Egun on Alexa: ba al dakizu nora goazen?

Joseba ImazZer, ondo portatu al duk Olentzero?» Ez nuen erantzun deigarririk espero, egia esan, joandako Eguberrietan lagun bati egindako galderaren harira. Ondoren entzundakoak, baina, zeharo harritu ninduen. Begiak zabal-zabal eginda ihardetsi zidan adiskideak: «Flipatu egin diat, motel. Altavoz inteligente bat ekarri ziguk! Izena ere berezia dik. ‘Egun on Alexa, nolako giroa egiten du gaur?’ galde egiten diok, esate baterako, eta egun hortako eguraldiaren berri ematen dik etxetik atera aurretik».

Ez nauzue gailu teknologikoetan aditua. Aitzitik, kontu hauetan ezjakin (ia) totala naizela esango nuke. Ez diet sekula arreta handiegirik eskaini teknologia berriei. Zer pentsatua eman dit, ordea, mundu erdiko etxeetako ateak zabaldu dituen Alexaren kasuak.

Sarean han eta hemen irakurritakoaren arabera, Amazon multinazional erraldoiaren –konpainia honen jabea, Jeff Bezos, historia guztiko aberatsetan aberatsena omen– laguntzaile birtualaren izena da Alexa. Bozgorailu zilindriko bat euskarri fisiko gisa hartuta, sistemaren oinarrian dagoen teknologia adimentsu eta konektatuari esker, erabiltzaileak galderak edo aginduak eman diezazkioke etxezain inteligenteari: dela kanta jakin bat jarri dezala edo  egongelako argiak piztu ditzala agintzeko, dela txiste bat eskatzeko edo eguraldiaren berri galdetzeko.

Antza denez, Alexa izan zen, orain dela bost urte, gaitasun horiekin merkaturatu zen lehen dispositiboa. Baina dagoeneko ez da bakarra. Estatu Batuetan 2014 eta 2017 artean dagoeneko gisa horretako 34 milioi bozgorailu saldu zituen Amazonek; 2018an, berriz, beste 6,6 milioi. Beste erraldoi digital ezagun batek, Google-ek, alegia, antzeko 7,2 milioi tramankulu saldu zituen iaz AEBetan. Beti ere aldizkari espezializatuen aurreikuspenei jaramon eginez, bozgorailu adimentsuen merkatuak 12.000 milioi dolar lortuko ditu salmentetan 2023an. Imajinatzea ere kosta egiten den zifra, inondik ere.

Gurean ere, etxe batzuetako sasi-maiordomo bihurtu da dagoeneko XXI. mendeko sorginkeria berri hau. Galdetu bestela inguruan, ea zuen lagunek Alexa ezagutzen duten. Zeresana eta bromarako gaia ematen duen kontua da.

Ez nizkioke alde txarrak soilik ikusi nahi, hala ere. Ez oso urruneko etorkizun batean baliteke ahots bidezko laguntzaileak, wifi bidez, etxeko aparailu guztietara konektatu ahal izatea. Eta gauza jakina da domotika esaten zaion hori lagungarria izan daitekeela eguneroko bizitzan, kanpoko eta etxeko lanak uztartzeko garaian. Zer esanik ez osasun edo mugikortasun arazoak, nahiz desgaitasuna duten pertsonen kasuan. Zahartzaroak ezartzen dizkigun oztopo eta nekeak teknologiaren bitartez gainditzeko aukera berriak zabaltzen dituzte horrelako gailuek.

Hasteko, hala ere, nahiago dut horrelako aurrerapenak erreparoz hartu. Mugikorrekin edo telebista adimentsuekin bezala, etxera Alexa edo bere lehengusuren bat gonbidatzeak izan ditzakeelako albo-kalteak. Ustez kaltegabea den bozgorailuari zerbait galdetzen diogunean, gure planen berri ematen diogunean, gure bizitzaren eta ohituren berri ematen ari baikara multinazional erraldoi bati. Beste behin, berez intimoak behar luketen milaka eta milaka datu interes komertzialen esku uzten ari gara.

Ikuspuntu kritiko asko sor ditzakeen kontua da –gurea bezalako hizkuntza minorizatuen presentzia beste baterako utziko dugu–. Gero eta gizarte indibidualista eta bakartiagoa egiten ari garen garaiotan, bozgorailu batekin hizketan jardutea paradoxikoa da, zerbait esatearren. Hurkoarekin aurrez aurre solasteko gero eta gaitasun mugatuagoak ditugu, eta aldi berean dispositibo bati txisteak (txarrak) kontatzeko eskatzen diogu. Tristea da oso. Sexu harremanetarako ere gero eta ohikoagoak omen dira plastikozko panpin ultra-errealistak. Apustu egingo nuke laster Amazonera edo Google-era konektatuta egongo direla hauek ere. Gure barrura eta gertukoengana gerturatu beharrean, badirudi horrelako tramankuluei itaun egiten diegula: ba al dakizu nora goazen, Alexa?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>