Martxoa gori-gori

Ingurumenaren kudeaketari lotutako hainbat albiste haizatu ditu martxoak. Pinuak fumigatzeko eskaerari ezetz esan dio Espainiak, suteak ere izan dira baso eta mendietan, eta basurde uxaldiak egiteari utzi diote ehiztariek.

Oraingoz lurretik egingo diote aurre pinuen gaitzari

z-Intsignis-pinuaren-gaitza

Lazkaoko igerilekuaren ondoko etxearen atzealdean dagoen pinudia, gorrituta, iazko irailean.

Espainiako Gobernuko Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak ez du baimendu xingola marroia eta gorria duten pinudiak kobrearekin –oxido kuprosoarekin– airez fumigatzea. Otsail bukaeran eman zuen erabakiaren berri Luis Planas ministroak.

Eusko Jaurlaritzak, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru diputazioek neurri horren kontrako helegitea jarriko zutela iragarri zuten otsailaren 28an kaleratu zuten prentsa ohar bateratuan, eta aurreratu zuten Neikerrek sortutako tratamendu bat probatuko dutela hiru herrialdetako 1.050 pinudi hektareatan. Oxido kuprosoa du oinarrian tratamenduak.

• Aurrekariak
Iazko udan azaleratu zen intsinis pinuaren gaitza. Hiru onddoren eraginez, pinu-orriak ihar-ihar eginda ageri ziren, eta onddoa ugaritzeko arrazoiak ere beste horrenbeste ziren: hezetasun handia (%70etik gorakoa), beroa (18-25 gradu bitartekoak), eta azken aldian pinudiak zabar utzi izana. Aditu eta agintariek gaitzaren berri bazuten aurrez, baina ez zuten espero horrenbeste zabalduko zenik. Egoeraren jakitun, Diputazioak %500 igo zituen egurzaleei zuzendutako diru laguntzak 2016 eta 2017 urteetan.

• Euskal administrazioaren proposamen bateratua
Eusko Jaurlaritzak, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Aldundiek Konifera Basoak Berreskuratzeko Euskal Estrategia aurkeztu zuten urriaren 11n. Pinudi gaixoak oxido kuprosoarekin fumigatzea proposatu zuten –Espainiaren baimenaren zain–, beste bi lan ildotan sakontzeaz bat: gaitzari eta haren kaltetze mailari buruzko ezagutza zabaltzea eta basogintza sektorearen berreskuratzearen alde lan egitea. Askotariko erreakzioak eragin zituen  iragarpen horrek. Adituen artean ere ez zegoen batasunik  neurriaren balioez eta ondorioez.

• Airezko fumigazioa galarazteko arrazoiak
Udaberriaren aurretik espero zen Espainiaren erantzuna, eta otsailaren azkenean etorri zen. Oxido kuprosoaren airezko fumigazioa galarazten zuen «zuhurtziazko printzipioa eta segurtasuna» argudio hartuta, baina lurretik tratatzea baimentzen zuen: «Baldintza hauetan baliagarriagoa dela iruditzen zaigu; helburua ez ezik, ingurumenean edo pertsonengan eragin ditzakeen zehar kalteak ere kontutan hartu behar baitira».

• Tratamendua lurretik
Euskal administrazioaren erreakzioa bat-batekoa izan zen, baimen ukoari helegitea jartzeaz bat, «tratamendu esperimental» bat abian jartzeko asmoa adierazi zuen. EAEko basogintza elkarteak biltzen dituen Baskegur konfederazioak ere «kolpe gogortzat» jo zuen Espainiaren erabakia.

• Ekologistak baso politika berri baten eskean
Naturkon talde kontserbazionista pinudiak oxido kuprosoarekin tratatzearen aurka azaldu da hasieratik, airetik ala lurretik izan: «Ur ekosistemetan pozoi bihurtzen den fungizida generikoa da». Bioaniztasun Mahaia deitzeko eta baso politika berri bat diseinatzeko eskean ari zaio Gipuzkoako Diputazioari.

Iaz Goierrin 523 erreketa kontrolatu

z-Sutea_Aralarren

Otsailaren 28an Aralarren, Zabalegi inguruan, izandako sutea.

