946an. Jarri zen berriz, eta Villafrancan amaitu zuen jokalari. Entrenatzaile eta epaile jarraitu zuen gero.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>