Urez hornitzeko, artea

ArriaranBeasaingo Arriarango urtegia 1994. urteko uztailaren 28an inauguratu zuten. Datorren hilabetean, beraz, 25 urte beteko ditu. Ormaiztegi, Segura, Idiazabal, Olaberria, Beasain, Ordizia, Lazkao, Itsasondo, Arama, Altzaga,  Gaintza eta Legorreta  herriak hornitzeko kapazidadea du, 2,3 miloi m3 baititu. Goierri beheak zuen ur arazoari irtenbidea eman zitzaion horrela, izan ere, hemeroteka kontsultatuta, garai hartan Diputazioak esan zuen «ur hornikuntzan punturik beltzena Goierrikoa» zela eta urtegi berriarekin «arazoa konponduta» zegoela.

Urtegia eraikitzerakoan erabilitako teknika Gipuzkoa mailan inoiz erabili gabekoa izan zen. Dirudienez, hormigoi trinkotuz eginiko grabitatzeko urtegia da. Horrek azkarrago eraikitzeko modua ematen du, baina lana etengabe eginda. 57 metroko altuera duen hormigoizko presa dauka, eta euri ura jasotzeaz gain,  inguruko bost erreketako urak ere biltzen ditu.

Urtegiari eusteko hormak Nestor Basterretxea eskulturgilearen artelanarekin batera egin ziren. Artelan hori, bi elementu asimetrikoz osatua dago eta 24 metroko altuera dauka. Egileak bere egunean esan zuenez, zerurantz irekitako bi onil (inbutu) dira.

Leku horretan, urtegi osoa zeharkatzen duen paseo eder bat ere badago, eta bista zoragarriekin goza daiteke urteko edozein sasoitan.

‘Eremuak’ proiektua

Arriarango urtegiaren berezitasun handienetako bat Basterretxeak diseinatutako bi eskultura erraldoietan dago.  Ez dira eskultura soilak, barruan hainbat gela dituzte eta oraintxe, Eremuak deituriko proiektuaren barruan, Barru, barren, barrene erakusketa ikus daiteke bertan. Antonio Menchen, Ion Arregi, Martin Ferran, Koenraad Van den Driessche eta Nestor Basterretxearen artelanak biltzen ditu.

Proiektua, praktika artistikoen testuingurua euskal esparruan inplementatzeko prestatutako espazioa da eta helburu nagusia artista eta sortzaileentzat plataforma bat eskaintzea eta errealitate artistikoko behatoki     gisa funtzionatzen duen lantokia prestatzea da. Hori horrela, eztabaidarako gunea sortzen laguntzea da artearen inguruko politika publikoak eta kulturaren arloko jarduera garaikideentzat garrantzia duten beste gai batzuk jorratzeko, hitzaldi eta mintegi bidez, besteak beste.

Erakusketaren osagarri bezala, beste hainbat ekintza antolatu dituzte. Uztailaren 4an, Menchenek, Arbeiter verlassen die Fabrik proiekzioan eta solasaldian parte hartuko du, Igartzan, 19:00etan. Uztailaren 6an berriz, Harriak entzuten behe kretazikoa geo ibilaldia antoatu dute Arriarango urtegian bertan, 09:30etik aurrera.

Azkenik, Barru, barren, barrene erakusketa, uztailaren 14ra arte egongo da aukera bisitatzeko. Ostiral, larunbat eta igandeetan dago zabalik 10:00etatik 13:30era.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>