Ero-ero bi gurpil gainean

BTTlandiako kideak Oiangun. Ezkerretik eskubira, Mikel Zabalegi, Julen Benitez, Ander Biguri eta Asier Otegi.

BTTlandiako kideak Oiangun. Ezkerretik eskubira, Mikel Zabalegi, Julen Benitez, Ander Biguri eta Asier Otegi.

Azkeneko urteetan gorakada nabarmena izan du mendiko bizikletaren erabilerak, eta horren erakusle garbiak dira gisa horretako lasterketak eta probak Goierrin hartzen ari diren indarra. Ordizian ere duela urte batzuk hasi ziren horrelako probaren bat antolatzeari buruz hizketan mendiko bikletaren ero batzuk, eta pixkanaka Ordiziako kirol agendan bere tokia egin duen proba egi bihurtzea lortu dute. Ekainaren 1ean Oiangu BTT III. Sari Nagusia jokatuko da izen bera duen parkean eta haren inguruetan.

Ordizia BTTlandiak Txapel-Gorri elkartearen laguntzarekin antolatutako proba da Oiangukoa. Euskadiko BTT Koparako puntuagarria da, eta gainera,  aurten, Gipuzkoako txapelketa ere Oiangun jokatuko da. Horregatik, lehen mailako txirrindulariak gerturatuko dira ziurrenik. Euskal Herriko, Nafarroako, Errioxako eta Kantabriako punta-puntako txirrindulariak espero dituzte. Cesar Manso, Euskadiko Kopan lider doana, Ordiziara etortzea espero dute.

Orain dela urte gutxi sortu zuten Goierriko gazte talde batek BTTlandia, Asier Otegik, Julen Benitezek, Mikel Zabalegik eta Ander Bigurik. Mendi bizikletaren zaletu amorratuak dira laurak,  eta Oianguko inguruetan mendi bizikletarekin ibili ahal izateko bideak zabaltzen ari zirela bururatu zitzaien Oianguko BTT saria antolatzea. 2017an egin zuten lehengo aldiz. Lehenengo edizio hark izandako «arrakasta» ikusita, iaz ere animatu ziren, baina eguraldia ez zuten lagun izan, eta horrek parte hartzean beherakada ekarri zuen. Hala ere, hirugarren edizioa antolatzea erabaki dute.

Probaren xehetasunak

Aurten ere eguraldiak baldintzatuko du batez ere biharko lasterketa. Euria egiten badu, lokatz asko egingo da zirkuituan, eta hala bada proba motzagoa egingo dute. Hori horrela, aste guztia zeruari begira pasa dute antolakuntzako kideek. Dena den, momentuz prebisioa «ona» dela diote, eta  «guztia aurrikusita bezala» joango delakoan daude.

Oiangu_BTT_Saria

Euriak baldintzatuko du 4,7 kilometroko zirkuitua eta lokatz handia bada motzagoa izango da

Euskadiko Koparako puntuagarria da eta Gipuzkoako Txapelketa ere jokatuko da bertan

Antolatzaileek Oiangukoa  «proba gogorra» dela esan dute. Euririk egin ez, eta lehorra badago, «azkarra izan ohi da». Teknikoki, «putzu inguruak du zailtasun gehien». Altamirarako jaitsiera ere nabarmentzeko puntua da. «Jaitsiera ikusgarriak izan ohi dira bertan». Bestalde, txirrindulariek gehien gozatzen duten eremua, «Okorroko baso ingurua» dela aipatu dute.

Federatuek soilik parte hartu ahal izango dute biharkoan eta mendiko txirrindulariak  kategoria desberdinetan banatuta aterako dira lehiara. Oianguko zelaietan, Oiangu Txiki baserriaren inguruko basoan eta Altamira aldean dagoen parkearen eremuetan 4,7 kilometroko zirkuitu itxiari hainbat itzuli eman beharko dizkiote: Elite eta 23 urte azpiko mailakoek bost itzuli, master edo beteranoek lau, emakumeek eta juniorrek hiru eta kadete mailakoek, berriz, bi. Bihar, 16:30ean abiatuko dira lehenengo txirrindulariak. Izen-emateak egunean bertan egin ahal izango dira.

Kluba sortzea helburua

Hurrengo urteetan BTTlandia taldea ofizial bilakatzea da une honetan taldeko kide den laukotearen helburua. «Zaletasuna egon badago, jende ugari ibiltzen da mendian bizikletan, lasterketetan ere jende dexentek parte hartzen du, lasterketa kopuruak ere nabarmen egin du gora azken urteotan eta gure erronka kirol kluba sortzea da» esan du Otegik. Errenteriako mendi bizikleta taldea dute eredu. Otegik argitu duenez, «adin guztietako jendea biltzen dute, mendi bizikleta eskolatik hasi eta helduetaraino». Lasterketa egunetan, «hara eta hona mugitzen dira taldean eta horrelako zerbait sortzea ederra izango litzateke».

Hori guztia «momentuz urruti» ikusten duten ideia bada ere, hurrengo urteetan haurrentzako BTT proba egiteko asmoa dute, txikien artean zaletasuna sortzeko.

Xendapedalak mendi bizikleta proba egingo dute Legorretan

Legorretan ere izango da laster mendi bizikleta proba bat, herriko Pikuk Kirol Elkarteak antolatuta. Berezia izango da, lehena izateaz gain, irabazlerik ez delako egongo, ez baita lasterketa izango; helburua disfrutatzea eta inguruak eta bide berriak ezagutzea izango da. Gainera, Xendabelarrak proiektuarekin bat egingo duela esan daiteke. Proiektu horrek, sendabelarrak aurkitu daitezkeen ibilbideak biltzen ditu eta mendi bizikleta proba berria paraje horietara gerturatzeko baliatuko dute.

Datorren ekainaren 15ean jokatuko da desafio berri hori. Lehen aldia bada ere, antolakuntzakoak gogor ibili dira lanean guztia prest izateko. Izen-ematea zabalik dago www.kirolprobak.com-en.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>