«Barren-barreneko sentimendu zoragarri bat da artistaren lana»

Karmelo_Ezeiza

Musika eta soinua  dira  Karmelo Ezeizaren (Itsasondo, 1946) bizitzako ardatzak. Itsasondon jaioa bada ere,  bizitza gehiena Beasainen egin du Ezeizak. «Ordiziako Santa Anan ikasi nuen eta gero CAFek ofizio eskolan sartu nintzen. Beasaingo lagunak egin nituen». Ikasturteko notarik onenak ateratzeagatik beka eman zioten eta peritajea ikasi zuen Donostian. «Garai hartan ezinezkoa zen ikastea. Orduantxe gainera aitarik gabe geratu nintzen, 16 urte nituen, 5 anaia-arreba ginen. Matrikula ordaindu zidaten, gainera gizarte segurantzan kotizatuta. Lau urte. Lanpostua ere ematen zidaten. Hiru urte egin nituen CAFen. Ordutik Beasaingo jendearekin hasi nintzen, eta emaztea ere Beasaingo da. Kuadrilla beti Beasainen izan dut».

Fraile ere izan zinen. Musikarako grina orduan sortu al zitzaizun?
Bai, Lazkaoko Beneditarretan, baina denbora gutxian. Itsasondotik Eustakio Mendizabal, Esteban Otegi eta hirurok joan ginen.  Hala ere, Joxean anaiaren bidez etorri zait musikarako zaletasuna.   Anaia gitarra jotzen hasi zen Ordiziako errondailan, eta ni ere hasi nintzen ikasten. Ezeiza Anaiak taldea sortu genuen elkarrekin eta abesten hasi ginen batean eta bestean.

Bikotetik talde izatera pasatu zineten jarraian.
Enbor taldea sortu genuen, Joxean eta biok, Josu eta Martin Erguin anaiek, Amaia Kasasolak eta Mertxe Arratibelek. Anaiak pianoa jotzen zuen, nik baxua, Josuk gitarra, Martinek bateria. Neskek abestu egiten zuten. Kantu batzuk guk egindakoak ziren, Dionisio Amundarainen hitzekin. Jaialdi asko eman genituen. Garai hartan, soinu ekipo bat erosi genuen.

Ez dok Amairu-ren garaia zen?
Lehenxeago sortu ginen gu, baina gero Ez dok Amairukoekin topo egin genuen. Kantari denekin egin genuen harremana: Benitorekin [Lertxundi], Xabier Leterekin, Mikel Laboarekin… Ez dok Amairu desegin egin zen eta bakarka hasi ziren. Orduan, bat eta bestea soinu ekipoa muntatzeko eskatzen hasi zitzaizkigun. Abeslari guztiekin aritu ginen. Beste musika ekipo on bat erosi genuen eta elkarrekin egin dugu soinu teknikari ibilbide osoa. Enbor taldean anaia eta biok bakarrik gelditu ginen eta desegin egin zen.

Benito Lertxundirekin urte askoan aritu zarete.
Benitok eskatu zigun berarentzat bakarrik aritzeko eta 40 urtean ibili gara berarekin, gu jubilatu arte. Baina gu ez ginen lan horretatik bizi, zaletasunagatik aritzen ginen. Fagorren 12 urtean ibili nintzen lanean Arrasaten eta ETBn 30 urte. Bertsolaritza txapelketetan ere arduratzen ginen soinuaz. Belodromoan lehenengo aldiz egin zenean ere han ginen.

Beste garai batzuk ere baziren. Frankismo garaiko zein oroitzapen duzu?
Askotan kontzertuak debekatuta. Hidalgo tenientea kontzertu guztietara joaten zen armadarekin. Bukatu arte han egoten ziren. Jendea sakabanatu eta gu traste guztiak biltzen gelditzen ginen. Askotan hurrengo egunean deklaratzera joan behar izaten zuen Benitok. Behin Gernikan, plazan bertan geneukan kontzertua irekia zen. Bandera espainolak zeuden jarrita… kontzertua hasi zen eta tiroka etorri ziren. Beldur handia pasatu genuen.

