Rocka zainetan

The_Northagirres

Pertsona batzuk rocka daramate zainetan. Rocka da beraien gasolina. Rocka jotzea da beraien zaletasuna, pizgarria, bizilegea… The Northagirres taldea horren adibide bikaina da. Gaur Zaragozan joko dute, eta bihar, Valladoliden.

Batzuk eskiatzera joaten dira eta beste batzuk kontzertuak egitera. Astean zehar ahal duten guztia entseatu eta asteburuetan musika tresnak furgonetan sartu eta deitu dieten tokira joan. The Northagirres taldekoak Murtziara joan ziren apirilaren 5ean. 6an kontzertua egin zuten, 7an Urretxura itzuli ziren eta 8an lanera joan ziren. Zerk bultzatzen ditu horretara? Horren zoragarria al da taula gainean izerdi egitea eta jendea dantzan jartzea?

The Northagirres taldea Ana eta Iñigo Agirrebalzategi anaia-arrebek, Borja Aranburuk, Aitor Godoyk eta Julen Makazagak osatzen dute.

Iñigok 42 urte ditu. Abeslaria izateaz gain, gitarra jotzen du. Borjak 45 urte ditu eta baxua jotzen du, Julenek 27 urte ditu eta bateria jotzen du, Aitorrek 42 urte ditu eta gitarra jotzen du, eta Anak 49 urte ditu eta organoa jotzen du. Xabier Linazasoro Scooby ere kontzertu guztietara joaten da. Anaren bikotea da eta haren ekarpena funtsezkoa da: furgoneta kargatzen eta deskargatzen laguntzen du, diskoak eta kamisetak saltzen ditu, argazkiak ateratzen ditu, bideoak grabatzen ditu… «Bere ekarpena ezinbestekoa da. Oso saltzaile ona da, gainera», diote.

Taldea duela 7 urte sortu zuten. «Hot Dogs eta Muturbeltz taldeetan  jo nuen, baina talde horietarako egokiak ez ziren abestiak nituen. Hala, beste talde bat sortzea pentsatu nuen. Ez genuen anbizio handirik, baina gustura geunden, soinu polita dugu eta aurrera egin dugu», adierazi du Iñigo Agirrebalzategik.

«Rocka da gure abiapuntua: batzuk irekiagoak dira, beste batzuk itxiagoak gara…» Iñigo Agirrebalzategi, abeslaria eta gitarrista

Duela bi urte Makazaga legazpiarrak Iñaki Urizabalen tokia hartu zuen. Besteak baino gazteagoa da, baina antzeko gustuak ditu. «Bakoitzak bere gustuak ditu, baina rocka da gure abiapuntua. Batzuk irekiagoak dira, beste batzuk itxiagoak gara…», nabarmendu du. «Batzuk gehiago ikertzen dugu eta Iñigok, ordea, rock sustrai sendoak ditu. Rockari beste gauza batzuk gehituz, hau sortu da», aipatu du Aranburuk. «Bakoitzak bere estiloaren arabera jotzen du», gehitu du Makazagak.

Taldearengan eragina duten taldeei buruz mintzatzean, Godoyk da argien mintzo dena. Burning, Rolling Stones eta AC/DC aipatu ditu. Baina beraiek ez dira profesionalak. Hala, askoz ere zailagoa da aurrera egitea. «Lanak asko zailtzen du musika egitea. Zorionez, dagoeneko inork ez du errelebotara lan egiten. Lehen aste batean entseatzen genuen eta bestean ez, kontzertua genuenean gauetan elkartzen ginen…», dio Aranburuk. «Astegunetan bi aldiz elkartzen gara eta asteburuetan ere bai. Hori nabaritu egiten da», gehitu du Makazagak.

The_Northagirres 2Bidaia emankorrak

Ordu asko ematen dituzte elkarrekin. Entseguetan eta furgonetan. «Kilometro asko egiten ditugu kontzertuetara joateko. Ondo ateratzen bada, bikain. Sentsazio txarrekin ateratzen bagara, berriz, ez petraltzeko ahalegina egin behar».

Benetako pasioa behar da ostiralean lanetik irten eta Murtziara edo A Coruñara joateko. Taldeak furgoneta bat du behintzat. Lehen bizpahiru autotan joaten ziren. «Gertuko kontzertuetara hiru autotan joaten ginen eta urrutiko kontzertuetara bitan. Furgonetari esker, askoz ere gutxiago gastatzen dugu gasolina, bidesari eta aparkalekutan».

Kontzertua duten asteburutan ez dute aspertzeko astirik izaten. «Lokalean elkartzen gara, furgoneta kargatzeko. Ondoren, geldialdia egiten dugu kafe bat hartzeko. Murtziara joan ginenean, Castillon hartu genuen kafea. Teruelen lo egin genuen eta hurrengo egunean Murtziara heldu ginen».

«Bidaietan barre egiteko, eztabaidatzeko, lo egiteko… denbora egoten da» Borja Aranburu, baxu-jotzailea

Furgonetan bi talde egoten dira: aurrekoa eta atzekoa. «Aurrean hiru joaten gara eta atzean beste hiru. Aurrekoek solasaldi bat dute eta atzekoek beste bat. Barre egiteko, eztabaidatzeko, lo egiteko… denbora egoten da», dio Borjak.

Gezurra badirudi ere, furgonetan ez dute beti musika jartzen. «Kuriosoa da. Furgonetarik ez genuenean Iñigorekin joaten nintzen eta ez genuen sekula musika jartzen. Hasieran furgonetak musika ekipo kaxkarra zuen eta, orduan ere ez. Orain bigarren eskuko bat dugu, baina musika baxu jartzen dugu. Borjak egiten dituen nahasketak entzuten ditugu. Baina askotan ez dugu jartzen. Sei lagun batera hitz egiten gehi musika…», aipatu du Makazagak.

Areto edo tabernaraino furgonetarekin heltzea ez da erraza izaten. «Bidea itxita edo peatonalizatuta egoten da, udaltzainek isuna jartzen digute… Deskargatu, muntatu eta soinua probatu ondoren, denbora gutxi edukitzen dugu. Askotan dutxatzeko ere ez».

Gainera, batzutan kontzertuak gaizki ateratzen dira. Baina ondo ateratzen direnean… «Hau da gure zaletasuna. Badakigu ez garela musikatik biziko, baina asko gustatzen zaigu jotzea, jendea ezagutzea… Oso ondo pasatzen dugu». The Northagirres: Iparragirreren oinordeko rock zaleak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>