Eneritz Gorrotxategi eta Ion Muñoa

Eneritz Gorrotxategi

Ez naiz ni oso futbol-zalea, baina gaurkotasunak eskatu didan jarraipen juxtua egin izan diot. Lehengoan ordea, ileak tente jarri zitzaizkidan San Mamesen nesken taldeak jokatzean bildutako ikusle kopurua ikusita. Europan, kluben arteko norgehiagoka batean inoiz bildu den kopururik handiena omen, non eta Bilbon lortutakoa. Bilbon behar zuen, nola ez. Poztu nintzen, baina aldi berean, zer pentsatua ere eman zidan horrek:

San Mamesen zelako joan al zen jendea? Edo behin jokatuko neskek katedralean eta orduan bete egin behar dela pentsatuta? Edo benetan emakumezkoen futbolak gizonezkoen pare izan behar duela aldarrikatzeko? Emakumeek Lezaman jokatu ordez, San Mamesen astero jokatuko balute, bildutako ikusle kopuru horretatik ehuneko zenbat izango litzateke bazkidetzari heldu eta astero joateko konpromisoa hartuko luketenak? Erakundeek ere ez al zuten neurri batean betekadaren argazki hori helburu? Prest egongo ote lirateke aste horretan egindakoa, astero egiteko emakumezkoen futbolak behar eta merezi duen bultzada izan dezan? Eurek bultzatutako betekada hori behin lortu, eta aurrera-pausu gehiagorik ez ote da eman behar? San Mamesen lortutako errekorra ikusita, bai Realak baita Athletic-ek ere ez ote lukete emakumeek Anoetan zein San Mamesen astero joka dezaten erronka edo helburu hori mahai gainean jarri behar? Gorrotxategi-MunoaZer dugu helburu bestela, futbolean berdintasuna aldarrikatzean? Galdera horiek guztiak sortu zaizkit.

Ion Muñoa

Tamalez (edo zorionez) erantzun gutxi dut. Ezbairik gabe, ordea, San Mamesek izandako betekada historikoak zein handik egun gutxira Anoetan ere, emakumezkoen euskal derbian 21.000 ikusletik gora elkartzeak ematen dute zer pentsaturik. Bilbon eta Donostian gertatutakoak historikoak badira, baina ikusteke dago mugarri izango diren. Historikoak dira lehen aldiz gertatu direlako, eta Europan zein Espainiako estatuan aitzindari izan direlako. Baina mugarri izango dira, horrek aurrera begira, jauzi kualitatiborik baldin badakar.

Emakumeen futbolak asko egin du aurrera eta profesionalizatze bidean da (nahiz eta oraindik ere, nesken talde osoen aurrekontuak mutil batzuen soldatak baino baxuagoak izan gure talde maiteetan ere). Gizartearen aldaketen, feminismoaren bultzadaren, kluben apustuen, herri-erakundeen babesaren eta komunikabideen ikusgarritasunaren ondorioa da berriki San Mamesen eta Anoetan ikusitakoa. Baina olatuaren bultzadara jende asko batzen den gisara, ikusi behar olatua pasatzean zenbat geratzen diren. Apustua benetakoa bada, hartzen diren neurriak koherenteak badira eta zaleek erantzuten badute, emakumeen futbolak hazten eta sendotzen jarraituko du.

Dena den, badut zalantzarik gure herri txikian kirol guztietan, neska eta mutil, zale asko egoteko masa kritiko nahikorik ba ote dugun. Edozein modutan, parekatzen behintzat joan bitez! Bukatzeko, aipagarria iruditzen zait azken urteetan gure bi kiroletan, pilotan eta arraunean, nesken arloan egindako bidea. Arraunean gertatzen den bezala, posible izan ote daiteke pilota jaialdi berean emakumezkoen partida bat eta gizonezkoen beste bat ikustea?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>