Hilkorrak ez bagina bezala bizi dugu bizitza. Korrika eta presaka, egunerokotasunak eramaten gaituen korrontean sartuta. Gehienetan kanpora begira, kanpokoekin eta kanpokoentzako.
Askok bizitzeko lan egiten dute, eta beste batzuk lanerako bizi dira. Baina denbora, orduak, egunak, asteak eta urteak aurrera doaz… zuetako/gutariko zenbat ari da behar ez den lekuan, nahi ez duen moduan lanean edo gustuko ez dituen harremanetan?
Bizitza bizi egin behar dela behin eta berriz errepikatzen diot nire buruari, eta egia da batzuetan (nik nahi baino gehiagotan) ahaztu egiten zaidala. Lehen esan dudan moduan gizartearen korrontean sartu eta hor bainoa itsu-itsu, nahi dudanaren arteko borroka batean.
Aurrekoan alabak galdetu zidan ea txikitan zer ilusio neuzkan, handitan zer egin nahi nuen, nola irudikatzen ote nuen nire heldutasuna. Inoiz ez naiz ameslaria izan, ez dut etorkizunean gehiegi pentsatu, ez neukan, askok bezala, handitan familia bat osatu, holako etxean bizi, halako lana egin… bezalako amets edo pentsamendurik. Etorkizuna amestu baino gehiago, etorri den bezala onartzen joan naiz (batzuetan kostata). Gero, handitzen joan naizen heinean, orduan etorri zaizkit ametsak, ilusioak eta hauek betetzeko behar eta gogoak. Eta amets hauei forma ematen hasi naizen momentuan konturatu naiz egin nahi duzun hori benetakoa bada, barrutik sortu den zerbait bada, aurrera aterako dela. Egin nahi duzun horretan sinestea bezalakorik ez dago egia bihurtzeko. Gauza on eta txarretarako noski, zure barruan botatzen dituzun mezu guztiek indar bera dute eta errealitate bihurtzen dira onak zein txarrak.
Bizitzan proiektuak, ilusioak, izatea beharrezkoa da. Proiektu hauei forma ematea eta beraiekin batera haztea. Bizitza-proiektu hauek bizi-iraupen bat dutela pentsatzen dut hala ere, bizi-iraupen hori, zuretzako onuragarria den denbora-tarte berdina izango da. Ilusioa galtzen hasten bazara, ez du esan nahi bide hori txarra izan denik edo egindakoa alferrik izan denik. Etapa hori bukatu eta beste hobeago bat hasteko unea dela baizik. Ilusio berriak, proiektu berriak zain dituzu, pertsona bezala hazten jarraitzeko. Askotan, etapa baten bukaera porrota bezala hartzen dugu, eta ez, ez da horrela. Etapa horri esker gaude gauden lekuan, indartsuago, pertsonago, esperientzia gehiagorekin eta aurrera jarraitzeko indar handiagoarekin.
Etapak ixteko erabakia hartzea ez da erraza. Gauden konfort zona famatu horretatik ateratzea eskatzen badu, are gehiago. Baina gure barruak dioenari entzun eta sentitzen dugunari kasu egin behar zaio. Gauden lekuan nahi dugulako edo egon beharra dugulako gauden galdetu. Begiak itxi eta iluntasunetik ateratzeko bidea topatu. Amestu, baina batez ere, egin.
Umeak garenean ezagutza mordoa barneratzen ditugu. Mila ikasgai erakusten dizkigute, baina ez digute gure buruan konfiantza izaten erakusten. Lana egiteko prestaketa izan ohi da, eskola, unibertsitatea… dena gure etorkizun finkatu bati erantzuteko eginda dagoela dirudi. Datorrena onartu behar dugu eta lana baldin badugu ezin gara kexatu, beste batzuek ez dute eta zorte hori… baina hori al da benetan nahi duguna?
Amets egin dezagun, amets horiei lortu ahal izateko epe bat jarri eta amestu dugun hori lortzeko lan egin. Aldaketa garapena da, ez da daukaguna galtzea. Beldurrei irabazi behar diegu. Gure buruan sinistu behar dugu. Guk erabakitzen ez badugu, besteek hartuko dute guregatik erabakia. Aurrera egitea gure esku dago, eta nora joan nahi dugun erabakitzea ere bai.
Hemen nago. Iraganari eskerrak eman eta etorkizuna gogotsu hartzeko asmoz, baina batez ere oraina bizitzeko prest.
* 2013ko ikerketa batek dioenez, erronka berriek zahartzaro hobeagoa izaten lagunduko digute, bai sozialki eta bai mentalki aktibo mantentzen lagunduko digute eta!