Iraia Oiartzabal eta Nagore Belastegi

Iraia Oiartzabal

Siesta luzeko arratsaldetan. Bat nagiak kentzen ari denean sartzen da egongelako leihotik zalaparta. Zalaparta alaia da. Irriak eta oihuak etxe azpian dagoen parketik iristen dira. Orain hilabete batzuk egin zuten jolastoki berria auzoan, hutsik zegoen lur zatiari erabilera eta bizia emanez. Arratsaldero elkartzen da bertan haur kuadrila, soilik euri zaparradek zapuzten dute festa. Eta euria temati jartzen denean ere abilak dira gaztetxoak alternatiba bilatzen… frontoi txikian jolasteko aterpe bikaina aurkitu dute. Leihotik begira, txikitan auzoko lagunekin bizitako momentuekin gogoratu naiz. Zenbat ordu eman ote genituen etxe azpian jolasean eta udako gauetan frontoiko isiltasunean kontu kontari… Horiek izan ziren gure lehenengo irteerak. Beti etxeko gertutasunean, gurasoak zaindari, baina autonomia hartzen joateko lehen saioak ere baziren. Guk, noski, beti nahi genuen gehiago eta etxeratze orduarekin negoziaketan ibili ohi ginen. Konfiantza elkartruke bat ere bazen, gurasoekiko, haiek gurekiko eta noski, baita lagunartean ere. Askotan aipatzen da egun nola aldatu diren gaztetxoen ohiturak eta erlazionatzeko moduak. Bistan da joera berriak daudela, halaber, leihotik parkeko zalaparta ikusten nagoela pentsatu dut oraindik ere kaleari bizia ematen segitzen dutela haur eta gazte askok. Oiartzabal-BelastegiKalekumeak izan ginen gu neurri handi batean, eta espero dut gure txikiek ere kaleaz eta aisiaz gozatzen jarraitzea.

Nagore Belastegi

Zorionez, egun, batzuetan, gure haurtzaro eder horren aztarnak aurkitu ditzazkegu oraindik. Nik ere badut haur parke bat etxe azpian eta pozik jartzen dit asteburu eguzkitsuetan leihoa zabaldu eta zalaparta entzuteak. Baita udako gauetan afalostean elkartzen diren gaztetxoen zurrumurru eta barreek ere. Baina jada ez dira entzuten kalean «arrenuncio» oihuak; kontraz, sakelatako telefonoan sudurra pegatuta ikusten ditugu haur kuadrilak maiz. Pena ematen dit hori ikusteak gure haurtzaroa zein polita izan zen oroitzean. Eguraldi ona zegoenean, auzoko plazoletan elkartzen ginen adin desberdinetako umeak, eta zaharrenek gazteenak zaintzen zituzten. Bote-botera jolasten genuen, tizarekin lurrean pintatzen genituen gure ametsetako etxeak, zuhaitzetara igotzen ginen, kaleko katuak zaintzen genituen, baratzetara edo errekara joaten ginen jolastera, gomarekin trebeena nor zer erakusten genuen, larrosekin amonarentzat kolonia egiten genuen, eta guk geuk egindako pultserak denda txiki batean saltzen genituen lortutako diruarekin merendola bat egiteko. Euria edo hotza egiten zuenean lagun baten etxera joaten ginen jolastera, txandaka, edo portalean gelditzen ginen play-mobilekin bizitza helduak asmatzen. Atez ate joaten ginen lagunak biltzen, eta etxera itzultzeko ordua zenean nahikoa zen amak balkoitik garrasi egitea. Ume guztiek merezi dute ogi eta txokolatezko merienden usaina duen haurtzaroa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>