Oargiko Gauak Ataunen, oasiko argia musikari

Maddi Noguera musikari ataundarra eta bere taldea, Xabier Etxeberria, Haritz del Cid eta Julen Goikoetxea, Oargiko Gauetan jo zutenean.

Maddi Noguera musikari ataundarra eta bere taldea, Xabier Etxeberria, Haritz del Cid eta Julen Goikoetxea, Oargiko Gauetan jo zutenean.

Ataungo musika-giroa biziberritzen ahalegina egiten ari da Torto gazte asanblada. Oargiko Gauek ekimenari iazko martxoan ekin zioten, eta uztailetik hilero kontzertu bat antolatzen dute. San Martin auzoko eliza alboko kalostra gaina dute bilgune, Oargi elkartea.

«Musika estilo desberdinak ekarri eta ezagutzea da asmoa. Gazteen artean rocka, eta mota bakarrekoa bakarrik, entzun ohi da eta», dio taldeko Egoitz Goikoetxeak.

Hala, urtebete honetan, rockaz gain, akustikoak, rumbak eta bestelako aireak ekarri dituzte Oargiko Gauetara. Rap kontzertu bat ere badute buruan. Sei laguneko taldea dabil kontzertuen arloa dinamizatzen, asanbladaren barruan.

Oro har, Ataun «bizirik» mantentzeko nahian, «aisia eta formazioa» ditu bi zutabe Torto gazte taldeak. Tailerrak eta ekitaldiak antolatzen dituzte. Taldearen izaera aldatzekotan dira, bestetik. «Oargi gazteen soziedadea da, eta gaztetxe eran hastekoa dugu asmoa. Autogestiorako, kontzertuetako dirua horretara bideratuko dugu».

Unidad Alavesak diskoa

Oargiko Gauek tokia jakina badute ere, gazteen arteko harremana eta mugimendua Ataun guztira zabaltzeko prest dira. Hala, Artadi elkartean kontzertu bat antolatu dute, otsailaren 8rako, lehenengo aldiz. Nevadah taldeak joko du. «Elkarte horretan bazkide gutxi daudela eta, eta gazteak San Martinera etortzen direnez, San Gregorion ere herri giroa bultzatzen lagundu nahi dugu».

Oargin bertan, hurrengo kontzertua otsailaren 16an da. Kontzertu esanguratsua dute: Unidad Alavesa herriko taldeak bigarren diskoa, Martin Martin, aurkeztuko du (00:00). Cabezafuegok joko du aurretik.

Orain arteko lana ari da fruitua ematen. Entzuleak joaten dira Oargiko Gauetara, jotzen duten taldeen ingurukoak asko. Zerrenda eginda daukate aurrerantzerako. Ataungo musikariei eta taldeei ere bidea ireki nahi diete.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>