«Ordizia lan ona egiten ari da harrobiarekin»

Erlantz_Garmendia_Zubeldia

Europako txapeldunordea da Erlantz Garmendia (Ordizia, 2001) Ordiziako harrobiko errugbi jokalaria. Euskadiko txapeldun izan daiteke bihar Ordiziarekin. 9-10 urterekin hasi zen herriko errugbi taldean eta seniorren arteko maila guztietan ibili da.

Errugbiarekin batera judoa ere egin izan duzu urte askoan. Ondo uztartzen al dira?
Bai, ondo. Plakatzerako garaian, aurkari bat lurrera botatzeko garaian, abilezia gehiago nabaritzen dela esaten didate.

Aurtengo denboraldia berezia izan da. 18 urtez azpiko Espainiako selekzioarekin aritu zara Europako txapelketan.
Aukera izan dut 15eko selekzioarekin jokatzeko eta 7ko selekzioarekin entrenatzeko. 15ekoarekin urri aldean joan nintzen  lehenengo kontzentrazioekin,  eta apirilean Errusiara joan nintzen Europako txapelketa jokatzera. Herbehereei irabazi genien apirilaren 14an (nire urtebetetze egunean, baina ez nuen jokatu). Bigarren partidan bai, apirilaren 17an jokatu genuen Portugalen aurka, hasieratik jokatu nuen. Eta apirilaren 20an Georgiaren aurkako finala ere bai. Galdu egin genuen, nahiz eta markagailuan aurretik joan.

9.000 ikusleren aurrean jokatu zenuten. Zirrara egingo zuen.
Bai, handia. Aukera eduki genuen 3. eta 4. postuak jokatzen ziren partidako giroa tuneletik ikusteko. Egia esateko, hasieran inpresioa egiten zuen, baina gero berotzera atera ginen eta txipa aldatu genuen, girotik isolatzeko.

Zazpikoan zein aukera daukazu?
Oraingoz bi kontzentrazio eduki ditut. Gabonetan maila guztietakoak elkartu ginen eta bigarren entrenamenduan 18 urtekoak bakarrik. Europako txapelketa abuztuan jokatuko da Polonian; ea aukera daukadan joateko.

Zazpikoan ohitu gabe zaudete. Zer moduz moldatu zara?
Azken batean aurten probatu dudan kirola izan da Seven-a. Erabat ezberdinak dira. Espero dudana baino hobeto moldatzen ari naiz eta gustura nago. Esplosiboa da, fisikoki askoz ere exijentzia gehiago eskatzen du. Nahiz eta denbora askoz ere motzagoa izan, denbora guztian aktibo egon beharrean zaude.

Irailetik aurrera, berriz, bizitzako beste fase batean sartuko zara. Batetik, unibertsitatera joango zara eta bestetik senior mailan ariko zara.
Printzipioz, Ordizian ikasiko dut Ingeniaritza Mekanikoa, eta horrek erraztasuna emango dit errugbiarekin tartekatzeko. Seniorrekin arituko naiz, ea zer moduz ateratzen den. Argi dago lanean jarraitu beharra dagoela, baina baita gozatzera ere. Altamirara gozatzera etortzen naiz.

Harrobia emaitza onak ematen ari da.
Lan ona egiten ari da, bai. Azkeneko 5 urteetan, lehenengo taldeak bigarren Errege Kopa irabazi zuenean, belaunaldi batek utzi zuen eta gazte asko sartu ziren. Taldea nahikoa eginda dago eta gazte gehiago ere sartzen ari dira. Etxeko jendea maila ona ematen ari da.

Bihar Euskadiko finala irabaztea polita litzateke.
Hori zalantzarik gabe. Irabazi dudan liga bakarra 12 urtez azpikoekin irabazi dut. Iaz liga erregularrean ondo ibili arren, final erdietara jende gutxirekin iritsi ginen eta ez genuen finalik jokatu. Aurten ezin dugu hutsik egin. Talde polita daukagu aurten, plantilla nahiko luzea… Hala ere, larunbatean, final erdietako partidan, min hartu nuen eta ez dut jokatuko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>