Gorka maitea

NEKANE GONZALEZKaixo, Gorka!

Zer moduz? Zabaldu al dira zure ziegako lau horma estuak? Topatu al duzu etxetik doakizun eta mihian euskara daraman haize gozoa arnasteko zirrikiturik? Hala espero dut.

Guk bai, guk euskararekiko zorrak kitatzeko ahalegina egin dugu aspalditxo honetan. Euskaraldiarekin lehenengo, eta Korrikarekin, gero. Ahobizi izan nintzen Euskaraldian, eta lekukoa eramateko aukera izan dut bigarrenean. Apirilaren 13an pasa zen herritik, eta eskuz esku Maialen Lujanbioren mezua zeraman lekukoa ferekatzean zeu etorri zinen neure gogora, nola ez. Makila ibiltari hura bion indarrak eramaten zuela iruditzen zitzaidan, eta nolabait hantxe zeundela nirekin. Portzierto, Maialenen mezua zirraragarria, benetan!

Apirilaren 13ko kontuak dira, bai, orri zuria nire gogoetekin zikintzeak geroz eta nagi handiagoa ematen dit eta. Aitortzen dizut. Nahiago nuke kontatu beharrekoak aurrez aurre kontatzea beti, eta ez vis a vis urri horien zain egon behar izatea. Ez dakizu nola botatzen zaitudan faltan! Eskuak hotz-hotz izaten ditut oraindik, eta zure esku zailduez berotuko dizkidazun unearekin amesten jarraitzen dut. Ametsak eraikitzen ikasi baitut, nahiz eta ez dudan ikasi zu ez den beste inor maitatzen. Baina ez nuke nostalgiko jarri nahi…

Badakizu? Aste Santuen aurretik Parisko Notre Dame katedrala erre zen. Suteak dorre zorrotza eraitsi, eta Argiaren Hiriko ikurretako bat erori zen. Telebistaz irudiak ikusten nituen bitartean, zu atxilotu zintuzten arratsa etorri zitzaidan gogora. Dorrea nola, halaxe hautsi zen nire bizipoza bultzaka eraman zintuztenean. Banan bana jaso nituen puska guztiak, eta botila batean gorde, ateratzen zarenean, botila ireki, eta bizipozak antzina zuen forma hartuko duen itxaropenarekin. Ez baitut galdu zahartzaroa zure alboan igarotzeko esperantza.

Enpresaburu entzutetsuek 800 milioi euro inguru eman dituzte suak eramana txanpon usainez berreraikitzeko. Argi dago erabakiak eta erabakiak daudela, eta Elizak goseak baino pisu handiagoa duela, nonbait. Munduan zehar dagoen miseria gorriari beste kolore bat emango lioke poltsa bete diru horrek, baina gure gizarteak lehengo lepotik burua.

Aste Santuan Espainiako hauteskundeak izan ziren. Ez zidan ilusio berezirik egiten, baina postaz eman nuen bozka, alez ale egiten baita multzoa. Mediterraneoko hondarretan oinak lurperatuta nituela entzun nuen hautestontziaren oihu bihotz-urragarria. Dena den, maiatzaren 26an izango dira Udal eta Foru Hauteskundeak, hurbilagokoak. Edurne doa alkategai geuretik. Ea lortzen dugun!

Eta ez ahaztu: gaur dugu gure patroia, maiatzak 3, Santikutz Eguna. Urtero bezala, zure oroimenez topa egingo dugu kuadrilako guztiok. Dagoeneko alde batera utzi ditugu, garagardo gehiena lurrera botaz, katxiekin egiten genituen topa zaratatsu eta ero haiek. Orain, kopa distiratsuetan prestatutako konbinatu gozoz eta isilagoan egiten dugu. Urteak ez baitira alferrik pasatu.

Urteak pasatu dira, bai: 5, 6, 7… Eta itsasoaren kresalak zure inguruan dauden hormatzarrak botatzeko adina indarrik ez duela ohartu naiz. Etsiak bahitu egin nahi nau, baina berriro elkarrekin euripean egongo garela sinetsi nahi dut. Zeruari begira, azala blai, uraren tokian xanpaina noiz eroriko zain.

Ez baitago gu bi-bionak diren ametsak eramango dituen haizerik, hautestontzirik edo suterik.

Beti maiteko zaitut,

Mikel

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>