Komunak jairik jai dabiltza

KomunOnak__komun_erabilgar

Erromeria taldeak, dantzariak, txurro saltzaileak edo barrakazaleak bezala, komunak ere festarik festa ibiltzen dira. Legazpiko Ogatza enpresak alokatzen ditu, eta Gipuzkoako eta kanpoko herri askotako jaietan, ekitalditan, kirol probetan edo ezkontzetan ikus daitezke KomunOnak markarekin eta haien kolore gorri eta ate gris adierazgarriekin. Oskar Salinas (Legazpi, 1976) dago Ogatza enpresaren eta KomunOnak proiektuaren atzean, Amaia Solanas emaztearekin batera. Irailean 10 urte gora beheratsu beteko dituzte komun gorriek.

Enpresa gehienetan bezala, hasierak ez ziren errazak izan. Salinasek lan finkoa zuen Urnietan, baina burua bakean uzten ez duen horietakoa izanik, bere kabuz zerbait egiteko gogoa zuen. Komun eramangarriak zituen begiz jota, eta horrelako negozioek nola funtzionatzen duten ezagutzeko eta merkatuan zein komun mota dauden ikusteko hainbat bidaia egin eta gero, erabakia hartu eta aurrera egin zuen.

2009. urtean eratu zuen Ogatza enpresa, egoitza Legazpin ezarriz. Komunei izena ere jarri zien, KomunOnak, eta kolorea aukeratu ere bai: gorria, «urrutitik ikusten delako». 17 komun erosi zituen lehenik, muntatzekoak; lagunekin batera muntatu zituen, «lehena Mantxola auzoan, kuadrillako Alainen etxean», eta urte hartako udan bertan egin zuen estraineko zerbitzua, Donostiako portuko Karmen deunaren jaietan, Piratak elkarteak kontratatuta.

Harrezkero, ehunka zerbitzu eskaini ditu, Gipuzkoan batez ere, gertutasuna baita zerbitzu horiek modu egokian emateko giltza. Lau lagun ari dira lanean gaur egun.

Komun ekologikoak

Ogatza enpresak 200dik gora komun ditu orain, eta guztiak ekologikoak dira, «produktu biodegradagarriak eta ur gutxi erabiltzen dituztelako».

Komunek 10 litro ur erabiltzen dituzte, eta hondakinak tratatzeko produktu biodegradagarri bat. Funtzionamendua ere, sinplea da: «Gure komunetan hankarekin eragiten den bonba dago, eta likido nahasketa hori zirkulazioan jartzen da bonba eragiten den bakoitzean».

Egunean behin aldatu behar izaten da komunetako likidoa, jaietan behintzat, eta bestela, erabilpenaren arabera. Husten den likidoa zisterna batean gordetzen da, eta hura betetzean «araztegira eramaten dugu, gure kasuan Etxeberrikora, Zumarragan».

Ur zikinak husteaz gain, komunak garbitu ere egiten dituzte, presioz botatako urarekin. Papera jarri, aire-gozagarria bota… lan txiki horiek osatzen dute Ogatzak KomunOnak komunekin eskaintzen duen zerbitzua. Horrekin, komun eramangarriek duten zikin ospea uxatu nahi dute; «komunak ondo zainduta baldin badaude eta garbiak, jendeak gehiago errespetatzen ditu», dio Salinasek. Aldi berean, jaietako gauak oso zailak direla gogoratzen du, «ez guretzako bakarrik, baita tabernetako komunetarako ere».

Lan nekeza

Komun estandarrek 80 kiloko pisua dute eta ez dute maneiatzeko zailtasun berezirik; garbiketa lanak ere ez dira oso astunak… Hala ere, lan hau gogorra dela aitortzen du Salinasek: «Hasi ginenean, asteburuetan egiten genuen lan bakarrik, baina orain egunero, astelehenetik igandera, kaleko obretan ere izaten ditugulako komunak». Dena den, denboraldi fuertea Aste Santuan hasi eta urrira arte izaten da, herriko eta auzoetako festetan.

Hain zuzen, festak dira bezero handienak. Salinasek dioenez, gero eta ohitura handiago dago jaietan komunak jartzeko, baina oraindik toki gehienetan ez dira betetzen legeak eskatutakoak; hala, udalek komun publiko eramangarrietarako diru gutxi erabiltzen dutela kexatzen da.
Bestelako ekitaldietan ere jartzen dira KomunOnak komunak. Donostiako Jazzaldia, Zinemaldia, Anoeta futbol zelaia, Sanferminak, Bruce Sprinsgteen-ek eman zuen kontzertua, Korrikaren amaiera festa, Kilometroak, Eskola Publikoaren festa, Ehunmilak, akanpadak… hainbat tokitan erabili dira komun gorriak, baita horien vip bertsioak ere ezkontzetan, eta, behin behintzat, baita hileta agur batean ere.

Laguntza gutxi

Kontziliaziorako tarte gutxi uzten duen lan horrek badu beste arantzatxo bat ere, laguntza ezarena. Agintariek ekintzailetasuna aho bete erabiltzen duten bitartean, ekintzaileentzako diru gutxi ematen dutela salatzen du Salinasek, bereziki berea bezalako zerbitzu enpresentzat.

Ur zikinen tratamendurako oztopoak jartzen dizkietela ere aipatzen du, Gipuzkoan ordaindu egin behar delako, «1.000 litro bakoitzeko dirutza bat, eta ez dute kontuan izaten guk, azken finean zerbitzu publiko bat ematen dugula».

‘VIP’ komunak, aldagelak, karpak eta gehiago

Geroz eta zabalagoa da Ogatza enpresaren esparrua, eta komunez gain, beste hainbat zerbitzu eransten joan dira jarduerari urteak joan urteak etorri. Hala, KomunOnak ohiko komun gorriei eta elbarrituentzat egokitutakoei, gizonezkoentzako pixatokiak gehitu zaizkie, baita komun bat baino gehiago dituzten moduluak ere. Komunetan, VIP edo luxuzko bertsioak ere badira, baita moduluetan ere, ezkontzetan edo bestelako ekitaldi berezietan erabiltzeko.

Zerbitzu gehiago ere badituzte: konketak, aldagelak, karpak, hesiak, edalontzi erabilgarriak… Izan ere, Bezeroak zer nahi, huraxe eskaini da Salinasen enpresaren leloa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>