Goiener Taldeak bost urte bete ditu energia merkaturatzen. 10.000 bazkideko muga gainditu du. Argindarra banatzeaz gain, %100 berriztagarria sortzen ere hasi da. Baina hazkuntzaren kantitateari ez, kualitateari erreparatzen dio.
«Energiarik onena, kontsumitzen ez dena da». Ez da ohikoa esaldi hori argindarra merkaturatzeaz arduratzen den enpresa batean entzutea. Gizartean kontsumismo bortitzaren eta neoliberalismo diruzalearen sukarra hezurmuineraino sartua den honetan, bada bestelako patxada bat hartu, eta energiaren arloa bera gizakiaren eskalara ekarri nahian dabilen mugimendu bat: Goiener. Eta, ez, haren nahia ez da «hazteagatik haztea». Kualitatean dute ipar: «Ondo haztea».
Ohiko enpresetan —kooperatiba klasikoak barne— aginte makila «zenbakiek» duten garaiotan, «pertsonengan» jarri nahi du begia Goienerrek. Bai kooperatibako langileen kasuan, bai boluntarioenean, bai bazkidegoan ere.
Zenbakiak ere baditu Goienerrek, noski. Hazten ari direnak, gainera. 27 langile ditu, bost bulegotan banatuta, Ordizian (nagusia, 7 langilerekin) eta Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Boluntario lanetan 155 bat lagun dabiltza. Eta giharre soziala etengabe hazten ari da: 10.000 bazkideko sabaia gainditu dute, eta ia 12.400 kontratu baino gehiagoren bidez hornitzen die energia. Goierrin, 588 bazkide dira; mila biztanleko proportzio-neurria hartua, bigarren eskualdea da kopuruan.
Goiener proiektua 2012an hasi zen, «argindarraren inguruko herritarren desasostasunetik», energia merkaturatzaile gisa jarduteko. Herritar kooperatiba gisa eratu zuten, 33 lagunek (horietatik 10 goierritarrak). Goiekiren enpresa ideia berritzaileen lehiaketa irabazi, eta Ordiziako Mallutzeko inkubategian dago harrezkero.
Energiaren nolakotasunak kezkatzen ditu, ordea. «Goienerren helburua eta filosofia autokontsumorantz jotzea da. Merkaturatzearen paralelo, energia sortzeko bide bat irekitzen joan da. Ez da sortzeagatik sortu, hala ere:?energia berriztagarriak bultzatu nahi ditugu, energiaren subirautzaren alde egin eta modu jasangarrian sortuz», dio Goienerreko langile bazkide Agurtzane Alurrek.
Txikitik eta bertan sortu
Argi utzi dute kontua ez dela Usurbe haize-errotaz betetzea, edo lur sailak eguzki-plakaz jostea. «Beste baliabide batzuk daude». Ur saltoak, adibidez (Oñatin sartu dira jauzietako sorkuntzako eragile); edo Goierrin hainbeste dauden pabiloien teilatuetan plaka fotovoltaikoak instalatuz. Lurgintza elkartearekin lankidetzan dira, nekazaritzan plakak jartzeko.
Nafarkoop kooperatiba sortu du Goienerrek, energia sorkuntzarako. Ipar Euskal Herrian ere I-ener laguntzen ari da. Iaz, 800.000 eurotik gora inbertitu ditu Goienerrek proiektuetan; guztia, diru ekarpenak bilduta.
Egiteaz gain, eragitea ere badu helburu. «Goiener ez da plaka instalatzaile bat, bide horretan lagunduko duena baizik», dio Allurrek. Hala, norbanakoei azterketa bat egiten diete, dauzkan aukerak ikertzeko eta onena hobesteko.
Eguzki-energia sorkuntzaren zerga kendu zenetik, «ikaragarri» igo da jendearen interesa. «Sorkuntza proiektuetarako irekita gaude, gureak garatzen, lankidetzan edo finantzatzen».
Administrazioa aldatzen
Pedagogia ere egiten ari da, bide batez. «Herritar kooperatiba garenez, energiaren arloan dagoen desinformazioa gainditzea ere bada gure helburua: zer egin dezaketen jakin behar du herritarrak». Horretarako, ezinbesteko jotzen dute zuzeneko arreta (bulegoetan ematen dute), eta tratu pertsonalizatua (faktura analizatuta).