Benitorekin Euskal Herri osoan ibiliko zineten.
Euskal Herrian eta urrutiago ere bai: Madrilen, Kanarietan, Suitzan….

Karmelo_Ezeiza(2)«Anaia Ordiziako errondailarekin hasi zen eta ni ere orduan hasi nintzen gitarrarekin»

«Ikusi egin behar da Kantu Jirako entseguetara jendea zein gustura joaten den»

«Festetan, ekainaren 7an, 19:30ean, Kuxkuxtu txarangarekin ariko gara»

«Euskal Telebista sortzeko zegoen. Soinuarekin ibiltzen ginela eta, deitu egin ziguten»

Soinu teknikari lanari dagokionean bitxikeriarik gogoratzen duzu?
Soinu aldetik ez, baina bestela abentura asko bizi izan ditugu. Nafarroako lehenengo estropada lehiaketa egin zuten Esako urtegian eta guri deitu ziguten. Sekulako zalaparta sortu zen, musika ekipoa uretara botako zigutela, balizak gaizki zeudela… istilu handiak izan ziren.

Euskal Telebistan egin dituzu lanean urte gehienak.
Bai, 30 urte. ETB sortzeko zegoen. Soinuarekin ibiltzen ginela eta, deitu egin ziguten. Fagorren elektronikan lan egiten nuen eta abentura bat izan zen telebistakoa. Martin Ibarbiak esan zidan proiektura etortzeko. Hilabeteko eszedentzia hartu nuen lanean, eta Madrilera joan ginen, hango estudioak ikustera. Telebistaren proiektua aurrera joan zen eta Fagor utzi eta ETBra joan nintzen. Dena sortzeko zegoen. Gasteizen, Lakuan, garaje batean hasi ginen estudioak egiten.

Kulturako beste arlo batean ere sortzailea izan zara.  
Zinegilea ere banaiz. Hainbat film labur egindakoa naiz, Mari adibidez. Zestoako topaketetan parte hartzen genuen, Euskal Filmotekako juntako kidea naiz… Hori ere beste mundu bat da. Goieniz zine klubean ere banabil eta pelikulak aurkezten ditut.

Zinearekin jarraitzeko asmorik baduzu? Gaur egungo teknologia berriekin errazagoa dela esan daiteke.
Garai hartan zeluloidearekin lan egiten genuen. Eta muntaketa lana egiteko Madrilera joan beharra zegoen. Gaur egun digitala dago eta erraztasun gehiago dago, baina kalitate aldetik, digitalak ez du zeluloidea menperatuko.

Beasainen ez zaituzte jubilatzen uzten. Kantu Jirako taldearekin bazabiltza.
Bai, 10 urte egin behar ditu Kantu Jira taldeak eta ni duela zazpi urte hasi nintzen. Luis Mari Jauregik beti esaten zidan joan behar nintzela. Jubilatu arte ezetz esaten nion. Jubilatu nintzenean hasi nintzen. Juanjo Iturrioz soinuarekin aritzen zen, orain utzita dago baina….

Giro polita sortzen duzue Beasaingo kaleetan hileko azkeneko ostiraletan.
Ikusi egin behar da jendea zeinen gustura joaten den asteartero entseguetara. 30-40 lagun joaten gara. Euskaraz ez dakitenak ere joaten dira, eta oso polita da. Gogoz hartzen dute. Festetan, ekainaren 7an, 19:30ean, Kuxkuxtu txarangarekin ariko gara. Sanjoanetan, Eguberrietan eta Santa Agedan saio bereziak egiten ditugu.

Eta aktore lanean ere aritzen zara.
Bai, Anitarekin [Alonso] aritzen naiz. Urriaren 5ean egingo dugu Igartza Monumentu Multzoko bisita gidatu antzeztua.

Aspertzeko astirik ez duzu.
Artista lana barren-barreneko sentimendu zoragarria bat da. Berez sortzen den barren-barreneko sentimendu handi bat da. Beti arreta deitu dit arteak eta artistaren munduak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>