«Trapezioan indartsu eta libre sentitzen naiz»

Lexuri_Iparragirre(1)Zirkoa maite du Lexuri Iparragirre (Idiazabal, 2004) gazteak. Sendavivan ikusi zuen lehenengo aldiz zirkoa eta aho zabalik gelditu zen ikusitakoarekin. Harrezkero, berak ere zirkoan aritu nahi zuela beste gauzarik ez zuen buruan, lortu zuen arte.  Zortzi urterekin hasi zen, eta gaur egun Ataungo Hiru Txilipurditan elkarteko kidea da.

Kirola, musika… zuk zirkoa aukeratu zenuen.
Bai, hala da! Familiarekin egun pasa egin genuen Sendavivan eta han zirkoa ikusten egon ginen. Oihala egiten zuen neska bat ikusi nuen. Akrobaziak egiten zituen. Une hartan bertan pentsatu nuen nik ere ikasi nahi nuela hori egiten.

Eta eskola baten bila hasi zinen.
Bai! Une hartan Goierrin ez zegoen zirko eskolarik eta Adunan, Asvinenea Arte Eszenikoen Eskolan hasi nintzen. Gurasoek, gainera, asko animatu ninduten.

Nola izan ziren lehenengo urratsak?
Intentsibo bat egin nuen lehenengo. Hiru egunetan egin genituen saioak. Dena berria zen niretzako eta ez zitzaidan batere erraza egin hasiera batean. Baina orain ondo moldatzen naiz. Zortzi edo bederatzi urterekin izan zen, orain dela sei urte.

Aspalditik Ataunen hartzen dituzu klaseak.
Hiru Txilipurditan Elkarteak zirkoaren barruan dauden modalitate desberdinak ikasteko aukera ematen du, eta hantxe ari naiz klaseak hartzen. Asvinenean Ataungo jendearekin elkartu nintzen. Ataunera bertara irakasle bat ekar genezakeela pentsatu genuen eta horrela, duela sei urte sortu genuen Hiru Txilipurditan elkartea. Sorkuntza, artea eta kultura mugimendua elkartzen ditu gure elkarteak.

Zein modalitatetan aritzen zara zu?
Oihalarekin hasi nintzen, Virginia Maffasaun irakaslearekin, Ataunen. Baina utzi egin behar izan zion etortzeari eta beste irakasle berri batzuk iritsi ziren. Haiei esker, beste modalitate batzuk ere ikasteko aukera izan dut. Oraintxe trapezioarekin ari naiz. Oso gustuko dut.

Zer sentitzen duzu trapezioan edo oihalean zaudenean?
Ez da erraza azaltzen. Sentipen ugari izaten dut, baina batez ere oso indartsu eta libre sentitzen naiz.

Oihalaz eta trapezioaz gain, zein beste modalitate daude?
Uztaia eta soka. Aireko elementuak lantzen ditugu asko. Dena den, monozikloa, malabareak ere ikas daitezke. Taldeko helduenak, aireko elementuetan ibili ohi gara. Eta txikienak, berriz, bestelako modalitateetan.

Zer behar da zirkoan hasteko?
Gogoa batez ere. Ondoren, aukeratzen duzun modalitatearen arabera. Trapezioan edo oihalean aritzeko, indarra eta malgutasuna beharrezkoak dira. Entrenatuz lortzen den zerbait da.

Zenbat jende zaudete Hiru Txilipurditan elkartean?
Une honetan 13 pertsona gaude. Hasiera-hasierakoak bi gara. Eta adin tarte oso desberdinetako jendea gaude taldean. Txikien taldetxoa ere badago. Nahi duen edozeinek proba dezake.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>