«Berpiztu proiektuak auzoak biziberritu eta komunitatea indartzen du»

Berpiztu_Nerea_GalvanNerea Galvan (Legazpi, 1998) betidanik erakarri dute proiektu sozialek. Ane Cabello eta Ibon Alcon ikaskideekin batera, Zennit taldea sortu zuten halako proiektuak aurrera eramateko, eta bidea egiten ari dira.

Berpiztu proiektuarekin zabiltza buru-belarri. Zertan datza?
Auzo txiroak identifikatzen ditugu, eta berpiztu egiten ditugu bertako kirol eremuak, bereziki, saskibaloi kantxak, auzolanean biziberrituz. Ameriketako Estatu Batuetan hasi zen fenomenoa da, eta San Frantziskon izan gara proiektuaren nondik norakoak bertatik bertara ezagutzen.

Ikasitakoa non aplikatu duzue?
Gasteizko Caracas auzoan ibili gara lanean orain arte. Saskibaloi kantxak biziberritzeko garaian ukitu artistiko bat ematen diogu. Lan horretan Jonathan Garcia artista lokalak lagundu digu. Garciaren ideiak gorpuzten, berriz, auzoko haurrak, gazteak eta helduak ibili dira.

Helburuak bete dituzue?
Bai. Berpiztu proiektuak auzoari beste bizitasun bat ematen dio, komunitatea indartzen du eta artista lokalen lana hauspotzen du.

Auzo gehiagotara zabaltzeko asmorik baduzue?
Datorren ikasturtean Txinara eta Indiara hedatu nahi dugu proiektua, aukera ona dela ikusten dugulako. Era berean, Euskal Herriko beste hainbat herrietara ere heldu nahi dugu etorkizunean.

Gasteizko Caracas auzoko saskibaloi kantxaren itxura eraberritua.

Gasteizko Caracas auzoko saskibaloi kantxaren itxura eraberritua.

Berpiztu proiektuaren atzean Zennit taldea dago. Nortzuk zarete?
Zennit Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza Graduko (Leinn) ikasleek osatutako irabazi asmorik gabeko taldea da. Graduan proiektuak bideragarri egiten eta aurrera eramaten ikasten dugu, eta berpiztu proiektua teoria errealitatera zabaltzeko aukera ezin hobea da.

Ikasketekin zer moduz?
Oso gustura nabil. Gogorra ere bada, gradua oso praktikoa delako eta irakasleek jarritako helburuak betetzeko gogotik lan egin behar delako. Datorren ikasturtean hirugarren mailan egingo dut, eta gogotsu nago.

Etorkizunean non ikusten duzu zure burua?
Ez dut batere argi. Ikasketak amaitutakoan proiektuekin aurrera jarraitzen dute batzuk, eta besteek alboratu egiten dute eskarmentu handiagoko enpresetara jauzi egiteko. Leinn aukera asko dituen gradua da.

Proiektu sozialetan lanean jarraitu nahiko zenuke?
Lehen mailatik gabiltza taldekideak proiektu sozialekin lanean, eta oso gustura nago. Beste batzuek nahiago dituzte beste gaitasun batzuk garatu, esaterako, teknologiaren arlokoak, baina ni gehiago asetzen naute proiektu sozialek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>