Joxepa Madariaga eta Inaxio Usarralde

Joxepa Madariaga

Jokoa ez duk errenta!, Inaxio. Zenbat aldiz entzun ote diagu esaera hori etxean? Eta egia duk, bene-benetako egia, egia berdaderoa. Lanik gabe edota soldata eskasekin, estu eta larri dabiltzanek dirua behar, baina hala ez gabiltzan askok ere diru-gose ikaragarria diagu; lanik egin gabe zakua bete nahiko genikek. Hori ere gaitza izango duk, ezta? Nik uste baietz. Jokoan behin irtengo haiz, agian, irabazle, baina gehienean galdu egingo duk. Jokoa sumatu, antolatu eta martxan jarri duenak, jokoaren buru, nagusi, denak, jasoko dik errenta; bera irabazle izateko prestatua egongo duk, nola edo hala, hark, nagusiak, eramango dik beti mokadua. Estatuak askotan. Direnak eta ez direnak, norberarenak eta besteenak (familiako kideenak, lagunenak…), etxeak, baserriak eta jabetza guztia jokoan galdu eta miseria gorrian geratutakoak asko dituk. Lehen asko eduki ez, dena galdu eta poltsikoak hutsik, buru makur, gaixotuta bukatu dutenak ezagutzen ditiagu.

Errifak, halako taldek dirua lortzeko ateratakoak, beste kontu bat dituk. Laguntza soziala ditek horiek helburu: dela kirol- nahiz kultur-talde batentzat laguntza, dela halako gaixotasuna dutenentzat dirua lortzeko zozketa; hori ez duk jokoa.

Euskal Irrati Telebistan debekatu berri ditek jokoaren eta apustuen publizitatea, adikzioa sortzen dutela eta. Madariaga-UsarraldeBa huen horrelako erabakia hartzeko garaia! Baina, orain ere, estatua irabazle… loteria (nazionala, Espainiako estatukoa) eta ONCEkoa debekutik salbu dituk eta.

Inaxio Usarralde

Gai oso sentibera dun proposatutakoa, Joxepa; oso, gainera! Demagun duela 40 bat urte irratian hau entzun izana: «Ez zaitez kezkatu! Proba ezazu gure heroina-dosi bikainetik. Ahaztu arazoak. Lehen bost ziztadak geure kontura!». Halatsu jardun ditun hedabideak apustu-etxeen propaganda eginez, oraintsu arte. Pertsona ahulenei dosia ahoko zuloan jartzen, jokatzeko bono-opariak eginez, esaterako.

Hortik pasatu denak edo etxean arazoa daukanak bakarrik zekin gaixotasun honen larriduraren tamaina. Bien bitartean, arazoak oso jende gutxiri eragiten diola-eta, erakundeek ez diten inolako prebentzio neurririk hartzen. Orain EITBk erabaki din jokoarekin lotutako etxe horien publizitaterik ez onartzea. Aurrerapausoa dun, bai. Hala ere, zer gertatuko dun orain arteko kontratuekin? Eta beste modu batera ematen diren mezu subliminalekin, zer egingo diten? Gure gazteek bere gustuko saskibaloi taldea izendatzeko etxe horietako baten izena aipatu behar dutenean edota gauza bera pilotarien halako rankinga aipatzeko…

Bi ideia amaitzeko. Lehena: apustu etxeen atzean negozio izugarria zegon. 2017an 441 milioi euro jokatu hituen hego Euskal Herriko gune horietan. Bigarrena: jokalarien artean, gazteen gorakada aztertzekoa dun, eta horietatik asko adin txikikoak. Argi, halaber, sakelako telefonoen erabilerarekin! Apusturik gehienak horien bidez egiten ditun eta.

Beraz, heroina dosiak banatzeari ezikusiarena egiten segi edo neurri eraginkorrak hartu berehala, arazoa handiagora joan ez dadin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>