Abeltzaintza moldeaz, lau ahotsetara

Josebe Blanco, ‘Baserriko uzta’ ekimeneko bisitariei azalpenak ematen, Pikunieta baserrian.

Josebe Blanco, ‘Baserriko uzta’ ekimeneko bisitariei azalpenak ematen, Pikunieta baserrian.

‘Nolako abeltzaintza nahi dugu Euskal Herrian?’ galderatik abiatuta, mahai ingurua izango da Beasaingo Igartzan. Antzuolako Pikunieta baserriko Josebe Blanco artzaina, Aretxabaleko Etxezuri baserriko Jon Murgiondo abeltzaina, Jakoba Errekondo Ingeniari agronomoa eta Aitziber Sarobe Biologian doktorea Igartza jauregiko mahaiaren bueltan eseriko dira datorren asteazkenean, hilak 15, Landarlan Goierriko Ingurumen taldeak gonbidatuta. Euskadi Irratiko Ekosfera saioko gidari Jokin Aldazabalek egingo ditu moderatzaile lanak. Saioa 19:00etan da.

Nolako abeltzaintza nahi dugu Euskal Herrian? galdera zabala abiapuntu modura hartuta, gonbidatu bakoitzak beretik hitz egingo du, norberaren esperientzia kontantuz. Aldizkari honek lau hizlari horietako birekin hitz egin du, mahai-inguruan plazaratuko dituzten ideien aurrerapen modura.

Txikitasunetik lan

Artalde txiki batekin modu ekologikoan gazta egiten duen artzaina da Blanco. «Txikitasunetik lan» egiteko arrazoi asko dituela nabarmendu du: «Lehendabizikoa da gure lana ahalik eta txukunen egin ahal izatea. Gu kontziente gara artaldea handituko bagenu, ezingo genituzkeela ardiak behar bezala zaindu, gazta egin ere ez… Eta horrek ondorio bat izango lukeela gure belardietan, gure mendietan, eta gure inguruan».

«Gure arbasoek zuten jakinduria hura bilatzen duen abeltzaintza nahi nuke» Josebe Blanco (artzaina)
«Ekologismotik ez gara nor esateko nolako abeltzaintza eredua beharko genukeen» Aitziber Sarobe (biologian doktorea)

Norberaren ekoizpenaren tamainari ere erreparatzen dio kontsumitzailearekiko tratuaz aritzean. «Guk zuzeneko salmentaren aldeko apustua egiten dugu, ez dugu bitartekaririk nahi». Galdera orokor horri zer erantzun emango liokeen galdetuta, erantzuna argia da: «Gure arbasoek zeukaten jakinduria hura bilatzen duen abeltzaintza. Haiek ez zeukaten hain errotua ustiapen sen hori. Haiek bazekiten, jasoko bazuten, eman egin behar ziotela lurrari edo basoari, hor bazegoen truke bat, etengabea».

Inori leziorik emateko nahirik ez du Pikunietakoak. «Ni gure etxeko esperientzia kontatzera noa, eta honetan ari bagara da honetan sinesten dugulako».

Elkarlanerako bide bila

«Ekologismoaren mundutik ez gara nor esateko nolako abeltzaintza beharko genukeen. Gure iritzia eman dezakegu, hori bai, baina uste dut galdera potoloa dela. Guk jarri nahi ditugu baldintzak, eta elkarlanerako bideak». Saroberen esanetan, abeltzainak, artzainak eta nekazariak, oro har, «kontserbazioniston aliatuak dira, ezinbestekoak gainera». Ekologistak vs. Abeltzainak dikotomia ez dela benetakoa dio, eta gizartean zabaldutako «mezu demagogiko pila» baten ondorio dela uste du.

Gaur egungo ustiapen eredua «ingurumenean dituen eraginen hausnarketatik eta horien ondorioetatik gero eta urrutiago» ikusten du Sarobek, eta etorkizunekoak «eragin hori gutxitzeari edo saihesteari» erreparatu beharko lioke. Administrazioaren jokabidearekin ere kritiko azaldu da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>