Zentzuz jokatzea baino ez da

Sakelakoa eguneroko erreminta bihurtu da nerabeentzat eta kontrolaren garrantziaz mintzatuko dira Maiatzaren 28an Urretxun./  tofros.com

Sakelakoa eguneroko erreminta bihurtu da nerabeentzat, eta kontrolaren garrantziaz mintzatuko dira, Maiatzaren 28an, Urretxun./ tofros.com

Belaunaldi guztietan gertatzen da. Batetik bestera ohitura aldaketak gauzatzen dira eta aurrekoek ez dituzte sarritan ondoren datozenen egiteko zenbait modu ulertzen. Haurren, gaztetxoen eta nerabeen eskuetan teknologia berriak jarri ditugu eta haiek egiten duten erabilpenaren beldur gara orain, zeren ez baita arraroa haur txiki-txikiak sakelakoak eskuetan dituztela ikustea, are harritzekoa da zeinen ongi erabiltzen dituzten jabetzea. Litekeena da, aurreko belaunaldien eta datozenen arteko talka handiena erabilpen horretan egotea. Eta, orain, sakelakoak zein tabletak etengabe eskuetan dituztela, gurasoak beldur gara, nolako erabilpena egingo dute? Zerbaitek ihes egingo digu? Pantailak egungo mamu beltzak dira, mamuak bai behintzat.

Ikara horrek eraginda, urretxuarrek nerabeak eta sakelakoak lotuko dituen hitzaldia egitea eskatu diote udalari eta datorren maiatzaren 28an aditu bat harreman katramilatsu horri buruz arituko da udal liburutegian. Hitzaldiaren mamia erabilpena izango da eta, bide batez, erabilpen ona egin dezaten aholkuak zein jarraibideak emango ditu.

Ez dago, hala ere, esango duen horretan misterio handirik, giltza guztiak «zentzuzkoak» direla baitio. Alegia, erabilpen ona sustatzeko zer egin daitekeen jakiteko senari jarraitu behar diote gurasoek. Adituak dioenez, «egun ohitura bihurtu da etxera iritsi eta haurrari sakelakoa ematea tarte batez etxeko gauzak antolatu eta umea entretenituta egon dadin». Ohitura horrek, alabaina, bidesaria dakar: «Konturatu behar gara horrek zer dakarren eta helduen aldetik gutxieneko kontrola ezarri behar dela, areago erabiltzaileak oso haurrak badira».

Hitzaldian nerabeak mintzagai hartuko badituzte ere, egun 2-3 urteko haurrak ikus daitezke sakelakoak edo tabletak eskuetan, «erabilpena ezberdina egiten dute eta kontrol neurriak ere ezberdinak izan behar dira». Sakelakoa 8 urte dituztenean erosten bazaie, «gurasoak kontziente izan behar dira sor daitezkeen arriskuez. Eta erosten ez badiete baina eurena uzten badiete, arriskuak berdin-berdinak direla jakin behar dute». Adin horrekin ez da gomendagarria eskolara sakelakoa eraman dezaten.

Giltzak eta arriskuak

Hitzaldian egun merkatuan dauden aplikazio batzuei buruz ere mintzatuko da. Sakelakoetan nahiz tabletetan erabil daitezke eta gailuen erabilera kontrolatzeko balio dute. Hain zuzen, sar ez daitezkeen tokiak atzeman eta sarbideak ukatzeko erabiltzen diren aplikazioak dira. Beste modu bat ere badago gurasoek seme-alaben sakelakoen kontrola izan dezaten; administrari bihur daitezke.

Arriskuak zerrendatuko ditu hitzaldian. Ziber jazarpena eta sexting-a dira arrisku nagusietako batzuk. Aurrena mezu bidezko jazarpena da eta bigarrena mezu bidezko sexu jazarpena. Biak ala biak adi egoteko modukoak dira. Haurrek eta gazteek sarera igotzen dituzten irudiek ere arazoak sor ditzakete, sareak bai baitauka  ezaugarri bat: behin irudiak igota oso zaila da haiek ezabatzea.

Adituak hitzaldian ez du sakelakoaren erabilpena galarazteko kontsignarik emango, baizik eta helduen etengabeko gainbegiradaren garrantziaz mintzatuko da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>