Zapelatza erlezain

ZAPELATZ_LIZTORJALEALiztor beltz kaltegarriari aurre egiteko, zapelatz liztorjalea ikertzen hasi da unibertsitate bat, orain arte ezerk aurre egin ez dionaren harrapari delakoan.

Erlezainek burutu ezinik segitzen dute Asiako jatorriko liztor beltzak (Vespa velutina) erlauntzetan eragiten duen sarraskien aurrean. Etsi puntua zabaldu da, gainera, orain arteko neurri apurrak gaindituta, etengabe zabaltzen ari delako liztor kaltegarria.

Borroka horretan, jo-puntu bat zapelatz liztorjalearengan (Pernis apivorus) jarri dute. Alcala de Henareseko Unibertsitateko (Espainia) Jose Manuel Fernandez ornitologoak eta Salvador Rebollo ekologoak ikerketa bat esku artean dute, zapelatza liztor beltzaren harrapari naturala den jakiteko.

Liztor mota horrekin elikatzen ote den zehaztu nahi dute, batez ere. Beste intsektu espezierik ez kaltetzea baita beste xede bat, tranpekin ez bezala.

Ikerketaren lehen emaitzak otsailean aurkeztu zituzten, Galizian. Zapelatzek, beren kumeei jaten emateko, erlauntzetatik abaraska handiak eramaten dituztela ikusi dute kasuen %70ean. Liztor beltz asiarrarena edo europarrarena (Vespa crabro) soilik izan daitezke. Molekularki aztertuta soilik bereiz daitezke, baina asiar liztorrarenak direla uste dute, Vespa velutina behatu baitute inguruan.

Bestetik, zapelatza ugaldu egin dela ere antzeman dute, liztor beltza agertu zenetik.

Konponbidea, zaila

Zapelatzak gehien bat liztor beltza jaten duela baieztatzen bada, haren zabalkundearen eusle naturala litzateke. Bere horretan konponbidea ez dela izango ere aurreratu dute.

Ikerketaren gaiaren berri galdetutakoan, zuhur hartu dute kontua Goierriko erlezainek. «Behin betiko irtenbiderik nekez izango dugu. Liztor beltzaren gaitasun handiena da sekulako populazioa oso denbora gutxian lortzen duela», azaldu du Jon Etxeberria ataundarrak.

Dentsitate handia du liztorrak bizirauteko duen arma bat. Ugari daudenean nabaritzen da kaltea erletegietan. Habiako, 5.000 liztor daudela kalkulatzen da.

Horren aurka egiteko, zapelatz kopuru txikia da desabantaila bat: Hego Euskal Herrian, 150 edo 200 bikote bakarrik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>