Iurrebasoren Itzuliak

Joxe Mari Iurrebaso, Espainiako Itzuliko etapa irabazi zuen egunean.

Joxe Mari Iurrebaso, Espainiako Itzuliko etapa irabazi zuen egunean.

Joxe Mari Iurrebaso txirrindularia ziklo-krosean egin zen ezagun, baina errepidean ere emaitza onak lortu zituen. Euskal Herriko Itzulian hiru aldiz parte hartu zuen eta Espainiako Itzuliko etapa bat ere irabazi zuen.

Aurtengo Euskal Herriko Itzulia Zumarragatik abiatuko da. Zumarragan ez dago Itzulian parte hartu duen txirrindularirik, baina Urretxun bai: Joxe Mari Iurrebaso. Garaipenik handienak ziklo-krosean lortu zituen, baina errepidean ere ibilbide polita osatu zuen. Euskal Herriko Itzulian hiru aldiz parte hartu zuen: 1979, 1980 eta 1981ean. 1980koa Urretxutik atera zen eta 1981ekoa Lazkaotik. Handik hiru astera, Espainiako Itzuliko etapa bat irabazi zuen ihes eginda: Jaen eta Granada artekoa. Egun gutxi batzuk lehenago Realak Liga irabazi zuen eta Iurrebasoren balentriak oihartzun gutxi izan zuen Urretxu eta Zumarragatik kanpo.

Euskal Herriko Itzuliari dagokionez, 1979an Novostil-Helios taldearekin aritu zen, 1980an Henninger-Transmallorcarekin eta 1981ean Hueso-Peña Manzanequerekin. Hiru itzuli haietatik, bi bukatu zituen.

Bereziena Urretxutik atera zena izan zen, noski. «Baserritik irteerara bizikletan joan nintzela oroitzen dut. Urretxutik Logroñora joan ginen». Hiru Itzuli haietan taldeko liderrarentzat lan egitea tokatzen zitzaion Iurrebasori, baina ihesaldi batean ere sartu zen.

Txirrindularitza asko aldatu da ordutik. «Prestaketa profesionalagoa da eta gu baino azkarrago ibiltzen dira. Ibilbideak eta ibiltzeko modua ere asko aldatu dira. Gu egungo afizionatuak bezala ibiltzen ginen, hasieratik herio batean. Egun, kontrola handiagoa da».

Zumarragako etapa ez du Antion ikusiko. «Ez naiz sekula Antiora joan. Beti Ipintzan ikusten dut lasterketa, bihurgunean. Antioko aldapa bezalakoak, txirrindulariak lurrezko bideetan sartzea… gehiegizkoa iruditzen zait».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>