Energia ereiten

ENERGIA_PLAKA

Lehen sektoreko ustiategietan energia tokian bertan sortzeko proiektua aurkeztu dute. Kostua eta jatorria kezkagai hartuta, auto-hornikuntza benetan aplika litekeela erakutsi du bost baserritan egindako diagnostikoak.

Esnekiak, okela edo barazkiak bakarrik ez. Aurrerantzean, lehen sektorea energia sortzaile ere izan daiteke. Bai, gutxienez, bere beharrak asetzeko helburua jarrita. Lurgintza nekazari kooperatibak eta Biolur elkarteak bultzatuta, Energia sortzen proiektua abiarazi dute. Goiener taldeko Nafarkoop sorkuntza kooperatibak eta EHUko Mirene Begiristain ikertzaileak landu dituzte energiaren eta bideragarritasunerako sistemizazio prozesuak. Maiatzean aurkeztu zuten lehen azterketaren emaitza, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak Amorebietan (Bizkaia) duen egoitzan. ENEEKekin batera, Gipuzkoako aldundiaren Landaola egitasmoa izan dira finantzatzaile.

Modu ekologikoan ekoizten ari diren bost baserritan egin dituzte lehen neurketak. Lehen sektorearen eredu izan daitekeen lagina atera dute. Olaberriko Etxeberri Goikoa baserria izan da parte hartu duen etxe bat. Esne, esneki eta behi hazkuntzara dedikatua da.

«Gure asmoa lehen sektorearen modelizazioa ateratzea Gero, kasu batetik bestera alda daiteke», azaldu du Goienerreko Jokin Castañosek.

Ezaugarri jakin batzuk ipini dizkiote aldagai modura baserri-eredu horri: behi ustiategia, urtean 10.000 kWh potentzia kontsumitzen duena, 20.000 litroren esne ekoizpena duena eta hiru esneki mota merkaturatzen dituena, eta bi edo hiru langilek dihardutena. «4kWp-ko plakak jarriz gero, %33ko aurrezpena aurreikusten dugu auto-hornikuntarekin», ebatzi du Goienerreko teknikariak.

Energia sortzen proiektua eragin duten kezkak energiaren kostua eta jatorria dira. «Natura-baliabideak gehien optimizatzea ere bada ekoizpen ekologikoaren lehentasun bat», azaldu du ENEEK kontseiluak. Helburua, berriz, argi dago: energia kontsumoa murriztea, eta hobekuntzak ekarriko dituen proiektu bat garatzea.

Fotovoltaikoa, lehenik

Goienerrek burutu ditu proiektuaren arlo teknikoa eta neurketak. «Lehen sektoreak asko irabaz dezake energia berriztagarriekin auto-hornituta. Edozein energia berriztagarri mota izan daiteke», dio Castañosek.

ENERGIA_SORTZEN_AURKEZPENA«Lehen sektoreak asko irabaz dezake edozein energia berriztagarriren bitartez»
«Urtean 10.000 kWh kontsumitzen duen ustiategian, 4 kWp-ko plakekin %33 aurrez liteke»
Jokin Castaños, Goiener

Modelizaziorako, energia fotovoltaikoa soilik hartu dute aplikagarri. Baina gehiago izan litezke. «Termikoa ere azter daiteke. Adibidez, esnetegiek ur bero asko erabiltzen dute ontziak eta tresnak garbitzen, eta biomasa edo eguzki-termikoa ere aprobetxa daiteke hor».

Aukerak, irudimena bezainbeste dira. «Teknikoki posible da gainera, baserriek eta ukuiluek kokapen ona izan ohi dute eguzkiarekiko».

Energia auditoretza egin da, eta energia-iturri berriztagarrien bitartez, eta baliabide propioak erabilita, energia burujabetzaren bidean pausoak ematea da orain proposamena. Diagnosiak erakutsi duenez, 4 kWp-ko autokontsumorako fotovoltaika instalazioa jarrita, %33ko autoabastezimendua lortzen du baserri-ustiategiak.

Kutsaduraren arloari dagokionez, urtean 2,2 tona karbono dioxido isurtzea eragotzi dute (242 zuhaitzen baliokide). Modelizazioan txertatu duten 10.000 kWh-ko urteko kontsumoak 5,2 tona jariatzen du.

Eredua zabaltzera orain

Diagnostiko hutsa ez dela argitu dute Energia sortzen egitasmoaren sustatzaileek. «Era horretako prozesu bat abiarazteak sektorean eta proiektuen dimentsio ekologikoan, sozialean eta politikoan duen inpaktua zenbatekoa den jakin eta baloratu nahi izan da». Horretarako, EHUko ikertzaile Mirene Begiristainen laguntza izan da.

Energia-iturri berriztagarriak ahalik gehien aprobetxatuta, zer datu ekonomiko geratzen diren kalkulatu dute. %33ko auto-hornikuntza lortzeko, aurrekontua 2.520 eta 7.200 euro artean legoke, eta amortizazio epea 7 eta 16 urte artean.

Eredua zabaldu egin nahi dute orain. Goienerrek aurreratu duenez, Tolomendi agentziak Aralarko txaboletarako ikerketa batekin interesa agertu du. Artzai Gazta elkartearekin ere hitzarmena egin berria da. «Kontzientzia badago. Lehen sektoreak egin behar du akuilu lana eta inbertsioa».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>