Nekazaritza lurretan sastrakak, sasiak edo mozketa ondoko zaborrak kontrolpean erretzeko suak egitea belaunaldiz belaunaldi igarotako ohitura da. Kontrolpeko erreketa horiek, ordea, kontrolpetik ihes egin eta sute bihur daitezke, eta onuren eta kalteen balantza okertu egiten da sarritan. Goierrin 2018an 523 baimen eskatu ziren foru aldundian erreketa kontrolatuak egiteko.

• Erreketaren onurak
Hainbat adituren esanetan, «basoko suteak prebenitzeko» teknika da erreketa kontrolatuena. Iñaki Azanza  Foru aldundiko Mendiak eta Habitatak kudeatzeko zerbitzu teknikariaren esanetan, «garbi nahi dute mendia, eta garbitasun hori erretzearekin lotzen dute».

• Erreketan kalteak
Azanzaren esanetan, «erre nahi dena piletan jasota dagoenean kalteak egotekotan, oso txikiak dira». Baina erre nahi dena pilatu gabe azalera batean zabalduta dagoenean, «kalteak handiagoak» dira. Izan ere, «lurrari, mikroorganismoei, intsektuei eta bertan bizi diren animalia txikiei maila batean edo bestean eragingo die». Horrekin batera, «sua pizten dugunean jakin behar dugu arrisku bat dagoela, eta ezusteko batengatik erreketa sutean bihurtu daitekeela».

• Erreketarako baldintzak
Baimena eskatu behar da foru aldundian, eta erreketa hasi aurretik, 943 42 03 26 telefonora deituta jakinarazi beharko da. Debekatuta dago igande eta jaiegunetan sua egitea, eta  haizerik gabeko egun freskoetan egin ahal izango da sua, 13:00ak bitartean. Sua guztiz itzali arte zaindu behar da. Baldintza guztiak, www. gipuzkoa.eus webgunean daude.

Basurdeen auzia

z-Ataungo_ehiztariak

Ataungo Akaitz Ehiztari Elkartea 2008an.

Basurde kopurua nabarmen handitu da azkeneko urteetan Euskal Herrian: %73 inguru igo da animalia ehizatuen kopurua, eta populazioa ere antzera hazi da. Goierriren kasuan, Ataun eta Zaldibia eremuan sortu da arazo gehien.

• Arrazoi ugariren batura
Arrazoi bakarraren ordez, igoera arrazoi askoren baturaren ondorioa dela uste dute adituek. Besteak bese, landa eremuan gero eta jende gutxiago egotea, babeslekuak ugaritzea, janaria lortzeko zailtasunik ez izatea, populazioa kudeatzeko sistema bakar gisa ehiza baliatzea, eta basurdeek harrapari naturalik ez izatea. Gainera, oso basurde gazteak ari dira kumeak edukitzen, urtebetekoak, askotan; izugarrizko gaitasuna daukate ugalketarako, eta egoera zaila da kontrolatzeko.

• Kalteak nekazaritzan
Nekazariak kexu dira, herrietara basurdeak jaitsi direnez, belardietan kalteak eragiten dituztelako eta basurdeek larreak harrotu eta belarra ezin dutelako behar den bezala bildu eta ganaduari kalteak eragiten dizkie. Honela, basurdeen populazioaren kontrola exijitzen dute nekazariek. Basurdeak eragindako auto istripuek ere gora egin dute.

• Ehiztariak greban
Basurdeen kopurua kontrolatzeko ehiza erabili izan da eta aldundiak basurdeak ehizatzeko baimenak eskuratzeko lehiaketa publikoa egiten du.  Gipuzkoako Ehiza Federazioak eskuratzen du baimen hori eta ondoren, kuadrillaka antolatzen dira ehiztariak. Orain ehiztariak greba mugagabean daude, besteak beste, lau urte ehizarako hitzarmenik gabe daramatela salatzeko.

• Naturkonen iritzia
Naturkon ekologista taldeak ehiztariei gezurretan aritzea leporatu die: «Urteak daramatza aldundiak ehiztari kuadrilen atzetik erreguka, basurde-uxaldi gehiago egiteko, eta erantzuna izan da ezin dutela, ez direla gauza edo nekatuta daudela. Inolaz ere ez, arauak ez dietelako uzten».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>