Nagore Belastegi eta Iraia Oiartzabal

Nagore Belastegi

Zazpi urte bete dira Iñigo Cabacas bere futbol taldearen partida bat ikustera joan eta etxera itzuli ez zenetik. San Mameseko orroak eta berotasuna izan behar zuten egun hartako albistea, baina gerora garatzen joan zen beldurrezko pasarte bat izan zen trukean. «Entren al callejon con todo lo que tenemos», entzun zen Ertzaintzaren irratian, eta akabo. Athletic zale gaztea Bilboko kale zikin baten lurrean zerraldo erori zen, zalapartaren artean.

Zazpi urte eta oraindik ez da justiziarik egin, errudunak ez duelako heriotza horrengandik ordaindu. Istripua bezala saldu nahi izan ziguten, baina inork ez zuen egia hori erosi, eta justizia bila igaro dira lagunak, familia, herritarrak.

Gizarteak argi du injustizia egoera ugari daudela eta horiek ez direla bakarrik konpontzen. Ahotsa altxatzea da bide bakarra, noizean behin, bakarrik noizean behin, herritarren indarrak fruituak ematen dituelako.

Urteak pasatuko dira, Athleticek ehunka partida irabaziko ditu eta beste hainbeste galdu, Zazpi Kaleetan parranda egiten jarraituko dute unibertsitateko ikasleek.

Bizitzak aurrera egingo du baina zauriak ez dira sekula itxiko. Batzuek hala nahiko balute ere, Euskal Herriak ez du sekula Iñigo Cabacas ahaztuko, segundo batean, Belastegi-Oiartzabalgomazko pilota batek hankaz gora jarritako bizitza pila bat daudelako izen horren atzean, indarkeria polizialaren adibide argia delako.

Iraia Oiartzabal

‘Pitu’ deitzen zioten lagunek Iñigori. Gazte irribarretsua eta Athletic zale amorratua zen basauritarra. Apirilaren 5eko iluntze hartan bere taldearen garaipena ospatzen ari zen Indautxuko herriko tabernaren inguruan Ertzaintzaren furgonetak «guztiarekin» sartu eta basatiki kargatu zutenean. Ez zen ausazko erabakia izan Kirruli herriko tabernaren ingurura joan eta bertan zeudenak pilotazko gomak erabiliz disolbatzea. Hala uste dut nik. Bertan istiluak gertatzen ari zirela argudiatu dute gerora poliziek baina lekuko ezberdinen testigantzek zalantzan jarri dute hori. Alde ilun askoko kasua da hau eta hala erakutsi zuen epaiketak.

Zergatik erabaki zuten gomazko pilotak jaurtizea bertan zegoen poliziak istilurik ez zegoela baieztatu arren? Jokabidea neurrizkoa izan zen hainbeste jende zegoen espazio itxi batean? Egokia izan al da gerora Ertzaintzaren jokabidea kasua argitze aldera?

Galdera asko eta erantzun gutxi sufrimendu etengabean bizi diren senide eta lagunentzat. Gaur-gaurkoz hauxe diote egitateek: kasu honen inguruan epaituak izaten lehenengoak Cabacas sendiaren abokatua eta Gara-ko gure bi lankide izan zirela, gau hartako grabaketak publiko egiteagatik. Aldi berean, joan den urtean egindako epaiketan ertzain bakar bat izan zen kondenatua eta karga hura agindu zuen ertzainburua ez zen akusatuen aulkian eseri ere egin.

Manu eta Fina, Iñigoren gurasoak datozkit beti gogora auzi tamalgarri honetaz hitz egitean. Gure ordezkari politikoen jokabide lotsagarriaren aurrean euren duintasuna eta indarra erakutsi dutelako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>