«Denboraldi honetan neskek osatuko dugu tropela, eta irrikaz nago»

Nagore_TxintxurretaNagore Txintxurreta (Urretxu, 2004) bidea egiten ari da pedalkadaz pedalkada. Goierri Txirrindulari Elkartea utzi, eta Limousin–Murias talde sortu berrira jauzi egin du. Emakume gazteen tropela geroz eta handiagoa da.

Nolatan eman duzu aurrerapauso hau?
Duela gutxira arte ia ez zegoen emakumeen harrobia lantzen zuen txirrindularitza talderik, baina geroz eta gehiago dira. Horietako bat da Tolosako Oriako Txirrindulari Eskola. Aurten, Limousinen eta Muriasen laguntzarekin, kadete mailako taldea atera dute, eta taldea osatzeko deitu zidaten. Oso pozik nago.

Jauzi handia al da?
Aurten kadetea naiz, eta hori izango da aldaketarik handiena. Orain lasterketa gehiago izango ditut, eta luzeagoak eta gogorragoak. Euskaldun Torneoan hartuko dut parte; denera, hogei bat lasterketa izango dira, eta Espainiako Kopako inguruko lasterketetan ere lehiatuko naiz.

Helbururik baduzu?
Lasterketak amaitzearekin konformatzen naiz. Trafikoan arazorik ez eragiteko, atzean gelditzen dena kaleratu egiten dute, eta hori ekidin nahi dut.

Txirrindularitzan ibiltzeko gogor entrenatu behar da?
Astean hiru edo lau egunetan irteten naiz errepidera. Tarteka egiten ditugu taldeko entrenamenduak, baina gainerako neskak beste herrietan bizi direnez, bertako mutilekin irteten naiz normalean. Pultsometroen bidez, taldeak jarraipen zehatza egiten dit.

Errepideak ez al dizu beldurrik ematen?
Ez, mendi bizikleta edo bizikleta estatikoa baino nahiago dut. Halere, eguraldiagatik, batzuetan etxean entrenatu behar izaten dut.

Erraza da ikasketak eta txirrindularitza uztartzea?
Ez dut arazorik izan ikasketak eta txirrindularitza uztartzeko. Egunen batean gustatuko litzaidake txirrindulari profesionala izatea, baina zaila denez, ezin dira ikasketak alboratu.

Zein egoeratan dago gazte mailako nesken txirrindularitza?
Neska askorik ez geundenez, orain arte mutilekin batera lehiatu izan naiz. Ongi moldatu naiz, infantiletan alde handirik ez dagoelako nesken eta mutilen artean. Halere, nahiago izaten nuen nesken aurka lehiatu. Denboraldi honetan neskek osatuko dugu tropela, eta irrikaz nago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>