Burdinaren bidean barrena

Burdinolako olagizonak, Igartza Monumentu Multzoan egindako herri antzerkian .

Burdinolako olagizonak, Igartza Monumentu Multzoan egindako herri antzerkian .

Goierriko bost ondare industrialetan du geralekua ‘Pirinioetako Burdinaren Bideak’erakusketa ibiltariak.

Historian zehar, burdinari oso lotuta egon den eskualdea izan da Goierri, burdingintza jarduera ekonomiko garrantzitsua izan da. Ondare industrialaren erakusleiho dira Beasain, Legazpi, Ormaiztegi, Mutiloa eta Zerain.

Goierri bezala, Pirinioetako bi aldeetan –Okzitanian, Andorran eta Katalunian–, siderurgiarekin lotutako ondare ugari dago eta guztiek bat eginez, Pirinioetako Burdinaren Bidea Ibilbidea osatu zuten 2004an. Mugaz gaindiko elkarteak helburu garbia du: siderurgiaren eta horren jarduerak utzitako aztarnak eta ondarea ezagutarazteko jarduerak bultzatzea. Horrekin batera, Pirinioetako burdinaren eta haren erabileraren gaineko ikerketa bultzatu nahi dute, kultura alorreko turismo, ekonomia eta gizarte alorreko produktuak sortuz.

Pirinioetako Burdinaren Bidea erakusketa ibiltaria Igartzan ikus daiteke igandera arte. Bestalde, ekintza osagarri gehiago ere egingo dituzte: bihar, hilaren 4an, 16:00etan, burdina artisau erara lantzeko tailerra eta igandean, 11:30ean, Tradizioa 0.0tik industria 4.0ra: Etenik gabeko bidea bisita gidatua egingo dituzte.

Goierrin bost ondare industrial

Foru aldundiarekin eta Eibar, Errenteria, Irun eta Azpeitiarekin batera osatzen dute Pirinioetako Burdinaren Bidea Goierriko bost herrik: Beasainek, Legazpik, Mutiloak, Ormaiztegik eta Zerainek.

  • Beasain. Igartza Monumentu Multzoak Erdi Aroan du jatorria, baina beti mantendu ditu ekoizpenerako instalazioak, ola eta azpiegitura hidraulikoak garai berrietara egokitzeko ahalmena eta nahia.
  • Legazpi. Mirandaolan iraganera bidaiatu eta antzinako burdinoletan murgiltzeko aukera dago.
  • Mutiloa. Mutiloan ateratako burdina, Erdi-arotik, Urola eta Oria ibaien haranen goiko arroan kokatutako burdinolen hornitzaile nagusia zen. XIX. mendearen amaieran, Compañia Minera de Mutiloa S.A delakoak ustiapen antolatuagoa eta sistematikoagoa eratu zuen.
  • Ormaiztegi. 1864an inauguratu zen trenzubiak, Madril eta Paris tren bidez lotuta, balio estrategiko ikaragarria izan du. Inguru horretan, biltegiratze eta igortzeko instalazioak egin zituzten XX. mendearen lehen herenean Zerain eta Mutiloako meatzaritza enpresek.
  • Zerain. XI. mendetik, Aizpeako meategietako burdina ustiatu da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>