«Zeregin garrantzitsua du feminismoak: denontzako jai osasungarriak bermatzea»

Naroa_ArrutiLazkaoko talde feministan buru-belarri aritu da urtebetez Naroa Arruti Azkona (Lazkao, 2001). Herriko festen atarian, parekidetasunean eta errespetuan oinarrituriko jai eredua bultzatzea oinarrizko dela esan du.

Zer dira zuretzat Lazkaoko San Prudentzio jaiak?
Lagunekin giro onean igarotzeko egunak.

Zein da zuretzat festetako egunik kuttunena?
Kuadrillen eguna, dudarik gabe. Betiko lagunekin sagardotegira joatea modaz pasatzen ez den plana da.

Zein da zuretzat San Prudentzio jaietako soinu banda?
Egia esan, ez dut horrelakorik. Hala ere, baditut gustuko musika taldeak.

Lazkaoko alkatea izango bazina, zer aldaketa egingo zenizkieke San Prudentzio jaiei?
Arratsalde eta iluntze inguruan gazteentzako jarduera gehiago jarriko nituzke. Horretaz gain, herritarren parte hartzea bultzatzeko ekintzak antolatuko nituzke. Emakumeak hipersexualizatzen eta objetibizatzen dituzten emanaldi guztiak ere kenduko nituzte festetako egitarautik.

Zer lotura dute Lazkaoko festek eta feminismoak?
Feminismoak eragin zuzena du norbanakoen jarreretan. Herriko festek jendea biltzen dute, eta euren arteko harremanak bultzatzen dituzte. Testuinguru horretan zeregin garrantzitsua du feminismoak: denontzako jai osasungarriak bermatzea. Festak izanagatik ezin ditugu jarrera onartezinak pasatzen utzi. Feminismoak presentzia handia du lan banaketan, soldatetan, zaintza lanetan… baina gizarteko beste alderdi batzuetan ere eragina du.

Zer ekarpen egin dizkizute Lazkaoko festek, eta zer feminismoak?
Lazkaoko festek momentu onak eta alaiak eman dizkidate, eta feminismoak mundua eta gizartea ikusteko begirada berri bat. Feminismoa niretzat, beste hainbat gauzaren artean, askatasunerako giltza da. Modu batean, nire eskubideen alde borrokatzeko ilusioa piztu dit.

Festa eta errebindikazioa, bateragarriak dira?
Bai. Are gehiago, egunerokotasunean egiten dugun borroka ikustera emateko, eta jendeari egiten ari garen lana gogorarazteko baliagarriak dira jaiak. Festetan, oro har, parranda eginez errutina hautsi nahi dugun arren, ezin ditugu alde batera utzi borroka eta erreinbindikazioa.

Zer esango zenioke Lazkaora parranda egitera doan norbaiti?
Errespetuz gozatzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>