Norbanako partikularrez haraindi, administrazio publikoa ere trebatu behar izan dute energia berriztagarrien hornikuntzaren gaian. «Hasieran, energia hornikuntzarako deialdietan, pleguak ez zeuden prestatuta energia berriztagarrien kooperatiba batek parte hartzeko, eta lehen aurkezteko aukerarik ere ez genuen. Hori aldatzen ari da». Tokia egiten ari dira hor ere, udal batzuek zuzenean kontratatuta nahiz lehia irabazita. Azken batean, administrazio publikoaren ikuspegia, aldaketa klimatikoarekin ere «lotuta» baitago.
Ari da Goiener bideak sortzen eta kontzientziak pizten. «Baina, beti ere, kontuz: energia berriztagarria sortu, baina ez edonola».
‘Goiener metodologia’, enpresako giza-energia aktibatzeko modua
Oreka. Askotan atera da Goienerren azalpenetan hitz hori. Balantzeen ordez, balantza hobetsi dute. «Ez da erraza. Ohitura dago gauzak azkar egitera, bolumen handia azkar hartzera. Oreka bat bilatu nahi dugu; gauzak ondo eginez joan aurrera. Eta pertsonen ikuspegitik, ez zenbakien ikuspegitik. Borroka da».
Goiener metodologia deitzen dutena sortu eta aplikatu dute horretarako, bai enpresa barruko lanetarako, bai enpresak jarduten duen joko-zelaietan arau izateko. Emaitza bat, Goiener Elkartea da, 155 boluntariok osatua. Figura berritzailea da. Talde askotan banatuta daude, eta askotariko gaiak lantzen dituzte: administrazioa, sorkuntza, hitzaldiak ematea edo ferietan parte hartzea. Baina bestelako lanketak ere badituzte esku artean: pobrezia energetikoa, mugikortasun jasangarria, bertako txanpona (Ekhi), hizkuntza eta genero berdintasunaren politika lingusitikoa…
Erabakiak kooperatibako langileen eta elkarteko boluntarioen artean hartzen dituzte, bazkideak denak. «Metodologia hori zabaltzen ari gara. Zerbait berria da», dio Agurtzane Allurrek.
Ekimen ugarien uztarketa eta gobernabilitatea ziurtatzeko gidaritza-organuez gain (kogerentzia, pilotajea, batzar nagusia), kooperatibetako langile guztiak hiru hilean behin elkartzen dira, ostiral bat hartuta eta eguneroko martxa geldituta. Goiener metodologia landu, langileen arteko komunikazioa praktikan jarri eta elkar ezagutzea da bilkura horiek egitearen arrazoia.
Zenbait jakingarri
- Goiener zer den. Energia merkaturatzaile kooperatiba. Berriztagarria sortu ere egiten du, bere proiektuak garatuz edo besteenak lagunduz, finantzatuz edo teknikoki aholkatuz.
- Filosofia. Janariarekin gertatu den joera (azalera handietatik betiko eta gertuko denda txikietara joatea) energiaren atalean aplikatu nahi dute. ‘Nik zer egin nezake?’ galdetzea da.
- Goienerren osaera. Goiener Taldea hiru ardatzek osatzen dute: Goiener Kooperatiba (energia merkaturatzeko), Nafarkoop (sorkuntzarako) eta Goiener Elkartea (herritar boluntarioek osatua).
- Partaide motak.
- Bazkidea. Goiener kooperatiban edo Nafarkoopen izan liteke.
- Boluntarioa.
- Bazkide kontsumitzailea. Energia kontsumitzen duena.
- Ekarpen egile. Energia-sorkuntzako proiektuak garatzeko diru ekarpena egiten dutenak (ez dute kapital kontzeptua erabiltzen). Bazkide eta ekarle izan liteke
- Bazkide langilea. 27, gaur egun.
- Bazkide kolaboratzaileak. Erakunde publikoak eta enpresak.
- Erabaki guneak eta lana.
- Kooperatibako lana. Kogerentzia bidez antolatua: taldeka bereiziak, koordinatzaile banarekin.
- Pilotajea. Kooperatibako eta boluntarioen Elkarteko lana bateratzeko. Bi hilean behin bilera, erabaki batzuk hartzeko. 25 lagun.
- Batzar nagusia. Kooperatiba bakoitzak, urtean behin. Bazkide bat, boto bat (ez dago parte-hartze portzentaia desberdinik).
- Bulegoak.
- Ordizian. Mallutz industrialdea, 18. (Goiekiren inkubategian).
- Hiriburuetan. Donostian, Bilbon, Iruñean eta Gasteizen.
- Ordutegia.
- Astelehenetik ostegunera, 09:00etatik 17:30era.
- Ostiraletan, 09:00-15:00.
- Kontaktuak.
- Webgunea. goiener.eus
- E-posta. goiener@goiener.com
- Telefonoa: 943 088 444