Aitor Calvillo eta Axier Iriondo

Aitor Calvillo

«ETB1 ardatz duen ETB», hauxe Kike Amonarrizek azaroan legebiltzarrean aurkeztu zuen EITBren etorkizunaz, soziolinguistikaren talaiatik txostenetik atera dezakedan predikurik nabarmenena. Izan ere, EITB sortu zenetik ia 40 urte pasa badira ere, espainola da oraindik nagusi zerbitzu publiko honetan. Euskarazko edukiei lehentasuna ematea besterik ez du proposatu Kikek. Eta hain zaila al da ba? Badirudi baietz. Nik berak txostenean proposatutakoak birgogoratu besterik ez dizkizuet egingo, eta gero bakoitzak atera ditzala kontuak hala izan behar duen ala ez. Esaterako: ETB1eko albistegiei ETB2ko albistegien garrantzi eta iraupen berbera ematea, ETB1eko arratsaldea indartu eta baliabidez hornitzea, ETB1ek eduki sektorialagoak eskaintzen jarraitzea (Teknopolis saioa aipatzen du), ETB3 berritu eta sustatzea haurren artean erreferentzia berriak sortuz…

Edota, zer pentsatu behar dute gaur egungo 24 urtez azpiko gazteek? Egun, EAEan populazioaren %6 dira euskara ulertzen ez dutenak. Euskal telebista eta irrati publikoek eredu izan beharko lukete eurentzat, eta horretarako Euskaraldiak planteatu duen hizkuntza ohituren aldaketa bere egin beharko luke EITBk. «Edo euskara bilakatzen da EITBren hizkuntza nagusia eta lehentasunezkoa, eta honela ekarpen garrantzitsua egin hizkuntzaren normalizazio prozesuari, edota oraingo eskemarekin jarraituz, gizarteari eta batez ere euskararen ulermenaren unibertsalizaziotik gertu dagoen belaunaldi gazteari adieraziko diogu euskara bigarren mailako hizkuntza periferikoa dela», Kike Amonarrizen hitzetan.

Tokiko telebistak ere hor ditugu, Axier, eta hauen artean GITB. Calvillo-Iriondo15 urte beteko ditu aurten eta ez da makala! Euskara hutsez emitituta ere biziraun daitekeela gure artean erakutsi digu. Handiagoen ispilu balitz!

Axier Iriondo

Lehengoan Iñaki Beraetxek ere ETBkoek TV3ri gehiago begiratu beharko lioketela, eta ez Tele5ri, esaten zuen, Oier Aranzabalek ZuZeu.eus agerkarian argitaratutako elkarrizketan. Euskarazko bikoizketaren eta bere profesionalen egoerari buruz ari zen bertan.

Asko korapilatu zaigu hedabideen mundua. Ehunka kate eta plataforma erdaldun dauzkagu eskura. Iruditzen zait EITBko arduradunak horko audientzia eta ikustaldien lehia eta ereduetan sartzeko tema izan dutela. Hala ere, ardurak gorago ere ikusten ditut nik, beheragokoak ahaztu gabe. Euskal Herri osoko erakundeen erronka beharko luke. Herri honek, gainera, badu esperientzia, EKT, Hamaika, Tokikom, Kanaldude, Argia, Arrosa Sarea edo EITB bera bezalako ekimenei esker.

Iñaki Beraetxek aktore eta aurkezle ibilbidea ere badu. Lehenengo aldiz ikusi nuenean, segituan antzeman nion Thomas Magnumen ahotsa zeukala. Gogoan dut, 1980ko hamarkadako telesailean, Higginsek behin baino gehiagotan esaten zion hura: «Ferraria hartzen duzun bakoitzean, mailatuta ekartzen duzu beti».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>