Lurreko altxorrak platerean

kuko

Osagaiak

  • 6 zainzuri
  • 200 gr. leka
  • Entsaladako tomatea
  • Onddoak (Txapelak)
  • Gatza
  • Oliba olio birjina
  • 2 baratxuri ale
  • Azukrea

Prestaketa

Zainzuriak
Zainzuriak prestatzeko, lapiko batean ura irakiten jarri gatz eta azukre pittin batekin. Bitartean zainzuriak zuritu eta ura irakitean 10/12 minutuz egosi, tamainaren arabera. Sua itzali eta bertan utzi.

Lekak
Lekak garbitu, juliana finean moztu eta egosi. Ez da komeni gehiegi biguntzea, hortaz, nahikoa izango da 5-7 minutuz egostea. Ondoren, ur hotzetan pasa, egosketa prozesua mozteko, eta gorde.

Onddoak
Onddo txapelak ongi garbitu ondoren, xafla lodi-xamarretan moztu behar dira. Zartaginean olio zorrotada batekin erregosi, 5 bat minutuz gatz pittin batekin.

Tomatea
Entsaladako tomateari txortena kendu, karratu txiki formako pusketan moztu.

Aurkezpena
Zartagin zabal batean oliba olio zorrotada bota, eta bertan baratxuriak xehatuta gehitu. Hauek dantzan hasten direnean, bertara aurrez egositako lekak gehitu. Pare bat minutuz mantendu eta 2 plateretan banatu.
Zartagin berean onddo xaflak berotu, minutu batez nahikoa izango da. Eta horiek ere plateretako leken inguruan zabaldu.
Ondoren sua itzali eta tomateak ere zartaginetik pasako ditugu, pittin bat epeldu daitezen. Horiek ere 2 plateretan banatu.
Bukatzeko, egosita ditugun zainzuriei punta moztu. Errezeta honetan puntak bakarrik erabiliko ditugu. Argazkian ikusten den bezala, zainzuri puntak zutik kokatu barazki eta onddoen artean.

Unean uneko sukaldaritza

Iker Markinezen asmo eta indar guztia benetako sasoiko sukaldaritza egitea da; errezeta klasikoetatik urrundu, eta sinpletasuna bilatzea. Ahal den sukalde gutxien eta produktu gehien, gertuko produktuei garrantzi handia emanez.

Batik bat sukaldea jolas modura ulertuz, bere lan molderik garrantzitsuena inprobisazioa da. Karta finkoa baino gehiago, egunean egunekoa eskaintzen du.

Kuko jatetxeko sukaldean produktuak dituzte, eta ez platerak. Produktu horiekin unean bururatutakoa prestatzen du Markinezek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>